Orbanetatik agertuak

Amable Ariasen poemak eta pinturak lehen aldiz batu dituzte 'Tinta japoniarrak eta poetikoak' erakusketan

Orotara, 30 pintura, hamar poema eta oleo handi bat daude ikusgai Ekain arte galerian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Amable Ariasen (Bembibre, 1927) 30 pintura, hamar poema eta olio handi bat ikusgai dira Donostiako Ekain arte galerian, haren estudioa izan zenetik metro gutxitara, urriaren 31ra bitarte. Tinta japoniarrak eta poetikoak deitu diote erakusketari, eta artistaren bi alderdi batu dituzte, sortu zuen obraren ikuspegi osoa eta zabalaezagutarazteko asmoz.

Maru Rizo alargunak azaldu duenez, «alferrikakoa» da poemen eta pinturen arteko loturak bilatzea, diziplina bakoitzean era aski desberdinean aritzen baitzen Arias. Bera arduratu da bi materialak elkartzeaz, eta «intuizioari» segi diola esan du. Lehendabiziko aldia da Ariasen poesia modu plastikoan erakusten dutela, irudiekin nahasian. Poesia «soziala» egiten zuen batik bat, pentsaraztea helburu duena, eta aldarte samindu tankerakotik hurbil idatzirik dagoena. Aitzitik, irudiak, 32,5x23 zentimetrokoak, jolastiak, alaiak eta esperimentalak dira. Gainera, denboran elkarren urruti daude batzuk eta besteak: 1974koak dira olerkiak, Egiaren poemak deituriko multzo batetik atereak; pinturak, ostera, 1983an egin zituen, hil baino urtebete lehenago.

Marrazterakoan, tintazko orbanak sortzen zituen lehenik, era abstraktuan, kasik espontaneoki. Segidan, orban definiezin horiei erreparatu eta iradokitzen zioten irudia marrazteari ekiten zion, trazu meharragoz oraingoan, lehen begiratuan konprenitzeko gisako zerbait osatzeraino. «Zera esaten zidan», oroitu du Rizok, «ezertarako balio ez duen gauza absurdorik kausitzen banuen, zentzurik gabea, emateko berari, eta pinturetarako erabiliko zuela. Halakoxea zen Amable, ateratzen zitzaiona egiten zuen». Gaineratu du «oso harrera ona» izan dutela irudiek oraingo gazteengan, «garai batekoek baino ikasiagoak» direnez, «ohituagoak» daudelako gisa horretako artera.

Erakusketaren idazpuruan japoniar aipatzen bada ere, pinturek gutxi dute ikustekorik Japonekin. «Holbein etxeko tintak erabiltzen zituen, eta poteen azpian Made in Japan irakur zitekeen, markaren izena zeharo europarra izanagatik ere. Tinta klase horrek badu zerbait berezia: batzuetan, irudiei gertutik behatzen bazaie, korpuskulu distiratsu eta lakarrak antzematen dira. Norbaitek esan zidan kristal txikiz osatuta dagoela».

Carmen Alonso-Pimentel arte historialariak, Amable Arias liburuan, zera aipatu zuen artistaren pintura horiez: «Kolore indartsuzko Holbein tinta pintzelkada zabaletan barreiatuta, kontrastatutako bi tonuren arteko egitura inguratzaileak sortzen ditu. Hasierako orban eta hutsune horiek elkartze joko bat sortzen dute, apurka nahiko itxura mehatxaria hartzen duen tinta beltzezko marrazki argi baterantz jotzen dutelarik».

Gaur taldeko ardi galdua

Leonen (Espainia) sortu bazen ere, bizitzako zatirik handiena Donostian igaro zuen Ariasek. Lehen pausoak autodidakta modura eman zituen, eta, oinarrizko maila lortutakoan, Ascensio Martiarenaren eskolak jaso zituen. Jorge Oteiza, Eduardo Txillida edota Jose Antonio Sistiagaren modura, Gaur taldeko sortzaile izan zen 60ko hamarkadan. Hala ere, taldeaz mintzatzerakoan, «harena izan ezik beste izen guztiak bururatzen zaizkigu», Rita Unzurrunzaga Ekain artelanak-eko arduradunaren ustez. Esan duenez, artistaren lanak ezagunago bilakatu dira hil ondoren, bizirik zegoenean baino: «Zergatik gertatzen den hori? Bada, seguruenera haren izaeragatik. Haurra zelarik, trenak harrapatu zuen, eta geroztik hanka bat bestea baino motzagoa izan zuen. Baliteke horrek eragin izana ere».

Ariasen inguruko hurrengo erakusketa Koldo Mitxelena Kulturgunean izango da, otsail aldera. Rizok nabarmendu du haren alderik esperimentalena erakusten duten obrak izango direla ikusgai, eta «artistaren berraurkitze bat» izatea espero du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.