Norberaren nortasuna aldatzeko bilgunea

Hilaren 26an hasiko da Bilboko 20. Zinegoak jaialdia. Besteak beste, identitate aldakorrak aldarrikatuko ditu aurtengo aldiak, eta uztailaren 3ra bitarte 50 jardueratik gora egingo dituzte

Zinegoak jaialdiaren antolatzaileak, atzo, Bilboko Arriaga antzokian. MITXI MIGUEL CALVO ALEJO / BERRIA.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2023ko ekainaren 21a
00:00
Entzun

Hogei urte bete ditu aurten Zinegoak LGTBIQ+ Zinema eta Arte Eszenikoen Bilboko Jaialdiak, eta urteurren biribila ospatzeko, aldaketa txikiz betetako egitaraua prestatu dute. Data izango da berrikuntza nagusietako bat: aurten, martxoan egin beharrean, ekainean egingo dute Zinegoak lehenengo aldiz. 50 jardueratik gora prestatu dituzte denera, eta, horietan guztietan, jaia eta aldarrikapena izango dira nagusi. Besteak beste, Bilborock, Golem zinemak eta Bilbo Arte izango dira egoitza nagusiak.

Bereziki, identitate aldakorretan jarri dute aurten arreta nagusia. «Generoa aldatzeko eta deskubritzeko lekua da Zinegoak», zehaztu du Alaitz Arenzana jaialdiko zuzendari artistikoak.

Orotara, hamasei film luze izango dira Sail Ofizialean. Aurreko aldietan bezala, hiru ataletan banatuta: Dok —dokumentalak—, Fik —fikzioa— eta Krak —narratiba berriak—. Askotariko gaiak jorratuko dituzte horietan, Arenzanaren arabera: «Besteak beste, esnatze sexuala, norbere buruaren autoezagutza, gure gorputzekiko gozamena, memorien artxiboa, zapalkuntzaren egitura hegemonikoak ezabatzeko borroka eta beste mundu batzuk erakusteko eta pentsatzeko ilusioa jorratuko dira». Filmak ikusi ondoren, gainera, hainbat solasaldi egingo dituzte zinemagileekin zein protagonistekin. Besteak beste, Brasilgo, Kanadako, Libanoko, Suitzako, Portugalgo eta Argentinako pelikulak emango dituzte.

Film luzeez gainera, film laburrak ere erakutsiko dituzte: guztira, nazioarteko 25 ekoizpen egongo dira ikusgai. Haurtzaroari eta nerabezaroari eta emakumeek zuzendutako lanei eskainitako zikloez gain, bi berri izango dituzte: Lotura Primarioak eta TBIQ+. «Gure gurasoekin eta tutoreekin ditugun lotura primarioei buruzko istorioak aurkituko ditugu Lotura Primarioak atalean, gure garapen emozionalean funtsezko espazioa diren horiek; eta LGTBIQ+ kolektiboan horren ikusgarriak ez diren errealitateen istorioen lagina erakutsiko da TBIQ+ zikloan». Euskal Herrian ekoitzitako lanak Erroak izeneko atalean erakutsiko dituzte.

Sail ofizialeko film guztiak lehiatuko dira Zinegoak Sari Nagusia eskuratzeko, baina beste hainbat sari ere banatuko dituzte. Besteak beste, publikoaren saria, giza eskubide eta aniztasunarena, lesbianismoarena, eta gazte eta senior epaimahaiarena.

Aurtengo Ohorezko Saria Angeles Cruz zinemagile, gidoilari eta aktore mexikarrak jasoko du. Mexikoko zinemagintzaren erreferente da; bereziki, Oaxaka estatukoa. «Balio zinematografiko ukaezina dauka, diskurtso konprometituaren zerbitzukoa betiere», adierazi du Arenzanak. Zinemagileak sarri irudikatu ditu landa eremuko eta komunitate indigenetako errealitateak; baita emakumeen kontrako indarkeria, haurren abusua, matxismoa, bazterkeria, pobrezia eta sexu aniztasuna ere. Haren ibilbide osoari egingo zaio aitortza.

Jarduera osagarriak

Berez, jaialdia datorren astelehenean hasiko da, Bilboko Arriaga antzokian. Nerea Arriolak eta Aitziber Garmendiak gidatuko dute inagurazio ekitaldia, eta Euskoprincess eta Kiki House of Anunnaki taldeen emanaldiak egongo dira. Ostiraletik igandera bitarte, ordea, hainbat ikus-entzunezko ikusteko aukera egongo da Guggenheim museoan, 3, 2, 1... Zinegoak! izeneko aurrejaialdian. Nina Menkes zinemagilearen Brainwashed Sex-camera Power dokumentala proiektatuko dute ostiralean; askotariko jardueraz beteriko egun osorako programazioa prestatu dute larunbaterako; eta, igandean, berriz, Cruzek eta Irantzu Varelak solasaldia egingo dute Bilborocken.

Proiekzioez gainera, hainbat jarduera osagarri antolatu dituzte jaialdiaren barruan. Tartean, antzerki saioak, aurkezpenak eta kontzertuak. Ekainaren 28a, baina, egun berezia izango da: LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna denez, Zinegoak jaialdiak ez du jarduerarik programatuko. «E28 Koordinakundearen mobilizazioekin bat egingo dugu», adierazi du Julen Nafarrate Zinegoak jaialdiko komunikazio arduradunak.

Horrez gain, jaialdiaren bitartez, bultzada bat eman nahi diote ZG PRO topaketa profesionalari. Estetika ez-binarioari buruzko mahai inguru bat egingo dute, gorputzeko praktikei eta irudikapenei buruzko eskola magistralak antolatu dituzte, eta, besteak beste, zenbait proiektu aurkeztuko dituzte.

Uztailaren 3an izango da jaialdiaren itxiera ekitaldia, Bilborock aretoan, eta bertan banatuko dituzte sariak. Hala ere, hortik aurrera, ikusgai egongo dira Sail Ofizialeko zenbait pelikula Filmin plataforman. Aurreko aldietan egin legez, Lekeitio (Bizkaia) izango da Zinegoak-en bigarren egoitza ofiziala jaialdiak irauten duen egunetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.