Babesa ere irudikatu nahi izan dute gaur Gerediaga Elkarteko kideek. Durangoko Azokako egitarau osoa aurkeztu dute Durangoko Plateruena Kafe Antzokian, aurtengo herrialde gonbidatua Okzitania izango dela azaldu dute, eta Argizaiola saria Anuntxi Arana antropologoari emango diotela ere aurreratu dute. Argazki ofizialaren eguna ere izan da, ordea, eta azokari erakunde publikoek eta babesle pribatuek eskaintzen dioten sostengua ere irudikatu nahi izan dute horregatik. Esker ona azaldu die Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak babesle guztiei. “Guztiontzat da estrategikoa azoka”. Udaberrian azoka antolatzeko estu zebiltzala eman zuen abisua Gerediaga elkarteak Eusko Legebiltzarrean, baina egonkor aurkeztu dute azoka gaur 620.000 euroko aurrekontu orokorrarekin. Guztira, 245 stand, 150 kultur ekitaldi, 330 nobedade, eta 500 sortzaile batuko ditu azokak abenduaren 5etik 8rako egitarauak.
“Euskal erakundeok denbora honetan guztian izan dugu azoka sustatzeko ardura. Urtero egokitu eta eguneratu behar den ardura. Baina askotan erakundeen lankidetza isilean utzi izan da, esan beharrik ez balego bezala, esatea komeni ez balitz bezala”. Jose Manuel Bujanda Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko gabinete burua aritu da ordezkatzen duen Eusko Jaurlaritzaren izenean. Azaldu duenez, hazi egingo da aurrerantzean Jaurlaritzak azokara bideratuko duena dirua. 80.000 euro bideratu izan dituzte orain arte, baina aurten 150.000 euroko partida onartu dutela azaldu du (orain arte 130.000 euro izango zirela esan dute), eta aurrerantzean ere kopuru horri eutsiko diotela. “Azoka egonkortuta dago”. Ekitaldiaren garrantzia "nazionala" dela ere onartu du Bujandak, eta ardura Foru Aldundiena ere badela aldarrikatu du horregatik. Ildo beretik aritu da Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko euskara zuzendaria ere. 130.000 euro bideratuko ditu berak ordezkatzen duen erakundeak. “Euskal kultura sustatzeko medioak jarri behar ditugu. Ekimen publiko eta pribatuaren arteko elkarlana beharrezkoa da”.
Jendetsua izan da argazki instituzionala. Itziar Irigoras Durangoko Alkatea, Lutxo Egia Ahotsenea guneko koordinatzailea eta enpresa pribatuetako hainbat ordezkarik ere hartu dute parte goizeko ekitaldian.
Okzitaniera eta euskara
Gertu baina urrrun kokatu dute Gerediaga elkartekoek aurtengo herrialde gonbidatua. Okzitania izango da herrialde gonbidatua. Elkarren ezagutza bultzatu eta harremanak sendotzea da horregatik Gerediagako antolatzaileen helburua. Mujika: “Elkarren arteko sarea jostea”. Sergi Javaloyes idazle eta Akitaniako Kontseiluko kideak eskainiko du harrera hitzaldia, eta euskararen eta okzitanieraren arteko harremanaz arituko dira Bernat Arrous, Joakin Gorrotxategi eta Xarles Bidegain hizkuntzalariak Areto Nagusian. Hizkuntza gutxituek sustatzeko tresna digitalei buruzko mahai-ingurua ere antolatuko dute, Kabi@ gunean.
Anuntxi Arana antropologoaren lana ere nabarmenduko dute aurtengo azokan. Berak jasoko du Argizaiola saria, eta bere ikerketa lanaz gainera, Baionan AEKn egindako lana eta mugimendu feministan egindakoa ere hartu dute kontuan antolatzeileek. Euskal mitologia izan da bere ibilbideko ikergai nagusietariko bat, eta Durangoko azokarako ere hilak, kondairak eta mitologia ardatz dituen buruzko liburu bat argitaratuko du. Egin duen lan hori aitortu nahi diote orain azokako antolatzaileek eta horregatik jasoko du berak aurtengo Argizaiola saria. Abenduaren 6an izango da ekitaldi ofiziala eta Oier Guillan aktoreak gidatuko du saoia.
245 stand izango ditu azoka guneak, 132 parte hartzailek beteko dituzte mahai horiek. Iaz baino stand gehiago izango dira aurten, eta gora egin du parte hartzaile kopuruak ere. “Zaila da azoka honen dimentsioa irudikatzea, eta datuak ez dira zehatzak, baina asko gerturatzen dira errealitatera”. Autoekoizpenak gune propioa izango du aurten, aurreatu dutenez. Partehartzaileekin batera egin dute espazio horren diseinua Gerediagakoek, eta, orotara, 16 parte hartzaile izango ditu.