«Politikoki zuzena naizenean inork ez dit jaramonik egiten, gogaikarria naizela aurpegiratzen didate. Aldiz, politikoki zuzena ez den gauza bakar bat esaten dudanean, behin eta berriro errepikatzen dute, eta lerroburuetara eramaten». Horrenbestez, ez da harritzekoa: Michel Houellebecq idazle frantsesak (Saint Pierre, Reunion uhartea, 1958) legarrik gabe mintzatzeko hautua egin du. Burutik igarotzen zaiona inongo iragazkitik igaro gabe emateko erabakia hartu du. Ikuskizuna lehenesten duen gizartean saria du. Zertarako ibiliko da itxurakeriatan, baldin eta zenbat eta astakeria handiagoak esan, orduan eta liburu gehiago salduko baditu.
«Politikoki zuzenak ez diren esamesen eskaera handia dago gaur egun, eta ni eskaera hori asebetetzeko gai naiz».
Bilboko Barrearen jaialdian Cesar Coca kazetariarekin izan zuen hizketaldian ere aurrez espero zitekeen gidoia bete zuen Houellebecqek: iruzkin matxista, arrazista, xenofobo eta klasistak egin zituen, eta jendeak erruz barre egin zuen. Tankera horretako ateraldiak entzutera joan ziren, eta pozik alde egin zuten. «Fenomeno bat da», adinean gorako emakume batek, lagunari.
Houellebecqek, berez, ez du inoiz izan politikoki zuzena ez denaren erreferente bihurtzeko helburua. Hala dio, bederen. Baina, nahita edo nahigabe, lotsagabekeriaren bozgorailu bihurtu dela badaki. «Eta, egia esan, bost axola dit. Ez dit inporta politikoki zuzena ez banaiz, edo banaiz».
Eta hitzok ahoskatzen amaitu aurretik piztu du zigarreta, serio. Berehala ihes egin dio barre txiki batek, aretoan zabaldu den algarak barrena bete dion seinale.
«Toki txiro batetik natorrenez, ez diot beldurrik ezkerrari. Ez diot ezer; ezertxo ere ez, ezta beldurrik ere», nabarmendu du.
«Politikoki zuzenak badiren eta ez diren gauzen inguruko ideologia azkar garatzen da, hau da, prozesu bizkorra da. Nik, esaterako, beldurra diet hartzei, eta hil egingo nituzke. Hartz guztiak. Aurrean jarri, eta tiro egingo nike, danba!
Baina orain esaten dute ez dagoela ondo hartzak hiltzea. Hartzak babesteko kanpainia bat dago. Emakumeak babesteko kanpainia lehenagokoa da, baina hartzena berria da, aizu. Oso azkar aldatzen dira ideiak gure gizartean. Hedabideak jarraitzeari uzten diozu, eta jada ez dakizu zer den politikoki zuzena». Aretoaren erdia baino gehiago emakumeak izanagatik, algara nagusitu da, baita emakumeen artean ere. Eta Houellebecq duela minutu batzuk baino beteago dago. Ezpainak apenas mugitu barik hasi da hizketan hasieran, baina orain konfiantza irabazi du, eta elkarrizketarako jarri dioten besaulki zabal eta bigunean eroso dago.
Bere literatur lanetan, politikoki zuzena ez den horretan sakontzen segituko du, «ez bakarrik ideiekin bat natorrelako, adierazpen askatasun ariketa bat ere badelako».
Nolanahi ere, literatur lanetan jarrera hori berez ateratzen zaiola azaldu du idazleak, modu naturalean. «Pertsonaia batzuk agertzen dira, istorio bat, eta garapenean aurrera egin ahala politikoki zuzenak ez diren ondorio batzuetara heltzen naiz».
Eta politikoki zuzen jokatzen duten horiekin arazorik ez duela nabarmendu du hasiera batean, iritziz aldatzeko gero. «Nik arazorik ez daukat haiekin. Arazo bat bera ere ez. Ez didate enbarazurik egiten. Elkarrekin ateratzen dira, elkarrekin bazkaltzen dute... Tira, batzuetan traba egiten didate, bai. Erretzea galarazten didatenean. Bai, bai, egia da, batzuetan astun hutsak dira. Tabakoarekin ipurditik ematen dute. Inoiz ez dute nire kontra egin nire ideiengatik; ordea, erretzeagatik, bai. Erretzeagatik espetxean eta guzti sartu naute. Espetxean, bai, bai, ondo entzun duzue». Houellebecqen ustez, «okerragoa da erretzea galaraztea, pentsatzea galaraztea baino». Frantzian «gailentzen ari den higienismoa» salatu du idazleak. «Hain ergelak dira, ez zaie ondo aterako».
Zentsura ez dela sekula eraginkorra izango sinetsita dago. Alferrik dela bera isilarazten ahalegintzea. «Zentsurak ez du inoiz irabaziko; beraz, ez da dramarik egin behar. Esandakoak kontuan hartu, edo jaramonik ez egin. Baina dramarik ez. Ihesaren kontra jarduten duen elkartea kritikatu nuen iruditu zitzaidalako marra gorria pasatu zuela. Kondoirik gabe ipurditik ematen zutenen kontra egin zuen, arduragabekeria zela esanez. Eta nik kontra egin nien. Gainontzean, ez dut arazorik izan Estatuarekin. Estatu frantsesarekin esan nahi dut. Tira, ezta euskal estatuarekin ere. Eta ETArekin ere ez». Lotu du gai bat beste batekin, Espainiako eta Frantziako gobernuek orain artean egin ez dutena eginez, Euskal Herriari estatu izaera ere emanez.
