Urte bateko gogoeta prozesuaren azken fasean sartu da EHZ Euskal Herria Zuzenean elkartea. Joan den astean egin zuten biltzar nagusia, Biarritzeko Atabal gelan, eta elkartearen helburu eta funtzioen egokitzapena onartu zuten. Orain, proiektu proposamenak aurkezteko tartea ireki dute; hala nahi duen orok aurkez dezake berea. Ekainaren 23an eginen dute biltzar nagusia, eta orduan zehaztuko dute heldu den urtetik aitzina landuko duten proiektu berriaren ardatza.
Urteetako gorabeheren ondotik, 2017ko edizioa bertan behera utzi beharrak bere etorkizunaz gogoetatzera eraman du EHZ. Aurten ez dute ohiko festibalik antolatuko, eta heldu den urterako zerbait berri sortzeko erronka hartu dute. Urteroko jaialdia atxiki nahiez, ondoko asteetan aurkeztuko dute ekain bukaeran eginen duten ekimena, baina ezker-eskuin hasiak dira agertzen EHZ Nomada iragartzen duten pankartak. Trantsizio urtea bezala aurkeztu zuten aurtengoa, EHZren proiektu berria "behar bezala" definitzeko denbora hartzeko gisan.
Hiru fasetan eraman dute EHZren gogoeta. Lehenean, orain artekoaren diagnostiko bat gauzatu dute, Ipar Euskal Herriak dituen erronkak azaleratuta. Bigarrenean, EHZ proiektuak izan behar dituen helburuak eta funtzioak birdefinitu dituzte. Eta, azken fasean, heldu den urteko proiektua zehazteari ekingo diote. "Pozik" agertu da Jon Irazabal EHZko bozeramailea, "jende multzo eder batek" parte hartu duelako eztabaidan. "Behar bat sentitzen zen. Jendea presente izan da, eta, hortik harago, atera den guziarekin, ohartzen gara garaia zela horrelako lan bat egiteko".
Integratzailea
SWOT metodoa erabiliz egin dute gogoeta EHZko kideek, gaur egun elkarteak eta proiektuak dituen indarguneak eta ahulguneak, eta aukerak eta mehatxuak definitzeko. Ideia anitz atera dira: besteak beste, helburuak eta balioak ez direla argi, egoera ekonomikoaren karga, musika taldeen eskaintzan eta gazteen ohituretan izan diren aldaketak… Halaber, laguntzailegoan eta elkarlanean oinarrituta urtero gazteen arteko harremana sustatu eta eskaintza kultural zabal bat eskaintzea baloratu dute parte hartzaileek.
Ipar Euskal Herriko gaur egungo egoera ikusita, EHZk erantzun beharreko lau erronka nagusi azaleratu dituzte orain arteko gogoetan: euskara eta euskal kulturaren zabaltzea, erdaldunentzat ate ireki bat izatea, alternatiba iraunkorrak eraiki eta gauzatzea, eta militante aktiboen arteko truke eta topaketa gune bat izatea.
Elementu horiekin, EHZren oinarriak finkatzen dituen hitzarmena eguneratu dute, xede taldea eta alternatiba konkretuak bultzatzea gehiago azpimarratuta. "EHZk segituko du barnealde eta kostalde artean zubiak eraikitzen eta elkarguneak sortzen, baina gogoetan parte hartu dutenek azpimarratu nahi izan dute euskaldunen eta erdaldunen artean zubiak eraikitzea", zehaztu du Irazabalek. Hau da, EHZk funtzio integratzailea izan behar duela, erdaldunak euskal mundura erakartzeko. "Bestalde, orain arte festibala bera izan da EHZk proposatzen zuen alternatiba nagusia; puntuala zen, eta bereziki festa eremuari lotua. Gogoetak ekarri duena da alternatibak eraikitzen segitu behar duela, urte guzian, festa eremutik harago ere, eta alternatiba horiek iraunkorrak izan behar direla".
Proiektu deialdia
Orain, azken fasea falta zaio EHZri. Helburuak eta funtzioak zehaztu ondotik, horiei erantzunen dien proiektu eta formatu egokia aurkitzea. Edonork egiten ahalko ditu proposamenak, baldin eta gutienez hiru pertsonaren arteko gogoetaren emaitzak baldin badira. "Helburua da herrietan, lagun artean biltzea gazteak; EHZri lotua den edonori dei egiten diogu proiektuak aurkez ditzan", nabarmendu du Irazabalek.
Galdera anitz dituzte erantzuteko: nork antolatuko duen, norekin, noiz eta zenbat denboraz, non eta zer tamainatan… Ekainaren 2rako lanegun bat antolatu dute Hazparnen (Lapurdi), EHZk duen egoitzan, hala nahi dutenen artean proiektuak idatzi eta denen artean koadro bat emateko. Ekainaren 23an eginen duten biltzar nagusian aurkeztuko dituzte proposamen guziak, eta ardatz orokorrak zehaztuko dituzte. Proiektu berria prest izan nahiko lukete heldu den ikasturte hasierarako.