Kazetari bat baino gehiagok galdegin dio Oliver Stone zinemagileari Snowden filman ez ote duen heroi akatsgabeko edo "zaldun zuri" bilakatu Edward Snowden, AEBetako NSAaren (Segurtasun Agentzia Nazionala) mundu mailako zaintza-programaren dokumentuak publiko egin zituen hacker-a. Stonek berak argi du ezetz, berak ikusitakoa eta Snowden berak kontatutakoa azaldu duela filmean: "Ez da dokumental bat, gertakari batzuen dramatizazioa da. Askotan egon nintzen Snowdenekin, bederatzi bat aldiz bai, eta gizon zintzoa iruditu zitzaidan, ezer ezkutatzekorik ez duena; akatsak ezin ditut asmatu filma batean sartzeko. Akaso akatsa zuen AEBetako armadan aritzeko ahulegia izatea, edo antisoziala izatea, edo zenbait gauza esateko gai ez izatea. Adibidez bere neskalagunari "maite zaitut" esan nahi dio baina ez du egiten oso bukaerara arte; baina hori da guztia, bestela bere jarrera eredugarria izan zen eta hori kontatzen dut".
Zinemaldiko Sail Ofizialean —lehiaketatik at— aurkeztu du Stonek Snowden filma, aurreneko aldiz eman dute AEBetatik kanpo. Joseph Gordon-Levitt aktoreak egin du Snowdenen papela, eta Shailene Woodleyk haren neskalagun Lindsay Millserena. Biak izan dira filmaren osteko prentsaurrekoan. Gordon-Levittek behin izan zuen Snowdenekin egoteko aukera: "Oliverrekin batera joan nintzen behin beregana, eta garrantzitsua izan zen hark kontatutakoa aurrez aurre entzutea, eta horrez gain nola mugitzen zen, nola hitz egiten zuen, ikustea, detaile txikietaz jabetzea, alegia". Egun Edward Snowden Errusian bizi da, han lortu baitzuen atxilotua izan ez izateko babesa AEBetako Gobernua eta nazioarteko polizia atzetik zituenean. Flman adierazten duenez AEBetara itzuliko litzateke "epaiketa justu bat izateko bermea" izango balu. Baina Stone beraren iritzian baldintza horiek ez dira ematen oraindik ere: "Snowdenen kasua ezagun egitean erreforma txiki batzuk egin ziren legediaren aldetik, hiritarrenganako kontrola hainbestekoa izan ez zedin, baina erreforma txikiak dira, eta, hain zuzen ere, Obamaren adiministrazioa bera izan zen inoizko kontrol sistema handiena ezarri zuena, bere lehen legealdian guztiz kontrakoa egingo zuela esan zuenean".
Stonek pixkanaka gogortu du prentsaurrekoan izandako diskurtsoa, batez ere kazetari batek Venezuelako "diktadura" defenditu zuela esan dionean. "Venezuelakoa diktadura dela zuk diozu. Chavez bozkatu egin baitzuten. Terrorismoaren aitzaikipean mundu guztiko hiritarrak satelitez, telefonoz, ordenadorez, eta beste hamaika aparatuz kontrolatzen ditzutenak beste batzuk dira. Esaten dute segurtasunaren izenean dela, eta hori askotan ikusia nago historian; baina beldurra ereinez faxismoa eta totalitarismoa haziz joaten da. Faxistez eta tiranoez kontziente izan behar dugu". Hori esan, eta zenbait kazetari isilik geratu dira, eta beste zenbait, dezente, txaloka hasi dira.