Gabonetako musikal bat hartuko du Donostiako Kursaal auditorioak bihar arratsaldean. Ez da ohiko musikal bat izango, gabon kanta tradizionalak pop, rock, techno, dance eta tango doinu eta erritmoekin uztartuko baititu Olentzero & Co!-k. Oihan Vegaren zuzendaritzapean, 150 lagun ariko dira oholtza gaineaneuskarazko musikalean, 17:00etatik aurrera.
Bergaran (Gipuzkoa) sortu da Olentzero & Co!baina ez da herri horretan sortutako lehen musikala. Hala ere, oraingo hau ez da obra baten moldaketa. Euskal Herrian konposatutako, interpretatutako eta taularatutako «lehen musikal handia»eta «ikuskizun apurtzailea» dela iragarri dute sortzaileek. Vegarena da oinarrizko ideia eta zuzendaritza, eta Txemi Etxebarriak landu du musika. Haiekin batera aritu dira Valen Moñux eta Josu Mujika, zuzendari artistiko lanetan lehena, eta koreografiak lantzen bigarrena. Bergarako Orfeoia, Bergarako Musika Eskola, Aritzeta Abesbatza eta Biraka dantza taldeko kideak ariko dira agertokian. Protagonista rola, berriz, Oier Arevalillok beteko du.
Peruren istorioa kontatzen du musikalak. Gurasoak istripu batean galdu zituen, eta triste bizi da ordutik. Horregatik, Olentzerori opari berezia eskatuko dio aurten: zoriontasuna. Baina haurrak idatzitako eskutitza puskatu egingo du bere amaorde maltzurrak, eta bere kabuz Olentzeroren bila abiatzea erabakiko du Peruk. Bere helburua lortzen lagunduko dioten euskal mitologiako pertsonaiekin egingo du topo bidean: lamiak, iratxoak, Anbotoko Mari eta Mari Domingi, besteak beste.
Estreinaldian, arrakasta
Hontza Produkzioak etxeak eginiko apustua da Olentzero & Co!, eta oraingoz, arrakasta izaten ari da ikuskizuna. Arrasaten eta Eibarren (Gipuzkoa) hilaren hasieran estreinatu zuten. Arrasaten, hilaren 11n eta 12an emanaldi bana egitekoak ziren Amaia Udal Antzokian, baina sarrera guztiak agortu zirela eta, hirugarren emanaldi bat eskaini zuten.
Donostiako emanaldirako sarrerak 9 eta 12 euro artean daude salgai.
'Olentzero & Co!' musikala bihar taularatuko da Kursaalean
Gabon kanta tradizionalak pop, rock, techno, dance eta tango doinuekin uztartzen ditu ikuskizunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu