«Prêt-à-porter nortasunen garai honetan Mendizabalek justu kontrakoa lantzen du», Manuel Borja Villel Madrilgo Reina Sofia museoko zuzendariaren ustez. Izan ere, ideologiaren, nortasunaren eta formaren arteko harremanari buruzko hausnarketa landu du Asier Mendizabalek (Ordizia, 1973) Reina Sofia museoan izenbururik gabeko erakusketa aurkezteko. Artista gipuzkoarraren azken hamabi lanak ikusgai izango dira han otsailaren 9tik maiatzaren 2ra.
Eskulturek, collageek, argazkiek eta bere testuen offset inprimakiek osatzen dute erakusketa. Hard Edge (Ertz gogorra) eta Soft Focus (Fokatze leuna) lanak, esaterako, Reina Sofia museoko erakusketarako berariaz sortu ditu. Bestalde, Otxarkoaga argazki piezak edota Memorial eskulturak artearen eraginkortasun politikoaren eztabaidan eskulturak duen espazio sinbolikoa lantzen dute. Halaber, Figures and Prefigurations edota Auñamendi lanek testuinguru ideologiko ezberdinetatik etorri izanagatik antzeko emaitza formaletara iritsi diren hainbat artistaren argazki muntaketak irudikatzen dituzte.
Dialektikaren jolasa
«Abstrakzioaren arazoetan eta proiektu gisa ulertutako modernotasunean zentratzen da nire lana. Formarekin eta artearen historiarekin lotura duten erreferentzia asko aurki daitezke bertan», dio Mendizabalek.
«Modernotasuna jada ez da etorkizunerako proiektua, gure tradizio bihurtu da. Eta arazo hori ere lantzen du erakusketak», Villelek azaldu duenez. Oro har, nortasunaren, ideologiaren eta formaren arteko balantza islatzen dute Mendizabalen lanek. Elementu poetikoaren eta historiaren arteko dialektika. «Jorge Oteizaren edota Agustin Ibarrolaren obrak gogorarazten dituzte batzuetan Mendizabalen lanek».
Joan den hamarkadan erakusketa kolektibo garrantzitsuetan aurkeztu izan ditu Mendizabalek bere lanak: Cine y Casi Cine Reina Sofia museoan, 2003an; Después de la noticia Bartzelonako CCCBn, 2003an, eta Manifiesta 5 Donostian, 2004an. Bakarkako lehen erakusketa Bartzelonako MACBAn egin zuen, 2008an. Iaz, arte plastikoaren Ojo Critico saria jaso zuen.
Nortasunaren eta formaren arteko balantza, Asier Mendizabalen neurrira
Izenbururik gabeko erakusketa aurkeztuko du artista gipuzkoarrak Madrilgo Reina Sofia museoan otsailaren 9an
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu