Donostiako 60. Zinemaldia izango da aurten, eta, hori dela eta, Donostia sari berezi bat emango du, 50. urteurrenean egin bezala. Saritua Oliver Stone zinemagile estatubatuarra izango da; besteak beste, birritan zuzendari onenaren Oscar saria jasotakoa da, eta zinema munduan ibilbide luze eta oparoa egindakoa. Stone (New York, 1946), baina, saria jasotzera bakarrik ez, bere azken lana estreinatzera ere etorriko da Donostiara; izan ere, Savages bere azken filma Zabaltegi sailean aurkeztuko dute. Irailaren 21etik 29ra egingo da aurten Donostiako Zinemaldia.
Oliver Stone AEBetako zinema modernoaren ordezkari behinenetako bat da. Bere lanetan, gizarteko gatazkak islatu ohi ditu; eztabaida sortzen duten gai sozialak eta politikoak izaten ditu hizpide. Gidoilari gisa hasi zen zinema munduan lanean, eta lehenengo Oscar saria halaxe lortu zuen, Alan Parker zuzendariaren Midnight Express filmarekin (1978). Alabaina, zuzendari gisa eskuratu zuen berebiziko sona Platoon filmean (1984) Vietnamgo gerrari buruzko erretratu latza egin zuenean. Zuzendari onenaren Oscar saria jaso zuen harekin. Fourth of July-n ere (1987) gai bera jorratu zuen, eta, zuzendari onenaren sariaz gain, filmik onenarena ere eman zion Hollywoodeko industriak.
Donostia ezagun du zuzendari estatubatuarrak. Lau aldiz izan da bertan: Salvador, Natural Born Killers eta World Trade Center filmak eta Looking for Fidel dokumentala aurkeztu ditu. Aurten, Savages Don Winslow idazlearen izen bereko best seller-ean oinarrituriko thriller-a aurkeztuko du irailaren 23an, Viktoria Eugenia antzokian. Aktoreetako bi, hau da, John Travolta eta Benicio del Toro izango ditu lagun Stonek estreinaldian. Filmak erakusten du Mexikoko kartel mexikar batek nola nahasten duen Laguna Beacheko bi enpresarik marihuana landatuz lortutako pagotxa.