Zinema

Norman Lloyd aktore estatubatuarra hil da, 106 urterekin

Wellesekin hasi zen teatroan, eta Chaplin, Hitchcock eta Renoiren filmetan aritu zen lanean, besteak beste. Telesail ugari zuzendu eta ekoitzi zituen.

Lloyd, 2015ean, Los Angelesen egindako ekitaldi batean. KEVORK DJANSEZIAN / REUTERS
Andoni Imaz
2021eko maiatzaren 12a
13:30
Entzun

Norman Lloyd aktore, ekoizle eta zuzendari estatubatuarra hil zen atzo, Los Angelesen. New Jerseyn jaio zen, 1914an. 90 urte baino gehiagoko ibilbide artistikoa zuen, eta bigarren mailako aktore gisa egindako lanengatik da ezaguna, batez ere. Hollywoodeko aktorerik zaharrenenetako bat zen: 106 urte zituen.

Oso gazte zela hasi zen agertokien gainean antzezten, gauez, klubetan. Antzerki ikasketak egin zituen New Yorken, eta Orson Wellesekin hasi zen lanean han, Mercury Theatre konpainia ospetsuan, 1937. urtean. Wellesek zuzendutako Caesar lanean egin zuen lana goraipatu izan dute; Shakespeareren Julius Caesar moldatu, eta Mussoliniren diktadura garaiko Italian kokatu zuten.

Hamarkada haren amaieran, Welles eta Mercuryko beste zenbait kide Los Angelesera joan ziren, Hollywooden filmak egiten hasteko. Lloyd ere gonbidatu zuten hara. Aurrekontu txikiko filmak egiten nabarmendu zen RKO ekoiztetxearekin proiektu bat hasi zuen Wellesek, baina bertan behera geratu zen, eta Lloyd New Yorkera itzuli zen. «Han geratu zirenek Citizen Kane egin zuten», idatzi zuen gerora. «Beti damutu izan naiz».

Dena dela, Lloydek Alfred Hitchcock zuzendariaren Saboteur filmean (1942) lan egitea lortu zuen handik gutxira. Filmeko bilauaren rola jokatu zuen; filmeko sekuentziarik ezagunenetako batean, Askatasunaren estatutatik erortzen da pertsonaia. «Oso aktore ona da», esan zion Hitchcockek François Truffauti Lloyden lanaz hizketan, Le cinéma selon Hitchcock elkarrizketa liburuan (1966).

Hitchcockekin lan egin zuen berriz gerora, Spellbound (1945) filmean, eta beste zenbait zuzendari ospetsurekin ere aritu zen: besteak beste, Charles Chaplin (Limelight, 1952), Jean Renoir (The Southerner, 1945), Martin Scorsese (The Age of Innocence, 1993) eta Peter Weirekin (Dead Poets Society, 1989).

Telebistan ere egin zuen lan. Batetik, aktore aritu zen. NBC kateko Hospital telesail ezagunaren protagonista izan zen. Telesail horrek 130 atal baino gehiago izan zituen. Bestetik, zuzendari eta ekoizlea ere izan zen. Besteak beste, Hitchcocken suspensezko sailetako saio batzuk zuzendu zituen. Azken aktore lana 2015ean egin zuen; rol txiki bat izan zuen Judd Apatowk zuzendutako Trainwreck komedian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.