William Gibson. Idazlea

«Orainaldian bilatzen ditut etorkizunera garamatzaten piezak»

Ziberespazioaren kontzeptua asmatu zuen William Gibsonek 'Neuromancer' bere aurreneko nobelan. Idazlea orainaldiaren eta etorkizunaren arteko loturaz aritu da Bilboko Gutun Zurian.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Gutxi batzuek ezagutzen zuten Internet orain 30 urte, eta inor gutxik imajina zezakeen asmakuntzak gizartean zenbateko eraginaizango zuen. Gizartea behatuta, William Gibson (Hego Karolina, AEB, 1948) etorkizuna aurreikusteko gai izan zen bere estreinako eleberrian Neuromancer (1984), eta horretan, hain zuzen ere, ziberespazioaren kontzeptua eta hitzak sortu zituen. Idazlea Bilboko Gutun Zuria literatur jaialdian izan da, eta orainaldiko errealitatearen eta etorkizunekoaren arteko loturaz aritu da.

Zure aurreneko nobeletan (Neuromancer, Count Cero, Monalisa Overdrive, Virtual Light…) etorkizuna aurreikusi zenuen. Orainaldiaren behatzaile trebea baino gehiago izan behar horretarako…

Orainaldian bilatzen ditut etorkizunera eramango gaituzten pieza horiek; egungo errealitatean arakatzen dut, eta pieza horiek etorkizuna nolabait imajinatzeko erabiltzen ditut. Liburuetan jendeak pentsatzen duena baino askoz gutxiago asmatzen dut.

Zure azken lanak, berriz, orainaldian girotu dituzu; zerk eraman zaitu testuingurua aldatzera?

Asmatutako XXI. mende bati buruz idazten hasi nintzen, baina, oraingoan, neure burua benetako XXI. mendean kokatuta dago, eta XXI. mende erreala niri inoiz bururatu zitzaidana baino askoz ere askotariko eta interesgarriagoa da asma dezakedan edozein istorio baino. Hori dela eta, erabaki nuen zientzia fikzioak eman dizkidan tresnak erabiltzea gure mundu aldakor eta ezegonkorra aztertzeko.

Zein gauza bitxi topatzen dituzu orainaldian, zientzia fikzioko nobela bat idazteko balio dezaketenak?

Gauza asko daude, baina, nire ustez, sare sozialei dagokien edozein gauzak, adibidez, oso ondo funtziona dezake.

Ia 30 urte dira Neuromancer idatzi zenuenetik. Orduan ez zen ez sare sozialik ez ziberespaziorik ezagutzen. Nondik ekarri zenuen ziberespazioaren ideia? Eta hitza?

Hainbat gauzatatik ekarri nuen ideia. Batetik, nerabeak lehen bideo jokoetan jolasten ikustetik ekarri nuen. Ordenagailuen lehen generazio harekin jolasten ziren. Grinaz egiten zuten, arreta jokotik kendu gabe; oso fisikoa zen. Barruan egon nahi zutela zirudien, mundu erreala alde batera utzi nahi zutela zirudien. Horrekin batera, etxerako lehen ordenagailuen iragarkiak ikusten hasi nintzen; oso txikiak ziren, edozein umek etxean edukitzeko modukoak. Azkenik, Internet izeneko zerbaiten inguruko zurrumurruak entzuten hasi nintzen; garai hartan, jada existitzen zen, baina erabiltzen ikasteko oso zaila zen. Imajinatu nuen umeen grinatik sortuko zela, hor nonbait, pantailaren atzean, ordenagailu guztiak konektatzeko tokiren bat. Leku horri nolabait deitu behar nion, eta ziberespazio hitza bururatu zitzaidan.

Teknologia guztiak berez neutroak direla esan duzu beti; erabilerak, aldiz, ez, interes batzuen menpekoak direla. Ziberespazioan gauza bera gertatzen da. Interes horien inguruan aritu zara zure lanean. Aldatu al dira interes horiek urte hauetan?

Interneten lehen egunetan, sarea Mendebalde Urruna bezalakoa zen, lurralde berri baten antzekoa. Edozein sar zitekeen berton, baina apurka-apurka edozein negozio egiteko leku bilakatu da: ia edozein gauza egin daiteke gaur egungo ziberespazioan. Horrek dakarren guztiarekin, gobernuak, poliziak, marketina, kapitalismoa… hor dira. Nire ustez,ziberespaziora gertatzen ari diren migrazioek gauza horiek guztiak aldatuko dituzte, aurreikus ezin ditzakegun eratan.

Gizarteak pertsonon irudiari ematen dion garrantzia zure idatzietan errepikatzen den kezka da. Interneteko bizitza horrek eragin al du horretan?

Zure aurpegia aldatzea baino errazagoa da zure abatarra aldatzea. Bai, ez dakit, ni zaharregia naiz, jaio nintzen munduan ez zen hau existitzen, ez naiz horretan berezko hiritar izango inoiz, baina begiratzen diet gazteei eta ikusten dut zertan ari diren eta ezin ditut hainbat gauza asmatu.

Eta nola ikusten duzu mundu hori kanpotik?

Ez naiz epaitzeko gai. Nire belaunaldiko jendearen kultura espektroarekin alderatuta, oso espektro ezberdina da sare sozialetan eta Interneten ibiltzen diren gazteena. Oso interesgarria da, baina ni ez naiz berez horretan sortu ezta hezi ere. Hala ere, asko gustatzen zait. Jendeari nire adina esan eta Twitter maite dudala esaten diodanean, bromatan ari naizen galdetzen didate. Polita da niretzat, nahiz eta arraroa naizela esaten didaten. Neurri batean imajina dezaket jendearentzat zein beldurgarria den Twitter gabeko mundu bat, eta badakit horretan bizi direnek, batzuetan, ezin didatela niri hori azaldu ezta nire adinekoei ere. Ni, telebistaren garaian sortu nintzelako, nire aitaitaren aldean beste pertsona mota bat bihurtu nintzen. Hein handi batean, gauza bera gertatzen zaie gazteei.

Zer-nolako eragina du ziberespazioko bizitza garaikideak zure sorkuntza prozesuan?

Internetek oso eragin handia izan du nire lanean. Nire lehen nobelak idatzi nituenean, eszena bat Berlinen girotu nahi banuen, asmatu behar nuen guztiz; agian, zerbait begiratuko nuen entziklopediatan, liburuetan. Orain, berriz, Goggle Maps edo Goggle Streetview-ra jo, eta informazio asko jaso dezaket hortik. Aurretik, idazleok ez dugu horrelako baliabiderik izan gure lanerako. Adibidez, Vancouverren [Kanada] bueltan naizenean, Bilbora egin dudan bisita honen inguruko zerbait idatzi nahiko banu, Streetview-ren bidez, Bilboko txokoak berriz bisitatu ahalko nituzke, eta horretan nik jasotakoa baino askoz ere informazio gehiago dago. Gaur egun, informazio gehiegi dago; agian, erosoagoa litzateke asmatutako etorkizun baten inguruan idaztea.

Cyberpunk-aren sortzaileen artekoa zara. Literatur mugimendua izan beharrean etiketa hutsa dela azaldu duzu behin eta berriz. Etiketak zerbait definitzen saiatzen dira beti.Zer dela-eta dugu dena etiketatzeko beharra?

Ez nengoen batere pozik cyberpunk etiketarekin; etiketa horren peko idazle gehienak ni baino askoz ere gazteagoak ziren, eta bazirudien neuk mugimenduaren burua izan behar nuela. Etiketaren beharrak segurtasunaren beharrarekin du zerikusia. Gure lana horrela etiketatu zuten korronte nagusiaren aurka zihoalako, hori baztertzeko eta kapsula batean sartzeko. Etiketaren bidez saiatu ziren gure lana leku seguruan kokatzen. Gaur egun, cyberpunk hitzaren erabilera oso bestelakoa da ingelesez; jario nagusitik kanpoko zientzia fikziozko lanei ordez, zinemari, musikari, modari eta besteri egiten dio erreferentzia. Berezko esanahitik asko aldendu da, estiloari dagokion zerbait da. Bideo hori cyberpunk-a dela diozunean, badakizu zientzia fikziotik ekarritako irudia duela, retro-a, 80ko hamarkadaren estiloa izango du seguruenik...

Zientzia fikziozko irakurle izateaz gain, nobela beltza ere oso gustuko duzu ezta? Zein eragin nabarmenduko zenituzke zure lanean?

Egia esan, gero eta zientzia fikzio gutxiago irakurtzen dut. Orain, batez ere, hortik kanpo topatzen ditut nire literatur bitaminak. Fikzio garaikide eta historiko asko irakurtzen dut. Iragan historikoan kokatutako istorio bat idaztearen arazo teknikoak etorkizunean kokatutako fikziozko istorioaren antzekoak dira. Nire ustez, fikzio guztia espekulatiboa da, fikzio historikoa teknikoki arrotza den mundu bat deskribatzen saiatzen den neurrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.