Nork berea zalantzan jarriz. Maialen Lujanbio. Judith Montero. Xabier Erkizia. Bertsolaria. Musikaria. Musikaria

2010eko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Ornitorrinkus taldeko kide bakoitzak bere ohiko esparrutik aldentzeko ahalegina egin du, bere esparruko nortasuna zalantzan jarriz, ondoren zerbait berria sortzeko. Hona hemen bakoitzak bizi izan duen deusezte-sortze prozesua.

Maialen Lujanbio

Bertsolaria

Bertsoen egitura eta bertsoen performance-a bera dekonstruitu, plazan gertatzen dena eta publikoarekin duten harremana analizatu, eta bertsoen hainbat elementu erreminta espresibo bezala erabili ditu Maialen Lujanbiok; esaterako, metrika, errima eta isiltasuna... «Bertsoaren barne elementu intrintseko horiek elementu espresibo bezala erabili ditut. Hori eman dit terreno ezeroso horretara joateak. Bilaketa edo dekonstrukzio horretan, hainbat egitura murriztu ditut, bertsotik hitzera, hitzetik silabara, silabatik fonemara, eta fonematik arnasara. Eta horiek denak erabili hots eta mezu bezala». Prozesua «deserosotzat» jotzen du Lujanbiok, baina interesgarria zaio, «ez bakarrik analisi bezala, baita formazko emaitzetan eta edukietan ere». Adibide izan liteke Errima izeneko piezaren azken partea: «Bake eta kate, bihotz eta hilotz, hustu eta puztu bakar... eta abar. Nolatan errimatzen dute antonimoek?».

Judith Montero

Musikaria

«Musika interpretatzailea nintzen… tira, naiz», dio Monterok, Ornitorrinkusek eman ahal izan dionak lagunduriko lapsus linguistikoarekin: «Besteen partiturak jotzen ohitua nengoen, eta zerbait sortu dut oraingoan. Nire bilaketa izan da musika garaikidean erabiltzen diren teknika abangoardista horiek aztertu eta esanahiarekin lotzea, askotan musikan egiten ez den ariketa da hori. Hitzek edo hotsek esaten zutena topatzea nire soinu katalogoan, eta horrekin mundu sonoro berri bat sortzea. Maialenek esaten zuenari eragin edo lagundu. Musikak duen funtzioa zalantzan jartzea izan da beste asmoetako bat». Ahots izan nahi duen saxoaz ari den Izateko baimen eske pieza da prozesu horren adibide argiena.

Xabier Erkizia

Musikaria

Ariketa «erradikalagoak» egitera ohitua dago Erkizia. Erradikaltasun horrek bere «tranpak» ere baditu, ordea: «Ariketa egin behar izan dut, nik proposatuko nukeena alboratzeko. Batzuetan interesgarriagoa da isilik egotea. Izan liteke isiltasun konplize bat, edo autozentsurako isiltasun bat... Ez jotzearen ariketa gogorra da. Edozein musikarirentzat gogorra da isilik egotea agertokian, baina oso irakaspen ederra da. Musikan isiltasuna pieza izugarri garrantzitsua baita. Isiltasuna modu anitzetan erabil liteke». Esperimentazioari berari buruzko gogoeta ere ahotan du Erkiziak. Esperimentazioa bera zalantzan jarri behar dela uste du: «Bestesailkapenetan sartzen ez den musika hori izendatzeko erabiltzen da musika esperimentala, baina azkenean beste etiketa bat gehiago bihurtzen da. Musika esperimental gehiena ez da esperimentala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.