Txelo eta gitarra ikasketak egin zituen, baina abeslari izan zen batez ere Sara Gonzalez. Abeslari baino gehiago ere bilakatu zuen kantuak, ordea. Kubako musikako mugimendu nagusietako baten ahots bilakatu zen. Nueva Trova izeneko musika mugimenduaren sortzaile eta bultzatzaile ezagunenetariko bat izan zen Gonzalez, Silvio Rodriguez , Pablo Milanes eta Noel Nicola musikariekin batera. Baziren hilabete batzuk koloneko operazio bat egin ziotela, eta herenegun arratsaldean hil zen, 60 urte zituela.
Habanan jaio zen, han hazi, bere azken emanaldia ere han eskaini eta, azkenean, Habanan hil da. Berak aberritzat zuen hiriburuan. Los Dimos izeneko musika taldean egin zituen bere lehen urratsak, baina Silvio Rodriguez, Pablo Milanes eta beste zenbait musikarirekin batera sortu zuen Nueva Trova kantagintza, eta kultura mugimenduaren parte izateagatik bilakatu zen ezagun. Horrek eraman zuen mundu osoko antzokietan jotzera.
1972an heldu zen Kubako Zinema Institutuko Grupo de Experimentacion Sonora (GES) izeneko taldera, eta arrastoa utzi zion esperientzia hark, Gonzalezek berak azaldutakoaren arabera. Talde hura izan zen geroko mugimenduaren hazia. «1978an taldea desegin zenean, gogorra izan zen, eta saiatu ginen elkarrekin jarraitzen, baina ezberdina zen. Bakoitzak bere esperientzia izan zuen. Silvio, Pablo, Sergio... joan ginen leku guztietara eraman genuen GES haren aztarna. Dena kutsatzera atera ginen». Izan ere, nabarmena zen iraultzaren oihartzuna taldearen abestietan.
Kubako kantagintzaren sustatzaile sutsua izan zen beti, eta musikari ez profesionalentzako akademia bat sortu zuen 80ko hamarkadan. Jose Marti poeta kubatarraren testuak musikatuz osatu zuen bere lehen diskoa, Versos Sencillos izenekoa (Bertso arruntak), eta beste hainbat lan ere kaleratu zituen bakarka eta beste musikari batzuek lagunduta. Cuatro cosas (Lau gauza),Si yo fuera mayo (Maiatza banintz) eta Mírame (Begira nazazu), besteak beste. •
Hilberria. Sara Gonzalez
Nueva Trovaren ahotsa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu