Lilurarik ez. Puntualki baino ez du erabiltzen estudioa Asier Mendizabal artistak (Ordizia, 1973). Ez da bere lanaren muina, lanaren beste zati bat baino ez. Halakoa da Bilboko Errekalde auzoan duen lantokiari ematen dion erabilera, eta, horregatik, puntualki baino ez du aipatzen estudioa bere lanari buruz mintzo denean ere. Mendizabalen ustez, aldatu egin da artearen panorama, eta desagertze bidean da bizitza lantokian itxita pasatzen duen artista obsesiboaren irudia. «Leku batetik bestera ibiltzea, liburutegietan egotea, batzuekin eta besteekin harremanetan izatea eta ikerketan aritzea ere bada nire lanaren parte. Oso parte handia. Estudioa ere beharrezkoa da, logistikarako. Baina lana ez da hemen egiten. Gaur egun konplikatu egin da artearen langintza. Medioekiko irekitze bat izan da, eta jadanik estudioa ez da lan horren zentroa».
Garaikidetasuna da Mendizabalen kezka nagusietariko bat; nola hitz egin orainaz orainetik. Horretaz ari da estudioaz ari denean ere. «Badut ohitura ahal dudan guztietan etortzeko, baina gero eta txikiagoa da estudioan pasatu ahal izateko dudan tartea. Lanaren zatirik handiena beste alor batzuek hartu dute. Ikerketa prozesuak, batez ere. Oso elementu garaikidea da hori, nire ustez. Sorkuntza prozesuan baino gehiago ari gara, kasik, informaziotik eta erreferenteetatik jarduten. Propio moldatu behar izaten dugu lan bakoitzak eskatzen duen prozesura, eta, horregatik, toki desegoki bat da beti estudioa. Ez dago prozesu zehatz batera moldatuta. Hori dela eta, edozein prozesu errepikatzeko aukera ematen duen gune bat izan behar luke». Lau horma diren arren, potentzialki dena izateko gaitasuna izan behar lukeela, alegia.
Unibertsitate garaian zuen estudio berean aritzen da oraindik. Orduko kide berarekin, Iñaki Garmendiarekin, baita beste batekin ere, Ignacio Escuderorekin. Hirurek partekatzen dute estudioa. Ez dago, ordea, bakoitzarentzako gune zatiturik. Denena da dena, eta badu arrazoia horrek, Mendizabalen hitzetan: etengabea behar du izan gunearekiko negoziazioak. «Egun batean zurezko pieza bat lixatzen aritzen naiz, beste batean hormigoia egiten, eta beste batean maketa txikiren batekin lanean. Estudio batek malgua izan behar du». Eta halakoa da harena. Gitarrak, anplifikadoreak, The Cure taldeko abeslariaren argazki bat, maketa batzuk... eta estudioaren erdian, bateria bat. «Ez dut askorik jotzen, baina oso ongi dago hor, dagoen lekuan. Haserrealdiak baretzeko, primerako tresna da».
Ezinaren apologia
Prekarietatearen aldeko aldarria egiten du Mendizabalek. Ezinaren apologia bat. «Prekarietatea asko interesatzen zait. Mugaz eta ezintasunez betetako prozedura bat aukeratzen dut maiz, forma batera heldu ahal izateko. Teknologia desegoki batekin lan egiten saiatzen naiz». Malgua behar du horretarako lantokiak. «Estudioa ez dago espezializatuta. Espazioa beti moldatu behar da momentuan ditugun beharretara. Sorkuntza prozesua etengabe asmatu behar izatera behartzen nau horrek, eta momentu zehatz bakoitzarentzako baliabideak bilatzera. Asko estimatzen dut nik lan egiteko modu hori. Gaur egun kanpora eramaten dira produkzio lanetariko asko, eta nik neuk ere maiz eskatu diot kanpoko jendeari lanen bat egiteko, baina ahal dudan bakoitzean nik egin nahi izaten ditut. Hor aurkitzen ditut lan bakoitzarentzako erantzunak. Prozesuan. Gozatu egiten dut lan egoera horiek prekarietatearen mugetan antzezten. Gozatu egiten dut zementua rotaflex batekin mozten».
Halakoa da Mendizabalen artea ere: malgua. Eskultore gisa aurkezten du bere burua, baina bideogintza ere lantzen du, argazkigintza, baita unean-unean behar duen beste edozein arte adierazpide ere. «Garaiaren beharra da hori», dio. Bi maketa ditu orain estudioan. Irailean bere lanak hartuko dituen Zagrebeko erakusketa areto batena da bata, eta Londresko beste areto batena bestea. Abendu inguruan izango dira han haren piezak. «Maketaren lana niretzat oso garrantzitsua da. Neurriak eta eskalak jakinez gero, aski izan liteke. Baina estudioan ikusten badut proiektatuko dudan espazio horren maketa, badago erreferente intimo bat lan egiteko. Egon naiteke ordubete maketa horretan gauzatxoak mugitzen, eta horrek pentsatzen laguntzen dit».
Bere pieza gutxi ditu estudioan. «Bildumetan edo galerietan daude pieza guztiak, edo bestela bidaiatzen». Veneziako Bienalaren 58. aldian ikus daitezke haietariko batzuk, esaterako. «Ez dut beharrik sentitzen nire sorkuntzak nigandik hurbil izateko. Behin hemendik ateratzen direnean munduarenak dira, nolabait. Berria da niretzat bildumagileentzako gauzak saltzea, esaterako. Orain lau bat urteko kontua, baina oso esker onekoa da. Norbaiten desirak mugitzen du pieza. Norbaitek eskuratu nahi izan du zure lana, eta gustuz uzten diozu joaten. Horri esker bizi naitekeelako, batetik, eta, bestetik, ekintza horrek baduelako logika bat: desirarena».
Formaren erresistentzia
Irudiak nola eratzen diren da haren lanen kezka nagusia. Irudi batek nola hartzen duen esanahi bat. Sinbolizazio prozesua nola egiten den aztertzea. Adibide batez esanda: nola bihurtzen den, adibidez, Oteizaren edo Txillidaren eskultura bat Euskal Herriko egoera baten irudi. «Arteak zuzenean lan egiten du esanahitze prozesuarekin. Formak zuzenean ikertu ahal izateko toki pribilegiatua da, formak bere esanahiarekiko duen harremana baztertuta. Horrek laguntzen digu irudi baten eta esanahi baten arteko harremana erlatibizatzen. Naturalizatuta dagoen lotura hori desnaturalizatzen. Prozesu hori, irudi bati esanahia ematerainoko mugimendu hori, ez da naturala. Arteak eten egiten du lotura hori. Berrikusi egiten da forma bati zerk ematen dion esanahi bat, eta zer testuinguru politikok, sozialek eta ekonomikok lagundu duen horretan. Forman badago zer edo zer formaren eta esanahiaren arteko harreman hori gainditu egiten duena. Formak beti du erresistentzia moduko bat esanahitze horrekiko. Badauka zerbait menderaezina dena». Eta zehazki hor jartzen du begia eta lana Mendizabalek.
Zeinu politiko eta identitate kolektiboetan jartzen du arreta bereziki. Garrantzitsua da, haren ustez, zeinu horiek nola eraiki diren aztertzea, egungo egoeraren arabera berriz erabili ahal izateko. «Beharrezkoa da hori zenbait forma errekuperatu, baztertu edo berridazteko. Bestela, zeinua nola eraiki den jakin ezean, naturaltzat joko dugu, eta errepikatu egingo dugu. Era akritiko batean». Haren kezka pertsonaletariko bat da hori. Baina ez harena bakarrik. «Belaunaldi kontu bat ere bada», dio. «Bagaude euskal artista batzuk gai horri zuzenean heltzen diogunak».
Aurrekariak aipatzen ditu Mendizabalek. «Aurreko mendeko 50eko eta 60ko hamarkadetan artistak dira euskal imaginario kolektiboa berritzen laguntzen duten eragile nagusietariko bat. Ez bakarra, baina bai nagusietariko bat. Oteiza dago hor, besteak beste. Eta genealogia horretan kokatzen da gure lana. Ez genuke beldurrik izan behar gure gaurkotasunetik elementu horiek berrirakurri eta berriz erabiltzeko». Lehengo zeinuak orainaldira itzultzen asmatu behar dela, alegia. Ikusi behar dela lehengo zerk balio dezakeen orain, eta nola.
