Opa koloretsua mundu grisean

Irantzu Lekue artistak 'rangoli' bat margotu du Krean, aretoari urte aberatsa opatzearekin batera Gasteizko eta Arabako kultura politiken «utzikeria» salatzeko.

Irantzu Lekue, Krea Adierazpen Garaikidea aretoaren aurrean margotutako rangoli-aren ondoan. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2014ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Egunak ez du argitu oraindik. Goizeko zazpiak dira, eta izotzak zuritu ditu Betoñu inguruko autoak. Lau gradu zero azpitik daude kalean Irantzu Lekuek (Gasteiz, 1987) Krea Adierazpen Garaikidea aretoko hesia ireki duenean. Sormena eta kultura garaikidea sustatzeko harribitxia izan behar zuen, baina berdegunea eta eraikin grisa ez dituzte inoiz ireki. Inauguratu gabe daude. Isilik. Lekuek, ordea, margoz betetako poltsa darama, inguru horri etorkizun oparo eta koloretsuagoa opatzeko.

Bi helburu ditu Lekuek egindako ekintzak. Alde batetik, IndiaSensations egitasmoa abiarazteko baliatu du; Indiara egindako bidaian ikusitakoen eta ikasitakoen eraginpean hasiko du proiektu hori. Bestetik, Krean egindako ekintzarekin, Gasteiz eta Arabako kultura politiken egoera kritikatu du, administrazioak kulturarekiko duen «utzikeria» agerian uzteko.

Bi helburu horiek Krea eraikinaren aurrean rangoli bat marraztuz uztartu ditu. Lekuek azaldu du rangoli-ak Indiako Argien Jaian emakumezkoek margotu ohi dituzten marrazkiak direla. Etxeen atarian egindako marrazki horiekin Lakshmi jainkoari dei egiten diote, inguru horri oparotasuna eskaintzeko.Rangoli-aren bitartez oparotasun hori itzuli nahi izan dio Lekuek Kreari. Hain zuzen ere, 2006an artista gazteen «talaia» izango zena erabilerarik gabeko eraikin gris bilakatu da.

Sormenaren «gainbehera»

«Ez dute artistengan pentsatzen, eta are gutxiago azaleratzen ari garenongan; artea eta sormena gainbeheran daude Gasteizen». Ildo horretan, Lekuek Gasteizko Udalaren jokabidea salatu du, besteak beste Betoñuko komentu zaharra pribatizatu duelako. Gogorarazi behar da udalak,Betoñuko komentuko jatorrizko jabeak, 30 urterako akordioa sinatu zuela Vital Kutxako Gizarte Ekintzarekin; epe horretan Gizarte Ekintzak eraikina erabiliko zuen, eta, epea amaituta, udalak berreskuratuko zuen komentuaren jabetza.

Vital Kutxako Gizarte Ekintzak hemezortzi milioi euroko inbertsioa egin zuen eraikina egokitzeko, eta, bukatu arren, jatorrizko ideia baztertu zuen. 2014ko martxoan, Javier Marotoren udal gobernuak akordioaren irizpideak aldatu zituen, eta eraikina berreskuratzeari uko egin zion. Areago, aldaketa horri esker Kutxabankek eraikinaren kudeaketa beste erakunde pribatu baten esku uzteko aukera du.

Lekuek inguru horren erabilera publikoa aldarrikatu du rangoli-aren bitartez, nola, eta Indian egiten duten modu berean. «Arroz hautsa, irina, ura eta pigmentuekin egiten dira, eta ikur zirkularrak, organikoak eta koloretsuak dituzte». Sistema hori bera erabili du Lekuek Krearen aurrean. Klarionarekin marraztu, eta potoetan gordetako kolore biziekin margotu. Barrutik kanpora. Zabalduz joan diren eraztun koloretsuen bitartez gauzatu du Lekuek eremuaren okupazio artistikoa.

Goizeko hamar eta erdietarako, Lekuek rangoli-a bukatzear du. Ordurako zenbait lagun bildu dira bertan, baita Argazki Presseko argazkilari bat eta Gasteiz Irratiko kazetari bat ere, albistea zuzenean emateko. Denak lanean ari direla, Gasteizko Udaltzaingoaren bi auto agertu dira, zinpeko zaintzaile batekin. Eremu pribatua dela azaldu dute, eta handik atera behar dutela. Dena den, atera aurretik, eremu pribatuan dauden guztiak identifikatu dituzte, banan-banan.

«Kandela bertan utzi behar al duzu?», galdetu dio udaltzain batek Lekueri. Kandela barruan geratu da, rangoli-a bezala, urte oparoa heltzearen zain. Behinik behin, artista gasteiztarrak Krearen helburu sortzailea inauguratu du, hainbat urte luzeren buruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.