Lehiaketazalea ez izanagatik, Dani Fano (Donostia, 1968) Xabiroi aldizkariaren koordinatzaileak pentsatzen du gazteentzako «pizgarri» izan daitezkeela. Galtzakomik egitasmoaren barruko «ekintza sozial batean» parte hartuko du, aurten ere, Asisko Urmenetarekin batera.
Zein gai lantzen ditu egungo euskal komikigintzak? Asko aldatu al da azken urteotan?
Merkatu bat ez dagoenez, bakoitzak nahi duena egiten du. Alde horretatik, gauza gutxi egiten diren arren, oso sanoa da. Ez dago euskal estilorik, edo horrekin identifikatu daiteekeen ezer. 1980ko hamarkadan, komigintzaren booma gertatu zenean, gai jakin batzuk lantzen ziren eta estilo diferente gutxi zeuden. Orain, berriz, beste loraldi bat bizitzen ari gara, eta edozein gai edo edozein estilo onartzen da
Zer behar du komiki on batek jendea erakartzeko?
Istorio on bat. Marrazkia mundiala izan arren ezer kontatzen ez baldin baduzu, ilustrazio ekintza bat gehiago izango da. Komikia istorioak kontatzea da.
Esan duzu beste loraldi bat bizitzen ari dela komikigintza. Zergatik?
80ko hamarkadan oso errotuta zeuden zientzia fikziozkoak edo fantasiazkoak. Baina hasi dira egile batzuk bestelako gaiei buruz hitz egiten, eta komikizalea ez zen irakurle talde berri bat erakarri du. Bere alde onak eta txarrak ditu, baina orain komikia modan dago. Modernotzat hartzen da, eta baloratuta dago. Lehen frikien gauza zen [barrez]. Beraz, prestigioa irabazi du.
Istorioa eta marrazkia pertsona berak egitea al da normalena?
Ez, ez, hori merkatu faltaren ondorioa izan da. Hortaz, lana banatzeak, ateak zabaltzeak, aukera gehiago ematen ditu.
Dani Fano. Komikigilea
«Orain komikia modan dago; baloratu egiten da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu