Roser Capdevila (ilustratzailea)

"Oraingo haurrak gu baino lehenago heldu dira arlo batzuetan; besteetan, ezin umeago segitzen dute"

"Eskuan arkatza" zuela jaio zela dio Capdevilak; egunerokoa hitzez eta arkatzez fikzionatzen egin ditu urteak. Hirukiez erditu zen; 'Hirukiak' liburu sorta sortu zuen; izen bereko marrazki bizidun saileko protagonista bihurtu zituen pertsonaiok gero. Hamaika hizkuntzatara itzuli dira haren lanak

jarraia84873.jpg
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2013ko urriaren 20a
14:40
Entzun

Otsailaren 23 bat zen. Goizez. Katalanezko bere lehendabiziko liburua —ilustrazioak ere berak eginak ziren— katalan izenez sinatzea pentsatu zuen. Deitura aldatzea. Rosario ez, Roser izango zen egun hartatik aurrera. Beste otsailaren 23 batez, 1981ekoan, militarrek estatu kolpea jo zuten, eta Roserrek pentsatu zuen: "Berriz ere Rosario izatera! Eta lanik gabe, gainera!".

Halaxe abiatu zuen Roser Capdevilak (Bartzelona, 1939) ilustratzaile eta idazle ibilbidea, izena katalanera aldatuz. Ordutik, marrazteko afizioa ofizio eta eguneroko bizipenak fikzio bihurtu ditu. Azken urteetan, bestelako sormen lanetan zentratu da, 2005ean izandako zirkulazio istripu baten ondorioz ikusmena asko galdu ondoren.

Hilaren 8tik, haren obra guztia ikusgai dago Bartzelonako Robert jauregian. Idazle eta ilustratzaile lanak nagusi dira bertan. Hirurehundik gora liburu, eta horien artean ezagunenak, duela hiru hamarkada hiru alabak oinarri hartuta sortu zituen Hirukiak sortakoak.

150 herrialdetaraino heldu dira zure Hirukiak, marrazki bizidunetan. Zure garaian halako gutxi. Zertan ematen zenituen ordu libreak?

Batez ere, marrazten. Ez dakit noiz hasi nintzen; beti gustatu izan zait. Gure amak esan ohi zuen arkatza eskuan nekarrela jaiotzean. Paperik ere ez zen izaten garai hartan. Egunkari orrialdeetako ertz zuriak erabiltzen nituen marrazteko. Hori ikusita, joste eta etxeko lan eskoletatik atera eta Massana eskolara bidali ninduten gurasoek, arte ederrak ikastera. Bi urte egin nituen han. Denetarik erakusten ziguten.

Neska bat marrazkilari... ez zen oso ohikoa garai hartan. Nola gogoratzen duzu orduko giroa?

Nire haurtzaroa zuri-beltza izan zen, grisa. 1939an jaio nintzen. Gerra oste oso-oso luzea eta oso-oso pobrea izan zen. Denok pobre ginen. Hala ere, ez dut gogoan gosea pasatu izana. Apetito gabeko haur argal bat nintzen. Etxean, berriz, oso katolikoak ziren, garai hartako gehienak bezala, baina kultuak ere bai aldi berean. Musika klasikoa eta artea maitatzen erakutsi zidaten. Alde horretatik, ona izan zen. Hori bai, hazten joan nintzen eran, zentsura harekin, "neskak neskekin eta mutilak mutilekin" harekin, bekatuaren beldur harekin... 16 urterekin, Massanan ikasten ari nintzela, ihes egiteko gogoa sartu zitzaidan.

Lortu al zenuen?

Bai. Pasaportea, gidatzeko karneta eta funtzionario lanpostua lortzeko, neskek zerbitzu soziala egin behar genuen. Nik sei hilabete eman nituen horretan. Falange eta erlijio eskola hartu nituen. Josten ere ikasi nuen. Ezkontzen ginenerako kaltzontziloak josten erakutsi zidaten, esaterako, zeta papera hartuta. Hainbesteraino zen ustela orduko giroa! [barreka] Horrela lortu nuen pasaportea. Genevara joan nintzen, Suitzara, umezain. Urtebete egin nuen han, eta beste mundu bat ezagutu nuen. Familiarengandik urruti bete nituen 18 urte; aitonarik eta gurasorik gabe neure kabuz pentsa nezakeela ikasi nuen. Han askatu nintzen, tarteka tristura latza sentitu izan nuen arren.

Bueltatu zinenerako aldatuta zeunden arren, orduko Bartzelona utzi zenuen bezala egongo zen.

Bai. Gurasoentzat gogorra izan zen. Gu bost senide ginen, ni bigarrena, eta etxafuego samarra izan nintzen. Denborarekin, haiek ere mentalitatea aldatzen joan ziren. Azkenean, gure amak —duela zortzi urte hil zen— ulertu egin ninduen. Hark ero samar ikusten zuen alabak neurri bateko arrakasta lortu zuela ikusi zuen.

Suitzatik bueltan, ume txikiei erakusten hasi nintzen. Hamar urte egin nituen horrela. Eta urtebete Madrilen. Familia ere izan nuen. Marrazkilaritza ogibide gisa lantzen hasi nintzen. Horrela, 1978an argitaratu nuen papereko lehen lana.

Oraintxe bertan beteko dira 30 urte Hirukiak liburu sorta bilakatuko zenaz erditu zinela, zure alaba hirukiak pertsonaia bihurtuta. Liburuetatik marrazki bizidunetara jauzi egin, eta egundoko arrakasta lortu zenuen gerora. Zertan da sekretua, zure ustez?

Laguntzaile talde mundiala izan dut marrazki bizidun lanetan. Oso dibertigarriak ziren gidoilariak, eta mamia asko zaintzea erabaki genuen. Horrela egin genituen ordu erdiko ehundik gora atal. Bere garaian, Europan ekoitzitako marrazki bizidun sail luzeenetako bat izan zen.

Hala ere, arrakastaren muina liburuak izan ziren.

Bai. 1983an argitaratu zen lehendabiziko alea. Geroago etorri zitzaidan Cromosoma ekoiztetxea, marrazki bizidunak egiteko proposamenarekin.

Iaz salaketa jarri zenuen Cromosomaren kontra, hain zuzen ere, bere izenean erregistratu zituelako Hirukiak , zuk ezer jakin gabe. Epaileak arrazoia eman berri dizu.

Epaia oso argia izan da. Nire konfiantzari traizio egin ziotela ebatzi du. Hala ere, niri pena handia ematen dit honek guztiak. Nik hamar urtetik gora egin ditut lanean Cromosoman. Zenbaitetan, oso zoriontsua izan naiz lan horretan. Dibertitu egin naiz, bidaiak egin ditut, esperientzia berria izan da niretzat. Azken batean, ofizio berri bat ikasi nuen bertan: animazioa. Bidaide oso onak izan ditut horretan, lagun on asko egin ditut bertan. Nire konfiantza urratu zutela jakin nuenean, izugarrizko mina hartu nuen. Cromosomak hartzekodunen konkurtsora jo zuenean, zeukan aktibo bakarra Hirukiak ziren. Edozein ekoiztetxeri saltzeko moduan zeuden. Jakin nuenez, ekoiztetxeren bat erostekotan zegoen, Hirukiak nerabezaroan irudikatzeko eta tematika guztiz aldatzeko. Orduan erabaki nuen ezin zela horrela segitu.

Zure lanari begira hazi dira haur asko. Behin baino gehiagotan aipatu izan duzu zure haurtzarotik gaur egunera asko aldatu dela haurraren begirada. Zer esan nahi duzu zehazki horrekin?

Testuingurua izugarri aldatu da. Gizateriaren historian normala izan da aldaketa, baina nire haurtzarotik nire bilobenera, ikaragarria da jauzia. Makinatxoak, Internet, telebista... tresna berri mordoa sartu da haurren munduan, eta ezin dugu ezikusiarena egin. Ezin dugu horren aurka jo, guri interesatzen ez zaigulako. Guztia neurriz erabili behar da, bistan delako umea egun guztia makinara lotuta edukitzea antisoziala dela, baina liburuak maitatzen ere erakutsi behar diegu, makinaren bitartez bada ere. Oraingo haurrak gu baino lehenago heldu dira nerabezarora arlo batzuetan; besteetan, ezin umeago segitzen dute. Ume txikiak ez dira hainbeste aldatu oraindik. Hirukiak munduko bazter guztietara heldu dira, aizu! Haurrak hain dira aratzak, berdin du afrikarrak, asiarrak, latinoak, anglosaxoiak... nire mezua horiengana guztiengana heldu izanak harrotasun puntu bat sortzen dit.

Hainbeste aldaketa izanik ere, duela milaka urteko istorio batek arreta erakar dezake gaur egun ere.

Noski. Grimm anaiek eta Andersenek ez zuten ipuinik sortu. Herritik jaso zituzten, eta haien transkripzioek egitura moralista nabarmena daukate. Neskekiko, agerikoa da. Ipuin klasikoen azpi-azpian suma daitekeen istorioa, ordea, baliagarria da. Txanogorritxuren ipuineko otsoa bortxatzailea zen, azken batean. Istorioa ez zen umeentzat, dontzeilentzat baizik. Hirukiak sortan, ipuina irauli eta otsoa barazkijalea eta babestutako espezie batekoa da.

2005ean istripua izan zenuen. Marrazteari utzi behar izan zenion, bista galdu zenuelako. Nola daramazu hori?

Gogorra da, baina jende helduak ez badugu proiekturik eta ilusiorik, gaizki gabiltza. Egunero marrazten dut neuretzat. Marrazki solteak egin ditzaket, baina ezin naiz luze aritu horretan, begiak nekatu egiten zaizkidalako. Orain bestelako lanak egiten ditut. Llapis i... acció! erakusketan [hilaren 8an zabaldu zituen ateak] erakusgai dago, esaterako, kalean bildutako kartoiekin egindako orkestra bat, neurri naturalean. Duela bi urte, berriz, [Joan Batet] senarrak eta biok helduentzako kabaret bat sortu genuen supermerkatuko kutxa baten barruan, panpinatxoekin, striptease ikuskizun eta guzti. Pariseraino joan ginen harekin. Urtebetean 70etik gora aldiz eskaini genuen funtzioa: istripua izan ostean zaindu ninduten medikuen aurrean, Kataluniako liburutegiko liburuzainen aurrean, politikarien aurrean, ezezagunen aurrean... Mundial pasatu genuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.