Ontziola berpiztuz

Mike Brookes eta Rosa Casadok Euskalduna ontziolako gatazka berreraikiko dute performance batez

Rosa Casado eta Mike Brookes, Errepikatzen den historia zati bat baino ez lanaren sortzaileak. M. RAMIREZ / ARP.
Bilbo
2011ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
BAD jaialdiak asteburu honetan eskainiko ditu aurtengo azken ikuskizunak. Horien artean aipagarri da Euskaldunako kaian garatuko den Errepikatzen den historia zati bat baino ez performancea. Gaur arratsaldeko seietan eta bihar eguerdiko ordu batean, Bilboko historiaren zati bat berriz bizitzeko aukera izango da, Euskalduna ontziolako garaiak gogoratuz. Ibilbide horretan ontziolako hiru langile ohik hartuko dute parte, gaur egun bertan ez dauden eraikinak nolakoak ziren eta non zeuden deskribatuz eta garai hartan bizi izandako mugimenduei buruzko testigantza pertsonala emanez.

Iraganarekin topo eginez

Emilio Urreta, Miguel Parra, Jose Luis Longarte eta Miguel Anta Euskaldunako ontzioletako langile ohiek oroitzapen pertsonalen berri eman diete Mike Brookes eta Rosa Casado artistei. «Bata 14 urterekin hasi zen ontziolan lanean; bestea, 19rekin; eta Miguel Parrak kontatu digu, Karola izena duen garabi aurrean geundela, berau konpontzea izan zela berak enpresan egin behar izan zuen lehen lana», azaldu du Casadok. Horrela jaio da Errepikatzen den historia zati bat baino ez lana. Euskalduna ontzioletan lan egindako langileen testigantzari esker. «Langile bakoitzak bere lanaren berri emango digu, jadanik ikusi ezin daitezkeen zenbait txoko deskribatuz eta oraindik zutik dauden eraikin eta guneen inguruan azalpenak emanez». Bilboko itsasadarrak aldaketa ikusgarria izan du azken urteetan. «Gizartea bera arkitekturarekin batera eraldatu da, eta garai batean industria arloan hain garrantzitsua izan zen une historikoa oroimenean galtzen ari da», azaldu du Rosa Casadok, eta gaineratu du ikuskizunaren bidez ontziola zegoen ingurua berpizten saiatuko direla. Berriz ere protagonista bihurtuko dute balio eta xarma ukaezina dituen ingurua, ontziolaren antzinako dike lehorrak, ondare balio nabarmena duen Karola garabia eta itsasadarreko giza historiaren adierazgarria diren zenbait txoko bisitatuz. Gaur egun Itsas Museoa dagoen lekuan dagoen Ponpa Etxea, esate baterako, dikeak betetzeko eta husteko makinak gordetzeko erabiltzen zen lekua.

Mike Brookesek eta Rosa Casadok antzeko esperientziak egin dituzte Erresuma Batuko zenbait hiritan. Bilboko performancea prestatzen otsailean hasi ziren eta hilabetez hirian egon ziren bizitzen tokia hobeto ezagutzeko. Miren Llonak, Pedro A. Novok eta ELA sindikatuak laguntza eman diote egitasmo honi. Bilboren azken urteetako historiari buruzko soinu eta bideo artxibo asko batu dituzte Bizkaiko zenbait komunikabideren eta EHUko soziologo eta historialari batzuen laguntzaz.

Mike Brookes (Sheffield, 1965) nazioarte mailako artista eta diseinatzailea da, eta Galesko Unibertsitateko irakaslea. Rosa Casado (Madril, 1971) sortzaile eta performer independentea da.2000. urtetik ari dira elkarlanean. Gaur egun, eskultura obrak, iraupen objektuak eta lekuak definitzeko eta topaketa sozialak lortzeko ekintzak egiten ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.