Durangoko 46. Euskal Disko eta Liburu Azoka. Arre, arre Landako

Omentzeko manerak

Juan Luis Zabala
2011ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Argizaiola saria dela-eta Iñaki Beobideri elkarrizketa egin nionean, garai hartako beste euskaltzale askorekin sentitutako gertutasun, mirespen eta esker on bera sentitu nituen; eta baita inbidia pixka bat ere, batik bat 70eko hamarkada «zoragarria baino zoragarriagoa» izan zela esan zidan unean.

Ondo pentsatuta, garai haren inbidia izatea gehiegitxo izango da, bizi izan ez dudanaren nostalgiari indar handiegia ematea, fribolitatea ia-ia. Baina uste dut oso garai interesgarria izan zela hura, eta baita aurrekoak ere; gerra aurreko, gerra garaiko nahiz gerra osteko euskaltzaleen nahiak eta ezinak, ametsak eta izuak, kezkak eta eztabaidak ederrak eta aberatsak izan zirela oso, eta ez ditugula oraindik behar bezala ezagutzen, gogoratzen, ospatzen; eta, batez ere, ez ditugula oraindik behar adina gozatzen.

Esan izan da ETA sortu ondorengo gatazka armatuaz eta haren ondorioez hitz egiten duen neurrian lortuko duela euskal literaturak Euskal Herritik kanpo ere interesgarritzat joa eta ezaguna izatea, horixe delako euskal idazleek atzerriko irakurleak eta kritikariak erakartzeko erabil dezaketen amurik erakargarriena, amu erakargarri bakarra ez baldin bada. Baliteke hala izatea, aldeko nahiz kontrako mistifikazio, morbifikazio eta momifikazio askoren sorburu izaten baita beti borroka armatuaren gaia.

Baina susmoa dut euskal literaturak, eta euskal arte-sorkuntzak oro har, ez dituela oraindik Iñaki Beobide eta haren garaiko nahiz lehenagoko euskaltzaleen abenturak eta kalenturak behar bezala aprobetxatu. Susmoa dut Iñaki Beobide eta haren garaiko nahiz lehenagoko euskaltzaleak modu hotzegi, erritualegi eta protokolarioegietan omentzen ditugula, ukiezintasunez, urruntasunez, aspergarri; omenduak ere ukiezin, urrun eta aspergarri balira bezala, kasurik gehienetan justu kontrakoa diren arren.

Irudipena dut omenaldirik gehienek —eta ez naiz Argizaiola sariaz ari, oro har baizik— omendua gerturatu beharrean urrundu egiten digutela, idulki baten gainera igoarazi eta behin betiko hieratikotasun zurrunera kondenatuta, gurekin solastu eta jolasteko ezinduta. Solasik eta jolasik gabe maitasuna posible balitz bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.