Agusti Villarongaren lanak ilunak izaten dira. Erietxe batean gertatzen den El Mar eta duela zortzi urte Donostiako Zinemaldian aurkeztu zen Aro Tolbukhin. En la mente del asesino pelikula berezi eta erakargarriak horren adibide. Aurten ekarri duen Pa negre ere beltza da, guda zibileko galtzaileek jaten zuten ogiaren modukoa. Ezinegon uhin batek harrapatuta, pelikulak iltzaturik mantentzen zaitu eserlekuan. Ez dakit oraindik zergatik. Ez diot buelta askorik eman. Hurrengo orrialdeetan lankideak dioena irakurri zain nago. Argi dudan gauza bakarra, gustua ematen duela aktoreek katalanez eginiko antzezpenari darion naturaltasuna.
Villarongaren filma ikustetik atera eta ezagun batekin topo egin dut kalean.
-Gaur gaueko festara zoaz?
-Festa? Zein festa?
-Bai, Coixet-en festa ... gente guapa-z betea egongo da.
«Genteguapatuputamadre» pentsatu dut. Gorroto dut esamolde hori. Esamoldea bera eta, okerragoa dena, inongo lotsarik gabe hitz biak elkarrekin erabiltzen dituen jendea. Intolerantzia eta aurreiritzirako joera dugunok zerrendak egiteko ohitura izaten dugu. Nire zerrenda horietako bat gente guapa esamoldea erabiltzen dutenen eta ez dutenen artean banatzen dut. Bi hitzok jende ederraz mintzatzeko erabiliko balira, ulergarria litzateke. Edertasuna jendearengan edo objektuetan edo edozein gauzatan atsegina delako beti. Gente guapa esamoldeak, ordea, ez du zerikusirik edertasunarekin. Klasismoari oso lotuta dagoen kontzeptu bat da. Azken urteotan komunikabideek saltzen duten arrakasta sozial baten modeloa izendatzen du. Eta komertzialki erabiltzen den marka batere bada (Ibiza: zatozgente guapa-ren uhartera). Geure burua bereizteko beharra sentitzen dugu eta arrakasta dutenekin nahastea gustatzen zaigu. Gente guapa delakoa klase sozial berria da. Dirua, boterea, baina batez ere, egungo gizarte modeloaren arabera arrakasta soziala dutenek osatzen dute. Horien artean, txiringito batean 700 euroko botila gainean husten duen edozein sasikume.
Zinemaz idazteko eskatu zidaten BERRIAkoek, eta nire zerrenda eta obsesioekin marmarka nabil egunero. Zinemazaleontzat barkamenak. Gente guapa esamoldea erabiltzen duzuenontzat... ogi beltza.
DONOSTIAKO 58. ZINEMALDIA. Plano subjektiboa
Ogi beltza eta 'gente guapa'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu