Marika de playa obra eskainiko du bihar Glu-Glu konpainiak, Donostiako Kursaalean. Estreinatu zenetik Donostiara iritsi arte urte eta erdi igaro da, eta konpainiako kideek hori arrazoitzeko joan den astelehenean emandako azalpenek piztu dute polemika. «Tituluagatik ez zigula obra programatuko esan zigun Donostiako programatzaileak, argi eta garbi». Adierazpen horiei erantzun zien atzo Norka Chiapusok, No me hagas daño antzezlana aurkezteko agerraldia amaitu ostean. Polemikarik ez dagoela adierazi zuen, baina serio mintzatu zen Donostia Kulturako antzerki arduraduna: «Ez du denak balio sarrera batzuk saltzeko».
Donostia Kulturak ez dituela urtean ekoitzitako antzezlan guztiak programatzen eta «agerikoak diren arrazoiengatik» aukeraketa bat egin behar duela zehaztu zuen. «Hori ez da polemika, gure ardura betetzea baizik». Aurtengo programazioa «artistikoki Marika de playa baino interesgarriagoak» jo dituzten beste hainbat lanekin osatu dutela gehitu zuen.
Transgresioa eta gustu ona
Marika de playa-ri Donostian betoa jarri diotela salatu zuten Glu-Glu konpainiako kideek. «Baina etorri nahi genuenez, Kursaaleko areto txikia alokatu dugu». Obra estreinatu aurretik homosexualen eskubideen aldeko kolektibo bati erakutsi ziotela eta erantzuna baikorra izan zela azaldu zuten. Antzezlanei beti titulu deigarriak jartzen dizkietela baina ez dutela inor mindu nahi zehaztu zuten. Eta ez dela Donostian halakorik gertatu zaien lehen aldia salatu zuten. «Salir del armario izeneko lanarekin gauza bera gertatu zitzaigun duela hainbat urte. Ez dakigu zer gertatzen den».
Glu-Glu konpainiaren adierazpenei erantzuna emateko azalpen laburra egin zuen Chiapusok: «Niri ez zait ikuskizunaren titulua gustatzen, eta ez dut uste fribolizatzeko moduko gai bat denik. Transgresoreak diren programazio asko izan ditugu urteotan, baina ez dira transgresioa eta gustu ona nahasi behar».
Norka Chiapuso: «Denak ez du balio sarrera batzuk saltzeko»
'Marika de playa' obrari betoa jarri izana ukatu du Donostia Kulturak, eta aukeraketa bat egin behar dutela azaldu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu