ZINEMA. ESTREINALDIAK

'Off'-eko bortizkeria

Gontzal Agote.
2010eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Zuzendaria: Lee Chang-dong. Aktoreak: Yun Junghee, Lee David, Kim Hira, An Naesang. Herrialdea: Hego Korea. Iraupena: 139 minutu.

Gontzal Agote

Biolentzia eta poesia uztartzeko ahalegina oso aspaldikoa da; ia zinemagintzaren hastapenetan sortu zen. Eta lehen begiratuan Lee Chang-dongen azken lana multzo horretan sartzen ahal da, baina Shi-k dituen hainbat berezitasunek diferente egiten dute gehienetatik.

Batetik, hemen poesia ez da baliabide estetiko edo narratibo hutsa, istorioaren osagai ezinbestekoa baizik. Mija protagonistak poesia deskubrituko du, eta horrekin, mundu berri bat, errealitate itsusitik ihes egiten lagunduko dion ate bat. Bestetik, biolentzia oso presente dago istorio osoan, eta halere ez dugu horren irudi bakar bat beharko bere arnasa sentitzeko. Oso azkarra izan da zuzendaria hori ezkutatzen, den baino ikusten ez den hori off-ean uzteko.

Horiek horrela, Shi nahiko film sailkaezina da. Nolabait, Chang-dongen aurreko filmarekin -hau baino kaskarragoa zen Milyang-ekin- osagarri izaten ahal da lan berria. Hartan, protagonista gizartean dagoen biolentzia kolpearen jasotzailea zen, eta ulertzen ez duen egoera batean erredentzio moduko baten bila abiatuko da. Shi-n, aldiz, ezinbesteko laguntzaile bihurtuko da Mija, eta ezikusiarena egin eta mundu propioan ezkutatzen saiatuko da.

Itxurazko normaltasun batean bizi den gizarte bortitz baten erretratua da filma; normal samar hartzen dira hainbat gertaera, diruak dena konpontzen ahal duelakoan. Gertatu bezain pronto iraganeko kontu baten gisara agertuko da heriotza; bizitzak aurrera segitu behar du. Horrekin batera, gizartearen beste gaixotasun larri bat ekarri nahi izan du zuzendariak: tirano bihurtu den gazte belaunaldi apatikoa.

Thriller-aren eta gizartearen alde ilunenaren uztarketa horretatik azken urteotan zinema berritzen ari den azpigenero lauso baten aztarnak aurkituko ditugu; diferenteak izanik, mende honetako bi lanekin lotzen ahal da Shi. Beste zuzendari korear batek bikainki jorratu zuen antzeko bidea Salinui chueok-en (Bong Joon-ho, 2003). Beste koordenatu batzuetan, Gone baby gone (Ben Affleck, 2007) eder eta gordina dago.

Hego Koreako 1990eko hamarkadan, zinemagintzaren olatua iraganeko ura da. Uzta horrek utzi zituenetik berriro ere Chang-dongek zuzendaririk interesgarriena dela erakutsi du. Pena da horren patxada handiaz - bost pelikula hamalau urtetan- filmatzeko ohitura izatea. Egungo biolentzia sozialak poema gehiago mereziko lituzke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.