Ez da kasu bakarra: bere garaian eta bere jatorrizko ingurunean oihartzun handirik lortu ez, baina denborarekin beren gremiokoen ezagutza eta are miresmena lortzea. Antzeko zerbait gertatu izan zaio The Pretty Things Ingalaterrako rock talde beteranoari. Esan daiteke The Pretty Things benetako aitzindariak izan zirela rockand roll eta rhythm and bluesaren oinarrietatik abiatuta garage eta punk musika egiten. The Rolling Stonesen parean dago taldea askoren ustez, eta Sex Pistolsen punk oldarraldiari dozena bat urtez aurreratu zitzaion. Bihar Andoaingo (Gipuzkoa) rock jaialdian entzun eta ikusi ahal izango da. Bosgarren urtez egingo da rock jaialdia, Nafarroa plazan, 18:00etan hasita.
Kenten (Ingalaterra) sortu zen taldea, 1963an. Andoainen talde nagusia izango da. Bi zutabe nagusiak Phil May abeslaria (Mick Jaggerren oso ahots antzekoa du) eta Dick Taylor gitarrista (Stonesen baxua izandakoa) ziren. John Staxek jotzen zuen baxua eta Brian Pendleton zen gitarra erritmikoa jotzen zuena. 1980an desagertu zen taldea, dozena erdi disko argitaratu ondoren, baina geroztik ere elkarrekin jotzen jarraitu dute, tarteka bada ere.
Nazioarteko beste hiru taldek eta Euskal Herriko bik osatuko dute Andoaingo Rock jaialdia. 80ko hamarkadaren hasieran Suedian sorturiko garage eta punk taldea da The Nomads. Solna aurten kaleraturiko diskoa besapean dakartela izango dira Andoainen. MC5, The Stogges, Sonics, The Cramps, New York Dolls eta tankerakoen eraginetik abiatuta soinu propioa landu dute hiru hamarkada pasatxoan, dozenatik gora disko kaleratu dituzte, eta rock eskandinaviar deitu izan den horretan (The Hives, Hellacopters, Gluecifer...) eragin nabarmen izan dute.
Kaliforniako motorzaleen taberna batean hasi ziren musika egiten Phil Alvin eta John Bazz The Blastersen sortzaileak, 1970eko hamarkadan. Keith Wyatt (gitarra) eta Bill Batemanekin (bateria), rhythm and blues eta rock sustraidun estatubatuarreko pieza indartsuak egin zituzten hasieratik. Argitaratu dituzten azken bi diskoak zuzenekoak dira, eta zuzeneko gartsu hori agertuko dute Andoainen.
Zuzenean aurkeztuko du King of Power Pop! diskoa Paul Collins musikari eta idazle newyorktarrak. 2010ean kaleratu zuen azken diskoa Paul Collins Beat izenpean. «The Nerves, The Breakaways, The Beat eta gaur egungo musika lotzen dituen diskoa da», esan du egileak bere lanik onenen indarra, nostalgia eta freskotasuna biltzen dituen diskoari buruz.
Bluesman zaharren antzera errepidean batetik bestera dabilen Bob Log III musikari estatubatuarrak (gitarra, oinekin jotako bonboa eta motorrerako kaskoa soinean dituela), Joseba Irazokik gidaturiko On Benito rock eta blues zaratatsuz osaturiko egitasmoak eta Pleistozenoko astelehenak estreinako lanarekin zeresana ematen ari den Jupiter Jonek osatzen dute egitaraua.
Oihartzuna baino, itzala handiagoa
The Pretty Things talde ingeles klasikoak gidatuko du Andoaingo Rock jaialdia, beste sei talderekin batera, bihar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu