Gero eta gutxiago altxatzen da oihala Euskal Herriko antzokietan. Eta, altxatzen denean, aktore gutxiago daude oholtzan. Ekoizpen apalagoak aurkezten dituzte, baliabide gutxiagoz ondurikoak. Zenbakiak ikaratzeko modukoak dira: 2010ean euskarazko 135 emanaldi izan ziren Sarea osatzen duten antzokietan. Haatik, soilik hiru urte atzerago, 2007an, 447 emanaldi izan ziren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako antzoki publiko horietan. Gainbehera izugarria izan da azken hiru urteetan, eta larriagoa 2010ean. Aurreko urtearen aldean, %60 inguru jaitsi ziren emanaldiak, 334 saiotik 135era murriztuz. Emanaldiak murrizteak konpainien diru sarrerak apaldu ditu, asmo txikiagoko lanak egitera behartzeraino eta lan berrien estreinaldiak baldintzatzeraino.
Oro har, antzerkiaren egoera «okerra» dela uste du Maskarada taldeko Carlos Panerak, eta testuinguru horretan euskarazko antzerkiak areago sufritzen duela. Dioenez, «gune handiei formatu handiak interesatzen zaizkie, Beaumarchais eta estilokoak. Eta lan horiek ez datoz bat euskarazko antzerkia bultzatzeko ildoarekin». Arriagak «Baserria, Mirentxu eta horiek» ekoizteari «garrantzitsu» iritzi dio Panerak. Baina «beste eite bateko antzerkiari» ere jaramon egin beharko liokeela uste du. «Aurrekontuaren zati bat egungo euskarazko ekoizpen txiki eta ertainetara bideratu beharko luke». Paneraren esanetan, «harremanik ez dago hemengo konpainien eta antzokien artean». Ez dago elkarlanerako girorik. Areago: antzoki batzuek ez dituzte konpainiak kontratatzen, alegia, ez diete ordainsari bat ematen. Antzokia alokatu egiten diete. Eta, ondorioz, konpainiak hartu behar du bere gain erantzukizun osoa. Horrek, noski, konpainia askoren jarduna mugatu egiten du. Lan asko ezin aurkeztea dakar. «Zeren gauza bat da dirurik ez ateratzea, eta beste bat da lan bat egin ondoren zuloa eta guzti egitea».
Eskaintzaren uniformizazioa
Bilboko Campos antzokiak halaxe jokatzen du. Eta politika horrek badu zeharkako ondoriorik; eskaintzaren uniformizazioa: hau da, gisa bateko ikuskizunek soilik tokia izatea. Estilo eta helburu komertzial hutsekoek, gaztelaniazkoek.
Bilbon euskarazko obra bat erakustea ia ezinezkoa dela dio Hika konpainiako Agurtzane Intxaurragak, «ez baduzu arrisku bat hartzen zure gain». Aitarekin bidaian antzezlana Bilbon emateko apustua egitea erabaki zuen, hala ere. Eta Campos antzokiari ordaindu egin zion aretoa erabiltzeagatik. «80 pertsona etorri ziren. Emaitza moduan ez dago gaizki, baina ekonomikoki deskalabrua da». Bilbon ematea garesti atera zitzaion. Eta, hortaz, halako erabakiak ezin ditu aldiro hartu. «Ezin gara dirua galtzen ibili. Antzerkia egiten dugunok, mundu guztiak bezala, egunero jan egiten dugu».
Txalok Baginaren bakarrizketak estreinatu du oraintsu. «Eta oso pozik gaude, uste dugu ondo mugituko dela. Testua atsegina da, barregarria. Formatu txikiko lana egin dugu, erosteko modukoa», azaldu du Xabier Agirrek. Iruditzen zaie hala egin ezean nekez lortuko lituzketela emanaldiak. Jendea erakartzeko moduko obra dela dio: «Tolosan 300dik gora ikusle egon ziren; eta Barakaldon, ehundik gora». Beste 30 emanaldi lotuak dituzte dagoeneko. 2009an, Ahuntza edo nor da Silvia? obra apenas eman zuten. «Ez ginen iritsi 30 saiora».
Dioenez, egindako zenbait emanaldi ez dituzte oraindik kobratu, eta Espainian eskainitako batzuk kobratzeko itxaropenik ere ez du. «Larri dabil mundu guztia, eta Madrilen desastre hutsa dira horretarako». Izan ere, euskarazko lanez gain, espainierazkoak ere ekoizten ditu Txalok, Espainiako «aktore ezagunekin». Horrela iritsi da plazara Crimen perfecto, Jorge Sanz eta Elena Furiaserekin. Tolosara ekarriko dute, martxoan. «Dagoeneko ehun sarrera inguru salduta daude. Antzokia bete egingo da. Esperantza hori dugu, behintzat. Beste aukera batzuk ematen ditu horrelako obra batek. Euskaraz hori dena zaila da».
Horrenbestez, gaztelaniazko antzerkia eskaintzea euskarazkoarentzat kaltegarria ez ote den pentsa dezake norbaitek. Programatzaileek antzokiak betetzeko bide errazenetik ez ote duten joko, euskarazkoaren aldean, gaztelaniazko antzerkia lehenetsiz. Agirrek ez du garbi ikusten. «Programatzaileek esan beharko dute». Hala ere, uste du herri bateko antzoki batek emanaldien «erdiak gutxienez» euskaraz eskaini beharko lituzkeela.
Maite Agirreri «barrena nahasten» zaio herri euskaldun batean, antzokia betetze aldera, antzezlanaren gaztelaniazko bertsioa eskatzen diotenean. Euskal Herrian estreinatu, eta ondoren atzerrian emateko prestatzen baitu batik bat Agirrek gaztelaniazko moldaketa. Izan ere, Euskal Herrian emanaldiak lortzea zein zaila den ikusita, kanpora jotzea erabaki zuen Agirrek duela urte batzuk. 2009an Mozambiken izan zen taldea, eta iaz Argentina, Txile eta Kolonbian barrena ibili zen. Mexikora joatea ez du baztertzen. «Asmoa dugu gure lanarekin aberasteko, baina espiritualki, noski», adierazi du ironiaz.
Antzezlanak euskaraz sortzen ditu Hikak, halaber. Eta bigarren bertsio modura egiten du gaztelaniazkoa, Espainian emateko helburuz. Alabaina, programatzaileek errazkeriaz jokatzen dutela uste du Intxaurragak. Herri euskaldunetan gaztelaniazko bertsioa eskatu izan baitiote. Zeta lanarekin pasatu zitzaion, batez ere. «Formatu handiko lana zenez, errentagarritasun handiagoa atera nahi zuten euskarazko bertsioaren ordez gaztelaniazkoa eskainita».
Barrenak eskatzen diolako segitzen duela dio, konpromisoa duelako. «Bestela, ez du merezi. Ordu pila bat ematen ditugu lanean. Buruhauste mordo bat dauzkagu».
Gainera, krisiak arte eszenikoak gogor astindu dituen garaion, «presio ikaragarria» nozitzen dutela azaldu du Intxaurragak. «Ezin da baliabide handiko lanik egin. Alde guztietatik egin behar ditugu murrizketak: aktore taldean, eszenografian, produkzio denboran… Era berean, kalitate bat ziurtatu behar dugu. Baina ezin ditugu mirariak egin!». «Beldurra» ere baduela dio: «Nora iritsiko gara? Zenbat estutu ditzakegu geure buruak? Behin jeniotasun bat egin dezakezu, baina horrelakoak ez dira beti gertatuko».
Nolanahi ere, Aitarekin bidaian lanarekin «oso pozik» dago Intxaurraga. Dioenez, 40 emanaldi egin dituzte. «Eta kontuan hartuta ez dela komedia bat, baizik eta drama dela, eta, ondorioz, ez horren komertziala, pozik egoteko modukoa da». Gaztelaniazko bertsioa mugitzea «gehiago» kostatzen ari zaio. Espainiako zirkuitua ere bere onenean ez dagoela dio.
Panerak ere sufritu du beherakada. 2007tik 2009ra, Ohean lanaren 38 emanaldi egin zituen euskaraz eta 93 espainieraz, horietako 60 Madrilen. Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso zuen lan horrek, 2009an estreinatutako Souvenir, historiako kantaririk txarrena-k ez bezala. Gaurdaino, hamar emanaldi baino ez ditu egin euskaraz, eta hamazazpi espainieraz. Ataka horretan, antzerkiak ezingo duela luzaro iraun uste du Panerak. «Zirkuitu txikiak sustatzea eta herrialdeen arteko harremanak sendotzea» beste irtenbiderik ez du ikusten.
Hartarako, kultur politikak «errotik» aldatu behar direla sinetsita dago Intxaurraga. «Diruari soilik erreparatuko badiogu, gauza minoritarioak desagertu egingo dira. Eta aldrebes izan behar du: zaindu egin behar ditugu inoiz baino gehiago. Euskarazko antzerkia egiteak balioa galdu du. Ekonomikoki balioa galdu duenez, badirudi bestelako balioa ere galdu egin duela, ekonomikoki ondo doanari ematen diogulako balioa».
Txalo konpainiako Xabier Agirrek uste du «antzoki publikoak herritarren zerbitzura jartzen diren bezala» jarri behar dela antzerkia herritarren zerbitzura ere. Alegia, Administrazioak lagundu egin behar duela. «Antzerkiari ez dio halako garrantzia ematen. Eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, adibidez, sekulako aurrekontua dauka. Azken bi urteetan, Jaurlaritzak %19 txikitu du antzerkiko aurrekontua».
«Ez da egia dirurik ez dagoela»
Agerre konpainiako Maite Agirre oso kritikoa da kultur politiken arduradunekin. «Gezurti hutsak dira», dio haserre. «Dirurik ez dagoela diote, baina ez da egia. Urteak daramatzate politika berberarekin, ez da diru kontua, borondate eta interes kontua baizik. Ez zaie interesatzen jendeak gure antzerkia kontsumitzea, botereak ez duelako nahi jende askea. Horrek ez die botorik ematen, horrek ez ditu dauden lekuan mantentzen».
Horregatik, ez du guztiz txarto ikusten jendeak kultura kontsumitzeari utzi izana. «Errebeldia ekintza» dela uste du. «Kultura ore bihurtu dute: 'hau ikusi behar duzu, hau jan behar duzu, hau irentsi behar duzu, hau proposatzen dizuegu'... Ez nau harritzen jendeak planto egitea».
Azkeneko hiruzpalau urteetan galdutakoari buelta emateko hamar bat urte beharko direla pentsatzen du Xabier Agirrek, «lehengo egoerara itzultzeko, aurrekontuak berreskuratzeko eta formatu handiko ikuskizunak egin ahal izateko. Orain ezin da arriskatu».
Ordea, emanaldia ez da amaitu. Gidoiak, bizitzak bezala, gorabehera handiak izango dituela dio Maite Agirrek. Baita zirrikitu ugari ere. «Sortzaileak ohituta gaude zirrikitu horietan lan egitera».
Antzerkiaren beherakada
Oihala altxatu ezinik
Euskarazko antzerkiak egundoko beherakada izan du 2010ean: %60 jaitsi dira emanaldiak antzoki publikoetan. Eta sektoreko profesionalen ustez, arazoa ez da publiko falta. Kontratazioari eusteko borondate politikoa behar dela diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu