Liburu aurrerapena

Orbanak

2012ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Ezin ukatu dut: ikaragarri gozatzen naiz dantzan. Inoiz hala ikusi ez zaituenak lanak izanen ditu sinesten, esaten zidan emazteak elkar ezagutu eta berehala. Eta bai, hala zen eta halaxe da oraindik ere.

Ez dut denbora asko ematen ispilu aurrean, baina nire burua ikusi orduko konturatzen naiz zer itxura hartzen didaten besteek begien aurrean naukatelarik. Badakit gizon gatzik gabea eta zurruna ematen dudala, txorakeriatan ibiltzea atsegin ez duen horietakoa, eta ez naiz askorik saiatu jendeak duen irudipen hori aldatzen. Badut norekin dantzatu eta konforme naiz hala den bitartean.

Lotuan aritzean hartzen dut gozamenik handiena. Askean ere ikasi nuen gaztetan, baina ez naiz hain zalea. Kontua da lotua hobeki etortzen zaiola nire izaerari; bestean aritzeko grina handiagoa behar da eta laster konturatu nintzen berdoztuta egon behar izaten nuela ahalkerik gabe ibiltzeko. Jende aurrean egon edo ez egon, emaztearekin estu antzean ari naizenean diferentea da. Atea itxiko banu bezala edo... zer dakit nik.

Zaleok, ordea, dantzarako ez dugu dantzarako proportzio handirik izaten inguru honetan. Udako festak, ezteiak eta horrelakoak... Ezer gutxi. Etxean ere egiten dugu batzuetan, irratian pieza politen bat jartzen dutenean.

Hala ere, nik udako plazakoa nahiago, eta emazteak ere bai. Eta abuztuko Ama Birjinaren ospakizunek ematen diguten aukera zabala aprobetxatzen ikasi genuen. Nire jaioterriaren inguruan, oso eremu txikian, lau herritan egiten dira eta batetik bestera ibiltzeko ohitura hartu genuen. Menditarra ezagutu nuen uda hartan ere hantxe ginen.

Bi egun lehenago aizkora saioa egin zen herrian dantzaldia ere antolatzen zuten arren, hurrengo herrira joatea erabaki genuen emazteak eta biok. Lau bat kilometro harago dago eta normalean jende gehiago biltzeaz gain musikari hobeak eramaten dituzte.

Zumardi txiki bat dute han, plaza eta geltokia lotzen dituena. Txurroak erosi eta hantxe jarri ginen gora eta behera zebiltzanei begira. Apenas ikusi genuen ezagunik, eta poztu egin nintzen. Bero zegoen oso arratsaldeko dantzalekura inguratu ginenean. Lotuak eta ez oso biziak aukeratzen ditugun arren, egun hartan mugitzen hasi orduko izerdi patsetan ginen. Arratsaldekoa bukatu aurretik oinaztargiek ederki erakutsi ziguten zer zetorren. Haizea bazterrak harrotzen hasia zen eta busti usaina zekarren. Pentsatu genuen motorra hartu eta ziztuan hanka egitea baino hobe genuela ostatuan mokadu bat egin eta presarik gabe itzultzea. Ostatuko bidean gindoazela ikusi nuen berriz menditarra, eta ez bakarrik.

Tiropitxoian zeuden. Lau lagun ziren, baina menditarrak ez zien begiratu ere egiten ondoan zituen mutil luzeari eta harekin zegoen neskari. Gu pasatzean perdigoi bat sartzen ari zen karabinan eta aldamenean zuen soineko loreduneko neskari nola tiratu behar zuen erakusten ari zitzaion. Menditarra ez zen batere zakarra, erakusten zion bitartean ukitu txikiak eta arinak egiten zizkion neskari gerrian, sorbaldan, besoan eta eskuan, baina nahi gabe bezala, fintasunez. Neskak tiro egin eta biek barre egin zuten. Gero bistatik galdu nituen.

Beharrik ez ginen abiatuak, ostatuan geundela bota baitzituen bota beharreko guztiak. Bitartean leporaino bete zen ostatua eta azkenean giro itogarria eta hezea zegoen. Horregatik, atertu orduko jo genuen kanpora. Gau zoragarria gelditu zen; hastekoa zen arratseko dantzaldia eta gozamena ematen zuen freskura hartan paseatzeak, aire garbi hura eta usain gozo haiek arnasteak.

Pixka batean itxaron behar izan genuen harik eta argi guztiak itzuli arte, eta aiherrik geunden musikariak noiz hasiko. Gogoratzen naiz, gehienetan bezala pasodoble batekin ekin ziotela, eta han elkartuak ginen guztion dantzatzeko erari erreparatu besterik ez zegoen ohartzeko nola biziberrituak gintuen ekaitzak.

Horrela joan ziren zenbait pieza, eta gu eztitan. Lotuetan, pixkaka, parejaz bete zen erdi aldea, eta horietako batean, jiraka valsean ari ginela bistatu nuen berriz menditarra. Gugandik dozena erdi bat metrora zegoen, gu bezalaxe dantzan, eta arratsaldean aldamenean zeukan soineko loreduneko neska zuen lagun. Oraingoan, hain hurbil nituenez, neskari erreparatu nion lehenik. Ederra zen oso, eta ezpainetan zuen irribarreak are ederragoa egiten zuen. Menditarra ere ez zegoen triste, neskaren aldean, ordea, itxura barea ematen zuen, beharbada, begiratu batean behintzat, neska baino hamar bat urte zaharragoa zelako.

Dantzan ari naizenetan zaila izaten da ni gogoa ia erabat hartan jarri gabe aritzea, baina aitortu behar dut gau hartan bikote hari zenbait begiratu egin nizkiola begi bazterraz. Erraza zitzaidan, haiek, itxura batean, ez baitziren beste inortaz arduratzen.

Hurbilago geunden batean atentzioa eman zidan aurrekoan menditarrari ikusi ez nion zerbaitek. Hain zen nabarmena, ze harritu egiten naiz nolatan ez nuen ezagutu orduko ikusi. Begien bistakoa zen lepo aldean zuen orbaina. Halako gutxi ikusi ditut. Argi apala zegoen han eta, hala ere, diz-diz egiten zion.

Hurrengo begiratuan urrunago nituen. Ez dakit noiz, baina menditarra ohartua zen zerbait bazela eta poliki-poliki baztertu ziren. Eta, orduan, pentsatu nuen bidezkoa zela; hark beste edozeinek bezalaxe, nik bezalaxe, merezi zuen ilunantzean, begiak itsuan, doinuez eta dantzaz gozatzea emakume baten gerriari lotuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.