Islama, sexua eta beste
Islamofobotzat hartu izan dute Houellebecq, erlijio horren inguruan egin dituen adierazpen iskanbilatsuengatik. «Epaiketa bat irabazi nuen; beraz, orain islamaren kontra egiteko eskubidea ere badut. Nire herrialdea laikoa da, eta erlijioa zerbait pribatu modura bizi izan dugu beti. Zergatik ez dut nik esango islamaz uste dudana? Non da adierazpen askatasuna?».
Elkarrizketatzaileak, Cesar Cocak, nahiko ez, eta Houellebecq xaxatu du, binetagile daniarrek egin zituzten Mahomaren karikaturak eta beste hizpide hartuta. «Gaur egun ez da berdin esatea 'Kristautasuna da munduko erlijiorik inozoena' edo 'Islama da munduko erlijiorik inozoena'. Lehenarekin, barre egiten dugu; bigarrenarekin, ordea, tentuz ibili behar dugu, zuk zeuk ondo dakizunez. Zein iritzi duzu?», galdetu dio Houellebecqi.
Idazleak ez du besterik behar egurra banatzen hasteko. «Ez dute umore senik, eta horregatik ez dituzte onartzen karikaturak. Ez dute nahi islamaz hitz egitea, eta eraso egiten dute, eta mehatxu, jendea isilarazteko helburuz. Umorea ez dago beren balioen artean; ez umorea, ez askatasuna, ez ezer. Beldurra zabaltzea da beren helburua, agintariek kontuan har ditzaten. Bi indarren arteko norgehiagoka bat da, finean».
Barreak etengabeak dira aretoan, nahiz eta idazleak ziurtatu inoiz ez duela umorezko liburu bat idatzi. Areago, umorezko libururik ez dagoela dio. «Besterik da libururen batekin barre egitea lortzen duzun, baina genero gisa, ez da existitzen umorezko literatura».
Umorea bere literaturako osagaietako bat da, «osagaien artean, bat gehiago. Ez du aparteko garrantzirik». Baina umoreak benetan eragina izan dezan hoztasuarekin jorratu behar dela pentsatzen du Houellebecquek, bere lanetan tarteka egin duenez; Interventions, Les particules elementaires, Plateforme, Ennemis pulics eta gainerakoetan. «Hoztasunak halako grazia bat ematen die gauzei. Esaterako, hoztasunez kontatzen baduzu nork ez du barre egiten putzu batetik ezin aterata dagoen bizkarroiaz?».
Baina den-denak ez du umorea egiteko balio, hots, gai guztiak ez dira umorea egiteko egokiak, «zikoizkerian erori nahi ez bada. Eta ez da beharrezkoa. Umorea egin daiteke zikoizkeriaz jokatu gabe». Hori bai: «zerbait dibertigarria izan dadin inkongruentea izan behar da, gaiztotasunetik gertu egon behar da, baina zikoizkeria ez da umorea egiteko bidea, inondik inora». Heriotzaren inguruan egindako umore mota ez du gustuko: «Ez dut inoiz egin, iruditzen baitzait heriotzaz umorea egin nahi bada norberaren heriotzaz egin behar dela, ez besteenaz».
Sexuak itzal handia du Houellebecqen lanetan. Baina, idazlearen irudiko, sexuarekin zuzenean ezin daiteke umorerik egin. «Eszena sexual batek ezin du izan kitzikagarria eta aldi berean dibertigarria. Sexua eta umorea ez dira bateragarriak. Sexu eszenak berez ezin dira dibertigarriak izan, onak baldin badira. Ligatzeari edo sedukzioari buruzko eszena umoretsuak egon daitezke; baina sexu eszenarik, ez».
Bigarren zigarreta piztu du. Eta kargu hartu dio Euskalduna jauregiko langile batek. Keak alarma pitz dezakeela, eta ondorioz, sabaitik ura eror daitekeela ohartarazi dio. «Sabaitik ura? Hori bai dibertigarria!». Ez du zigarreta itzaltzeko imintziorik ere egin. Ikus-entzuleak erabat konkistatu ditu, barrez lehertu dira. Literaturak ez du tarte handirik eduki solasaldian. Hitz erdirik ez du esan -elkarrizketatzaileak ere ez dio galdetu- La carte et le territoire nobela berriaz, ezta izenburu eta lerroaldi batzuengatik jaso dituen plagio salaketez ere.
Umoreak, itxura batean behintzat, tokia izan du elkarrizketan, ordubetean etengabeak izan diren algarak kontuan hartuz gero.
«Homosexualen inguruan ondo hitz egiten badut, ez naiz gustagarri. Aldiz, politikoki zuzena ez den zerbait esanez gero, txalotu egiten naute». Horren jakitun, literatura bainoago, ikuskizuna eskaini zuen Houellebecqek Bilbon.
LITERATURA
«Okerragoa da erretzea galaraztea, pentsatzea galaraztea baino»
'Les Particules élémentaires' eta 'Plateforme' nobelak gaur egungo frantsesezko narratiba berriaren mugarri dira, baina Michel Houellebecq bere literatur lan eta adierazpen polemikoengatik ere ezagun da. Bilboko Barrea jaialdian izan da asteon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu