Plazara noa, plazatik nator. Ramon Barea. Bilbo (Bizkaia) 2013-08-16

Oholtzako artisaua

Bizitza eman du oholtzan Ramon Bareak, eta, hark dioenez, etxean sentitzen da orain, eraikitzen lagundu duen Pabiloi 6 aretoan.

Emanaldiaren aurreko azken prestaketa lanak. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2013ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Bi ordu falta dira emanaldia hasteko, baina Bilboko Pabilioi 6 aretoan dago jadanik Ramon Barea (Bilbo, 1949). Saioa du gauean. Gaurkoan bera da aktore eta gidoigilea, baina idazle eta zinema zuzendari gisa ere aritua da hainbatetan. Itzal luzekoa da haren izena. Zulagailu elektriko bat du eskuetan orain. Haren saioaren ostean, gune berean egingo duten kabaret emanaldirako aulki batekin dabil. Ahaztua zuen elkarrizketa. «Antzoki ofizial batean zaudenean, bereizita egoten dira gremioak. Aktorea heltzean, agurtu egiten dute, eta prest izaten du beti aldagela. Izar sentipenhandia ematen du horrek. Ni, ordea, furgonetak kargatuz eta deskargatuz aritu naiz antzerkian beti. Ulertzen dut antzoki ofizialetan halakoak egotea, eta ongi dago hori, baina ni zulagailuarekin egoten naiz eroso». Oihalari torlojuak ere ezagutzen dizkio hemen. Aurrekoan estreinatu zuten pieza, eta lasai dago gaur. Zulagailuarekin. Plazara atera aurretik, plaza eraikitzen.

Etxean dago, eta horregatik dabil etxean bezala Barea, Zorrozaurre auzoko antzokian. 2011n ireki zituen ateak lehenengoz Pabiloi 6 guneak, eta hasieratik izan da aktorea haren bultzatzaile. Antzerki munduko jende talde batek sortu eta kudeatu du geroztik, eta denetan aritu behar izaten dute denek. Horregatik, zulagailuarena. «Badu ukitu erromantiko bat honek», aitortzen du Bareak. «Hau industrialde bat zen lehen, antzerkia maite dugun jende talde batek jarri dugu martxan, eta jendea etorri egiten da orain. Antzoki ofizialetan zaudenean, ikusgarria da eserlekuak beteta ikustea, baina han logikoa dirudi horrek. Bizitza osoa daramate batzuek martxan, eta erakundeen babesa dute. Neurri batean, zu zara han arrotza. Pabiloia neureago sentitzen dut».

Hoy última función (Gaur, azken funtzioa) antzezlanarekin dabil orain. Abuztuaren 15ean egin zuten lehen saioa, eta egunero eman dute geroztik. Egunero, gaur arte. 18 emanaldi, guztira; guztiak jarraian. Asteburuetan emango dute orain, urrira bitartean. Baina ez da, ordea, Bareak pieza hau egiten duen lehen aldia. Orain 21 urte idatzi eta jokatu zuen aurrenekoz, eta berriz ematea erabaki dute orain. Lehen bezala. Orduan izandako lankide berarekin. Itziar Lazkanorekin. Orduko testuarekin. Eta orduko istorio berarekin. Bizitza antzerkiari eskaini dion aktore bikote zahar bat da emanaldiko protagonista. Bere azken emanaldia eskaini ostean, oihalaren atzealdean jolasean dabiltza, bisita alegiazko piloa jaso dutela antzezten. Publikorik gabe. Beren buruarentzat. Niceforo eta Semiramis deitzen dira pertsonaiak, eta Shakespeare, Godot jauna, Stanislavski, Ionesco eta beste askoren zorion eta txaloak jasotzeko ameskeriatan dabiltza. Lehengo emanaldi bera da. Orain 21 urteko jolas bera, baina 2013an.

Errepikapenaren alde

Ezer aldatu ez den arren, dena aldatu dela dio Bareak, halere. Une batez. «Itziarrek [Lazkanok] eta biok estreinatu genuen lan hau orain 21 urte, eta Itziar haurdun zegoelako utzi behar izan genion saioa eskaintzeari. Tripa hazten hasia zuela ere egin zituen saio batzuk. Bizkarroker moduko bat jartzen zuen berak, zahar itxurak egiteko, eta ni goitik behera makillatzen ninduten. Orain, ez dut inolako makillajerik behar! Eta bat-batean, ohartzen zara urte asko pasatu, eta gauza asko aldatu direla. Berdina izanik ere, hamaika ñabardura aldatu dira garai bateko antzezlanetik egungora. Eta pieza bera den arren, guk igarri egiten dugu alde hori».

Topikora jotzen du gero. «Errepikaezina da saio bakoitza». Baina, hain zuzen ere, horregatik mintzo da errepikapenaren alde. «Euskal Herrian ez dago Euskadiko Antzerki Konpainia Nazionalik, ez eta jarraian lan egiteko aukera eskaintzen duen Udal Antzerki Konpainiarik ere. Ez dago hamabost egunez jarraian lan egiten duen jenderik. Bi edo hiru egunez jokatzen dira lanak hemen, eta desagertu egiten dira gero. Saltoka bezala. Bestela ere aritzeko zortea izan dut nik, ordea, eta halakoetan konturatu naiz saltoka aritze horrek dakarren arazoaz. Jokatu ahala, hazi egiten da antzezlana, mamituz joaten da pieza. Jarraikako hogeigarren emanaldian ohartu zaitezke, baietz, pertsonaia orduan duzula benetan kontrolpean».

Bere kasa ikasi du ofizioa Bareak. Aktoreei begira. Antzerkia irentsiz. Pixkanaka oihalei torlojuak igarriz. «Nahiago nuke maisuak izan banitu. Baina, bestalde, iruditzen zait errealagoa izan dela nire ikasketa prozesua. Presa gutxiagokoa. Gaur egun, badago jendea uste duena aktore izaten ikastea, ordenagailu programa bat erabiltzen ikastea bezalakoa dela. Kurtso bat eginda, nahikoa. Galdera hori egina didate antzerki eskoletan: 'Zenbat denbora behar da aktore izateko?'. Nik bizitza osoa daramat horretan, eta oraindik ere ikasten ari naiz. Eskola batean egon edo ez, nik uste dut aktore izateko dena aktore izango dela. Ez dakit zoramen ukitu bat ote den, patologia moduren bat. Eskoletan teknika erakusten dute, noski, baina uste dut zeure burua neurtzeko lekuak direla. Aktore izateko aukerarik baduzun edo ez jakiteko leku bat».

Darabilen metodoaz mintzo da orain, saioa hasteko ordu eta erdi inguru falta dela. «Bitxia da. Pentsatzen dugu burua dela pentsatzen duena. Hura dela dena memorizatzen duena, baina ez da hala. Niri hirugarren eszenan zer esaten dudan galdetuz gero, ez nuke jakingo zer den. Baina gero atera egiten da. Gorputza da pentsatzen duena. Eta gorputzak pentsatzen du mugimenduekin, arnasketekin, bulkadekin, emozioekin... Eta horrek eramaten zaitu testura». Aholku hori eman zioten aktore zaharragoek garai batean, eta errepikatu egiten du berak orain. Lehen esaldian kontzentratu behar da, eta haren ondoren dena ateratzen da jarraian. «Badago eramaten zaituen memoria korporal bat».

Aulki zaharrak eta berriak

Memoria ariketa bat da gaur jokatuko duen saioa ere. Eta iraganaz mintzo da Barea. «Orain, badirudi areto alternatiboena kontu berria dela, baina Bilbon bazen oso leku txiki bat 1960ko hamarkadan. Antzerki munduko hainbat idazle eta aktorek eramaten zuten, eta Diputazioko azken solairuan zegoen. Nik han ikusi nituen, lehenengoz, Beckett eta Ionesco. 40 pertsona sartzen ziren leku hartan, eta gogoan dut tomate saltsaren potoak birziklatuz egiten zituztela fokuak. Ikaragarria zen. Gogoan dut erabat txundituri gelditu nintzela Ionescoren Aulkiak antzezlana ikustean. Eta aktore mehar eta arraro bat ere ikusi nuela. Marivi Bilbao zen».

Eta Diputazioko areto txiki hartan sentitutako lilura hori da orain Pabiloi 6ra eraman duena. Izan ere, argia da Hoy, última función piezak Ionescoren Aulkiak antzezlanarekin duen antza. Ionescoren piezan bezala, aulkiak dira Barearen lanean ere elementu nagusia. Hor eseriko dituzte Niceforo eta Semiramis pertsonaiek beren azken emanaldia txalotzera etorritako lagun alegiazkoak. Eserleku zabal batean, begiak galdutako Edipo. Aulki eroso batean, Godot jauna. Zurrunagoan, Stanislavski. Zuzena da, beraz, Diputazioko antzokian ikusitako lanari egindako erreferentzia. Baina bada beste detaile bat ere: Marivi Bilbaoren argazki bat jarri du Bareak antzezlanean jokatzen duen pertsonaiaren jantzigelako dekorazioa osatzeko. Diputazioan Aulkiak jokatzen ari den Marivi Bilbaoren irudi bat, zehazki.

Ez da soilik antzezlana, ordea, antzokia ere bada memoria ariketa horren parte. Lerro zuzena marrazten du Bareak, behintzat, Diputazioko areto haren eta Zorrozaurrekoaren artean. Gune propio bat behar zuen teatroko jendeak lehen, eta gune propio bat behar du orain. Eta kale egindako saioak hartu ditu gogoan orain. Bilboko La Ronda kalekoa, adibidez. «Mojek bazeukaten antzoki txiki bat han. Oso leku txikia zen. Comicos de la Legua konpainiarekin genbiltzan orduan, eta mojekin hitz egin genuen leku hura har genezakeen galdetzeko. Haiek konpondu egin beharko genuela, eta gu ados. Horretan gelditu ginen. Baina, martxoaren 8an, Bertolt Brechten pieza txiki bat jokatu nahi genuen han, La infanticida Maria Farrar izenekoa. Kartelak ere jarri genituen. Baina abortuaren aldeko aldarrikapen bat zen lan hura, neurri batean, eta hor arazoa. Giltzak hartzera joan ginenean, mojek ezetz esan ziguten. Guraso elkarte baten kexak jaso zituztela, eta han ezin zela halako antzezlanik eman. Eta hala galdu genuen leku hura. Oso leku ederra zen».

Aukera galdu gehiago ere baditu gogoan aktoreak. Baina Pabiloi 6n dago orain. «Bilbon beti igarri da areto baten falta. La Fundicion hor dago, eta heroikoa da dantza garaikidearekin egiten duten lana. Baina antzerki konpainia batek edo jende talde batek bere lanak erakutsi ahal izateko gune bat falta zen. Eta Bartzelonako Lliure-ren pareko zerbait falta da oraindik. Hemen ez dago halako ezer, eta oso beharrezkoa da. Lan egin ahal izateko leku bat behar da». Leku finko bat. Eta bide horretan doa Zorrozaurreko pabiloia, Bareak dioenez. Baina oraindik ere erakundeen bultzada falta dela dio. Urteak daramatza eskari horrekin, baina ez da askorik aldatu giroa. «Urteak dira erakundeek askorik egiten ez dutela. Eta kontua ez da haiek dena ordaintzea, eta aktore talde ikaragarri bat soldatapean edukitzea. Kontua da urtean behin produkzio bat sortzea, adibidez. Denbora daramagu horrekin , eta asko kostatzen ari da». Hain zuzen ere, neke horri eskaini zion Nos sentamos a hablar (Hitz egiteko eseri gara) dokumentala. Euskal Herriko arte eszenikoen egoerari.

Aktore sentitzea

Dokumentalgile, zinemagile, antzerkigile, idazle... Beste guztien gainetik aktorea dela dio berak. «Antzerkia da naturalen zaidana». Eta eroso dabil oraindik, gaurko saioa hasteko ordubete eta apur bat gehiago falta dela. Etxean bezala. Azaldu du zergatik. «Telebistan, zineman eta halakoetan inoiz ez duzu osotasunaren ezagutzarik. Zuzendariaren buruan dago film osoa, eta pieza bat baino ez zara zu. Antzerkian, entseguak amaitzerako badakizu nolakoa izango den emaitza. Non egongo zaren. Zer esango duzun. Zer gai lantzen dituzun. Horrek lasaitasun handia dakar». Eta lasai dago bera. Oraingoz.

Bilbo du bizitoki, baina Madrilen ere izaten da maiz. Espainiako Zentro Dramatikoan izan da orain hilabete batzuk, esaterako, eta urrian bueltatuko da, Valle Inclan idazlearen komediak jokatzera. «Ernesto Caballero izango da zuzendaria, eta ni izango naiz protagonista. Ikaragarri pozik nago. Oso ongi zainduko naute, eta ez didate eskatuko zulagailua erabiltzeko, baina nik bihotza hemen daukat». Azaldu du zergatik. «Ofizio honek duen artisautza ukituagatik da. Jendeak industria kulturala deitzen dio honi, baina iruditzen zait bitartekarientzat dela industria. Haientzat, batez ere. Artista eta ikusleentzat artisautza hutsa da hau».

Ordu bete falta da saioa hasteko orain. Eta orain bai. Azkar altxatu da eserlekutik aktorea. «Jantzi eta prestatu beharra daukat», desenkusatu da. Ez dago urduri, baina joan egin nahi du. Luzatu egin zaio ahaztua zuen elkarrizketa. Joan da, beraz. Barea sartu da jantzigelan, baina Niceforo atera da eszenara gero. Azken funtzioa du gaur, antzerkiari bizitza osoa eskaini osteko azken emanaldia. Hoy, última función. Bareak ez. Hurrengoan ere saioa baino bi ordu lehenago izango da 6. pabiloian. Berak eraikitzen lagundutako gunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.