Proiektua egituratzeko herritarren parte hartzea ezinbestekoa izan dela dio Salaberriak, eta hala izango dela aurrerantzean ere.
Hautagaitzaren oinarrietako bat herritarren parte hartzea dela nabarmendu izan duzue. Orain, berriro parte hartzeari begirako laborategiak martxan jartzea izango da erronka?
Gure lehentasuna da bost lan sistema edo laborategi horiek martxan jartzea. Datozen hilabeteak barruko lanetan emango ditugu, baina helburua da lehenbailehen, datorren urtean edo, haiek martxan jartzea, agian ez denak batera... ikusiko dugu. Proiektuaren ardatza prozesua eta lan sistemak dira, eta bost laborategi horiek oinarri-oinarrizkoak dira.
Orain arte ez zaretela mundu guztiarengana iritsi aipatu duzu. Aldaketarik egitea planteatzen duzue?
Sistema horiekin aukera izango dugu parte hartzea sektore ezberdinetara zabaltzeko. Auzolan bat da, eta sektore ezberdinak gurutzatuko dira bertan; artea eta sormenarena; euskara eta hizkuntz gutxituak; teknologia berriak; eta kultur parkeen ingurukoak dira besteak. Horiek bideratuz, proiektua zabaltzeko aukera izango da.
Proiektua definitua dago, baina zenbateraino dago irekia laborategietako proposamen berriak jasotzeko?
Lau urteotan ardatz batzuk jada markatu dira, baina laborategiak martxan jartzean ziur horiek aberastuko dituztela, ardatzak baitira markatu direnak, baina hortik aurrera gauza pila daude lotzeko. Proiektuaren bizkarrezurra dugu, eta, malgua denez, hor joango gara kokatzen sortzen diren ekimen berriak, puzzlearen piezak. Bost urte ditugu bizkarrezur hori malgutasunez garatzen joateko.
2016ra arteko prozesu horretan nolako bilakaera espero duzu praktikan? Nola joango da gorpuzten?
Adibide bat jarriko dut. Baionako Euskal Museoarekin lanean hasi gara jada. Lan horretan, Tolosa, Durango edo Poloniako norbaitekin elkarlanerako gai bat dagoela ikusten bada, hori landu eta aukerak sortzen joango dira; proiektuan sartuko dira batzuk, eta beste batzuk ez, baina martxan jarriko dira halere. Hori dinamizatzea da gure nahia. 2016a aterki bat bezalakoa da; ardatz batzuk ditu eta zenbait ekimen jasoko ditu, eta beste asko ere sortuko dira. Orain arte ezkutuan zeuden espresioak agerraraziko dira, gauza berriak sortuko... Pixkanaka joango gara dinamikak sortzen, eta hazten joango da; ekimenak ez dira txanpinoiak bezala bat-batean sortuko.
Orain arte proiektuaren berri izan ez dutenei nola azalduko diezue?
Orain arte erresonantzia deritzon komunikazio estrategia landu dugu. Nola azaldu ukiezinak diren gauzetan oinarritutako proiektu bat? Modu eraginkorrena, mantsoa den arren, esperientziak eskaintzea da, jendeak egin nahi dugun hori bizi eta gero besteei ahoz aho azaltzeko. Hori, koherentzia mantenduz, beste estrategia batzuekin osatu beharko dugu, ez dadin ulertu su artifizialak balira bezala, proiektua ez baita hori.
«Oinarrizkoak izango dira parte hartzeko sistemak»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu