'Iruña-Veleia auzia'

Omisio delitua ere egotzi dio akusazioak Eliseo Gili

Fiskalak bost urte eta erdiko espetxe zigorra eta 102.600 euroko konpentsazioa eskatzen dizkio Gili, eta bi urte eta sei hilabeteko zigorra Ruben Cerdan ikerlariari. Bi akusatuen defentsek absoluzioa eskatu dute.

Oscar Escribano, Eliseo Gil eta Ruben Cerdan Gasteizeko epaitegian. JUANAN RUIZ/ FOKU
Inigo Astiz
2020ko otsailaren 18a
16:51
Entzun

Zigor eskaera mantendu arren, delitu bat gehiago egotzi dio Arabako fiskalak Eliseo Gil Iruña-Veleia aztarnategiko zuzendari ohiari, Gasteizko Lehen Zigor salan gaur aurkeztutako akusazio idatziaren azken bertsioan. Epaiketa hasieran bost urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen zituen harentzat, ondarea hondatzeagatik eta iruzurragatik, baina orain beste delitu bat ere leporatu dio: omisioa. Eta esanguratsua da aldaketa. Delitu horrek atea zabaltzen baitio Gil zigortzeko aukerari, baita piezak berak faltsutu zituela frogatu ezin balitz ere. Akusazio horren arabera, Gil piezen faltsutasunaren jakinaren gainean egon zitekeen, eta, halere, ez zuen ezer egin. Edonola ere, hirugarren akusazio hori gehituta ere, hasierako espetxe zigor bera eskatu du fiskalak harentzat: bost urte eta erdi. Ruben Cerdan ikerlariarentzat, bi urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra eskatu du iruzurragatik. Akusazio partikularra osatzen duen Arabako Aldundiak hasieran fiskalak baino zigor handiagoak eskatzen zituen akusatuentzat, baina gaur bat egin du fiskalaren eskariarekin. Akusatuen defentsek absoluzioa eskatu dute.

Ez da aldaketa bakarra. Ustez ondareari eragindako kalteengatik Eusko Jaurlaritzarentzako eskatutako konpentsazioa ere moldatu dute akusazioek. Hasieran, 285.000 euro eskatzen zituzten, 476 pieza hondatu zituztela kalkulatuta, eta haietako bakoitzari 600 euroko balioa ezarrita. Baina, orain, 102.600 euro eskatzen dizkiote Gili, faltsutu zituen piezak 291 izan zirelakoan. Bihar aurkeztuko dituzte parte guztiek beren azken ondorioak. 55 minutu eman dizkie horretarako epaileak, eta epaiaren zain geratuko da auzia gero. Zenbait iturriren arabera, martxo amaierarako edo apiril hasierarako hel daiteke ebazpena.

Gogoratzekoa da, bestalde, epaiketako lehen egunean Oscar Escribano geologoak onartu egin zuela bestelako baliorik ez zuen pieza batean “Veleia” idatzi zuela, lankideei “broma” bat egiteko. Urtebeteko espetxe zigorra eta 2.000 euro pasako isuna hitzartu zuen fiskalarekin horregatik. Beraz, bi urtean deliturik egin ezean, ez du kartzelara joan beharko. Bera zen hirugarren akusatua.

Grafologoen beste txosten bat

Defentsak deitutako perituak aritu dira gaur deklaratzen, epaiketako hamaikagarren egunean. Grafologia txosten bat aurkeztu dute bi adituk, adibidez, zeinean ondorioztatzen baita piezetako markak ez direla Gilek egindakoak. Azaldu dutenez, Gilek 30 zeramika piezetan ikerketarako propio egindako idazkiak izan dituzte konparaziorako oinarri. Arkeologoak puntzoi batekin egindako marka horiek aztarnategian agertutako idazkidun piezekin alderatu dituzte gero, eta emaitzak “erabat ezberdinak” direla ebatzi dute. Hots: aztarnategian topatutako materiala ez zuela Gilek egin.

Tasatzaile bat eta geologo bat ere deitu du defentsak deklaratzera. Atzoko saioan Espainiako Kultur Ondarearen Institutuak aurkeztutako txostenari erantzun dio geologoak gaur, hain zuzen ere. Institutuak ikertutako Iruña-Veleiako 35 piezetan metal modernoen arrastoak topatu zituzten idazkunen marken hondoan, eta, besteak beste, horregatik ondorioztatu zuten «garaikideak» zirela. Defentsak deitutako perituaren hitzetan, ordea, okerra da ondorio hori. Haren hitzetan, zeramika gainean markak iltze batekin egin izan balira, horrek utziko lituzkeen partikulak 50 mikra baino handiagoak izango liratekeelako, eta ez, institutuaren ikerketan agertzen den bezala, 20 mikra baino txikiagoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.