Zuzendaria eta gidoigilea: John Sayles. Aktoreak: Joel Torre, Garret Dillahunt, Chris Cooper, Dj Qualls, Jemi Paretas, Rio Locsin. Herrialdea: AEBak-Filipinak. Iraupena: 128 minutu.
G. Agote
Zinemaldiaren lagun handia da John Sayles; bertan aurkeztu ditu bere lanetako asko, eta atzera begirako forma zuen errekonozimendua jaso. Horri esker, zinemagile estatubatuarraren egitekoaren ezaugarri nagusiak ez zaizkigu arrotz; besteak beste, industria bazterretik aritzeko era benetan independentea eta mezu ideologiko garbia.
Beste hainbatetan bezala, Amigo egiteko, sorterriko zabortegian arakatu besterik ez du egin. XIX. mendearen amaieran estatubatuarrek espainiarrak Filipinetatik ohildu eta herrialdea bereganatu zuten. Bertakoek gerran segitu zuten; etsaia aldatu besterik ez zuten egin. Historiak ikuspegi askotariko istorioa eraikitzeko aukeraeman dio Saylesi, baina azkenean egitura zurrun hori filmaren areriorik handiena bihurtu da.
Iturri klasikoetatik hartuta, western baten gisakoa da filma: espazio itxi batean, pertsonaia asko, bakoitzak ezaugarri jakin batzuekin. Batean, apaiza, mozkortia, traidorea, buruzagia... Bestean, okupatzaileen taldean ere, oso rol zehatzak: onbera, gaztetxoa, zirtolaria... Forden eta enparauen ohiko eskema, mendebalde basatitik Filipinetako oihan urrunetara eramana. Eta ez da oso azkar ibili behar Irakeko itzal luzea antzemate- ko.
Testuinguru topiko horretan, pertsonaien jokabidea ere guztiz oinarrizkoa gertatzen da: okupatzaileekin kolaboratu nahi dutenak, askatasunarekin amesten duten borrokalari suharrak, elkarbizitzaren alde egin nahi duten ofizial ulerbera edota gupidarik gabeko armadako buruzagia. Den-dena ezagunegia da, arimarik gabeko narrazio lauan inolako txinpartarik ez da pizten eta azkenerako filmak ongi egindako telesail baten traza hartzen du.
'Amigo'
Okupazioaren egunerokoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu