Tradizioari eutsi nahia, eta, aldi berean, bide berriak ibiltzeko gogoa. Sortzaile askok bizi izan dute sentipen hori, baita dantza munduan ere. Ez du zertan zaila izan, baina batzuetan ez da bide samurra izaten. Hain zuzen, «berrikuntzarako bidean sortzen diren beldurrak, sustraiak atzean uzteko dudak, minak eta oinazeak» dantzaren bidez islatu nahi izan ditu Alurr taldeak Oinazez ikuskizun berrian. Bere nortasunari eutsiz, dantza tradizionala eta joera berriak nahasteko taldeak eginiko ibilbidearen isla da, Aiert Beobide ikuskizunaren zuzendariaren hitzetan. Gaur estreinatuko dute lana, Tolosako Leidor antzokian (Gipuzkoa), 22:00etan.
Gogoeta hori proposatzeko, oztopoen gainetik aurrera egin nahi duen pertsona bat da obrako protagonista. Hainbat taldetatik igaroko da, eta hainbat unetan «ez da onartua sentituko, ez tradizionalengatik, ez garaikideen aldetik, ez du bere tokia topatuko gizartean edo dantza mundu horretan». Dantzaren arloan, tradizioa eta berrikuntzaren artean nolabaiteko gatazka baino gehiago, «dudak» daudela uste du Beobidek. «Nire ustez, dantza tradizionaletik dantza garaikidea ikastera abiatzen direnek aurkitzen dute bide hori, ongi egiten ari ote diren zalantza, edo gauza berriak sortzean sustraiak galtzeko beldur hori». Horregatik gehitu diote ikuskizunaren izenburuari «gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak», Xabier Leteren poemaren esaldia; «nahiz eta forma berriak probatu, gure sustraiak beti hor egongo direlako eta ez dugulako beldurrik izan behar».
Musika eta koreografia batera
Pertsonaiaren mina islatzeko, Aita Donostiaren Oinazez kantua hartu dute oinarri, «sentimendu handia duelako», Beobideren ustez. «Badaude lan egiteko uneak, ongi pasatzekoak, baina baita ere sufrimendu puntu hori, barne gatazkak...». Obra sortzean musikariek hasieratik parte hartu izana nabarmendu du Beobidek. Jagoba Astiazaranen zuzendaritzapean, Oinazez pieza eta Mikel Laboaren hainbat kanta egokitu dituzte, baita berriak sortu ere. Hala, koreografien eta musikaren lanketa «oso parean» joan direla eta obran «bateratasun hori» sumatzen dela dio. Katixa Perearekin batera landu ditu koreografiak. Eszenografian, berriz, soiltasunera jo dute, bai koloreetan bai jantzietan, eta 28 dantzari ariko badira ere, taula gainean ez dira behin ere denak batera agertuko.
Ibilbide luzea du Beobidek dantzaren munduan. Dantza eskolak emateaz gain, Aukeran taldearekin dantzatzen dabil egun. Urtebete da Alurren ardura hartu zuela, eta pozarren dabil dantzariengan sumatu duen «pasio eta gogo izugarriagatik». Oinazez du lehen obra zuzendari gisa, eta oraingoan oholtzatik kanpo biziko du estreinaldia. Taldearen aurreko lanak ezagutzen dituenak zerbait ezberdina ikusiko duela uste du. Heldu den astean Lizarran egingo dute Oinazez.
Oinazez, tradizioa berritzen
Dantza tradizionalak molde garaikideekin nahasten dituen obra estreinatuko du gaur Alurr taldeak Tolosan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu