Bigarren eguna du gaurkoa Durangoko 46. Euskal Liburu eta Disko Azokak, eta, orain arte behintzat, salmentak nahikoa apalak izan direla esan diote BERRIAri argitaletxe batzuek. Dena dela, hurrengo egunei begira itxaropentsu agertu dira saltzaile gehienak.
Atzotik 138 argitaletxe, diskoetxe, elkarte eta erakunde ari dira parte hartzen azokan. 274 erakusmahaitan banaturik, 434 nobedade jarri dituzte salgai. BERRIA Taldeak ere bere erakusmahaia du; bere ohiko produktuez gain, BERRIA Komunitateko kide egiteko eskuorriak jaso daitezke bertan.
Aurten azokak hiru gune berri ditu: Irudienea, Szenatokia eta Kabi@. "Ez da soilik liburu eta disko azoka izango; kultur adierazpen berriei utziko diegu lekua", dio Gerediaga elkarte antolatzaileak. Apustu berri honetan ere euskarazko sorkuntza azokako protagonista izango dela nabarmendu du; baina "azoka zabalagoa izango da, ikus-entzunezkoei, antzerkigintzari eta teknologia berriei lekua eginez".
Atzo Argizaiola saria eman zioten Iñaki Beobideri (Zumaia, 1934). Antzerkigintzan, diskogintzan zein telebistan euskararen zabaldundea izan du helburu har, eta lan hori aitortu diote. Herri Gogoa diskoetxearen sortzaileetako bat izan zen duela 44 urte, eta Euskal Kantagintza Berriaren hainbat disko grabatu zituen Donostiako estudioan. Jarrai antzerki taldean atzerriko antzerkigileen obrak euskaratu eta taularatu zituen, eta Ikuska liburu saila sortu zuen. ETBren sorreran ere parte hartu zuen.
Ostegunean bukatuko da aurtengo azoka.
Gaurko egitaraua
- 10:00. Haur literaturaren aretoaren aurkezpen ofiziala.
- 13:00. Berriketaldia Aretoan: Galegoz eta euskaraz, Galizia eta Euskal Herriaz...
- 16:30. Ekitaldia Kabi@-n. Mikel Urdangarin, Julian Iantzi eta etxetik konektatutako hiru herritarren eskutik: Gaztebizz zuzenean.
- 19:30. Irakurketa dramatizatua azokan.
- 20:30. Kontzertua San Agustin kulturgunean: Txistua XXI. mendean.