Historiarekiko antsietatea da gaurkotasunaren beste ezinegon nagusietariko bat, haren ustez. «Gure belaunaldian oso presente egon da Francis Fukuyama politologoak botatakoa, historia amaitu dela. Sinetsi ez arren, eta ideologikoki haren aurka egon arren, eta kapitalismoaren etapa berria naturalizatzeko era bat zela jakinik ere, oso presente izan dugu kontzeptu hori. Gure kulturaren ezaugarri zentral bat izan da. Oso presente izan da artean eta artiston artean. Ez hainbeste historia amaitu zenik sinetsi genuelako, baizik eta barneratu genuelako historia une horretan emango balitz ere ez ginela kapaz izango une horretan historia hori historia gisa identifikatzeko». Nola ikusi oraina orainetik, hori gakoa.
Nahas-mahas hori presente izanda nola sortzen duen galdetuta, harrigarriki azkar eman du erantzuna. «Zopa horretan egonda aski da. Ideia batek bestera eramaten zaitu. Badira gertakari historiko batzuen gaineko irakurketa konbentzionalak, eta beti izaten dut horien analisi bat egiteko gogoa». Abstrakzioari buruzko ohiko historiografia aipatzen du adibidetzat. «Beti esan izan da abstrakzioaren eskolak bazekielakomunikazioan porrot egingo zuela. Argi zutela herri hizkuntzak ezin izango zuela halakorik barneratu». Euskal Herria da, ordea, historiaren irakurketa hori oztopatzen duen kasua, Mendizabalen hitzetan. Froga: Oteiza, Txillida eta beste artista askoren lanek egina dute herri hizkuntzarainoko bidea. Adibide bat jartzen du Mendizabalek. Hernanikoa. Jose Manuel Ariztimuño Pana izeneko parkekoa, zehazki.
Gezur batez, egia bat
Parkearen izena ETAko kide izandako pertsona batena zela-eta, haren izena ageri zuten kaleko afixak kentzera joan zen Hernanira Ertzaintza 2008an. Izendegiarekin batera, ordea, parkean zegoen eskultura abstraktu bat ere eraman zuten. Gerora jakin zenez, baina, eskultura hark ez zuen Ariztimuñorekin inolako zer ikusirik. Txema Kalero eskultorearena zen pieza, eta udalak antolaturiko arte lehiaketa bat irabazi zuelako jarri zuten leku hartan. «Egia bat azaldu zuten ertzainek gezur harekin. Egia baten zati bat, behintzat», azaldu du Mendizabalek. «Berez, abstraktua da eskultura, baina Poliziak subertsio sinboliko bat identifikatu zuen lan hartan». Artistaren ustez, lotuta dago irakurketa hori 60ko hamarkadan Oteiza eta Txillidaren irudiek euskal identitatearen eraikuntzan izan zuten indarrarekin. Haien eskultura abstraktuek oihartzuna izan zuten herritarrengan, baita funtzio politiko-sinboliko bat ere. Eta horixe zen 2008an Ertzaintzak eten nahi izan zuena.
Prozesu horren erdian kokatzen du bere burua Mendizabalek. Eta itzala eman dio lan horrek. Egungo artista garaikide esanguratsuenetariko bat da. Veneziako biurtekoko erakusketa ofizialean den euskal artista bakarra da, adibidez, eta ezagunak ditu Madrilgo Reina Sofia, Bartzelonako MACBA, Londres, Zagreb eta beste hamaika ere. Ezaguna du Europako arte garaikidearen ibilbidea, eta legitimazioaz eta euskal arteaz mintzo da. Dioenez, artea aldatu den moduan, aldatu egin dira egun legitimazioa lortzeko bideak ere. Ireki. Hala, estatuen legitimaziorik jaso beharrik gabe, arte garaikidearen argazkiaren zentroan daude egun euskal artista asko. «Belaunaldi oso bat», eta izen batzuk ere aipatu ditu: Ibon Aranberri, Itziar Okariz, Jon Mikel Euba, Sergio Prego... Belaunaldi oso bat, mundu garaikidea tresna garaikideekin azaldu nahian. Mendizabalen pare; orainaren ehizan.
Artista bere estudioan (IV). Asier Mendizabal
Orainaren ehizan
Desagertze bidean dago bizitza tailerrean lanean ematen duen artista obsesiboaren irudia, Asier Mendizabalen ustez. Artearen panorama aldatu egin da, baita artistak lantokiarekiko duen harremana ere. Argi du Mendizabalek: estudioa ez da bere lanaren zentroa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu