Kultura

Ondo ari dira saltzen Donostiako Zinemaldiko sarrerak

Ostegunean hasiko da 56. Zinemaldia.

2008ko irailaren 15a
11:58
Entzun
Ostegunetik hilaren 27ra artean izango da aurtengo Donostiako 56. Zinemaldia, eta sarrerak salgai atzotik daude. Atzo 38.000 saldu zituzten, antolatzaileak oso gustura geratu ziren horrekin, eta gaur ere asko ari dira saltzen.

Zinemaldi Plazako leihatiletan (Kursaaleko beheko solairuan), Kursaal zentroko lehiatiletan, Servikutxan, Telekutxan eta Interneteko www.sansebastianfestival.com eta www.kutxa.net web orrietan daude salgai sarrerak. Saio guztietarako sarrerak erosteko aukera dago, Sail Ofizialeko gune erresebatukoak izan ezik. Saioko eta pertsonako gehienez lau sarrera eros daitezke. Kursaaleko Sail Ofizialerako hainbat toki daude arratsaldeko eta gaueko emanaldietarako, 17:00etatik aurrera Kursaal zentroko lehiatiletan.

Zinemaldiko eskaintza guztiak biltzen dituen Filmez film gida ere salgai jarri dute euro batean Kursaaleko informazio postuetan, lehiatilen ondoan eta Okendo plazan. Bihartik 16etik aurrera, hiriburuko eta Gipuzkoako udalerrietako kiosko nagusietan eta Kultura eta Turismo Ekintzetxean ere salduko dira. Dagoeneko programazioa ikusgai dago Zinemaldiko web orrian.

Sarrera erosi ondoren ezingo da aldatu, eta ez da dirurik itzuliko, Zinemaldiak programazioa aldatu edo bertan behera utzi ezean. Kasu horretan, sarreraren zenbatekoa itzuliko da edo beste sarrera batekin aldatuko da. Gorabehera izan den zinemako lehiatilan edo Zinemaldi Plazako lehiatiletan aldatu beharko dira.

Antolakuntzak, saioa hasi ostean aretoan sartzea debekatuko dutela jakinarazi du.

Zinemaldiaren Sail Ofiziala inauguratuko duen filma Richard Eyreren The Other Man izango da. Film hori, ez da lehiaketan sartuko.

Donostia sariei dagokienez, aurten, bi Oscarren jabe den Meryl Streep eta Urrezko Globoetarako hiru izendapen dituen Antonio Banderas izango dira sarituak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.