“Kantak behar zituen koroak, eta hor jarri nintzen oh, oh egiten. Oh, oh. Oñatiko tipo bat”. Anekdota modura kontatu du pasadizoa Ruper Ordorikak, baina eman dezake Lurrean etzanda diskoaren sorkuntza prozesuaren berri. “Aurrez sekula jo ez ditudan lur batzuetan jo izanaren sentsazioa dut”. Azaldu duenez, Alberto de la Casa musikariarekin elkarrizketan joan da diskoko kantuak fintzen, eta ohiko kolaboratzaile duen Kenny Wollesen bateria jotzailearekin (Bill Frisell, Tom Waits, John Zorn), Simon Edwards baxu eta kontrabaxu jotzailearekin (Fairground Attraction, Billy Bragg) eta Leo Abrahams gitarra jotzailearekin (Brian Eno, Jarvis Cocekr...) grabatu ditu diskoko 11 abestiak. “Inoizko libreen sentitu naiz. Iruditzen zait, poliki-poliki ari naizela laketzen estudioan. Banuen izugarrizko beldurra estudioarekin, eta orain gero eta gustorago nago”. Bere ibilbideko 16. diskoa da.
[youtube] http://youtu.be/x8ySOnC6Ao0 [/youtube]
“Harago joateko gai naizela jakitea beharrezkoa zait. Nire ohiko taldearekin jotzen dudanean kasik badakit nora helduko naizen, eta sortzen nagoenean ez dut jakin nahi nora helduko naizen”. Oraingoan Wollesenek eman zion pista. Donostiara etorri zen bateria jotzailea udan, eta orduan elkartu zen aspaldiko lagunarekin. Hor bota zion esaldia Ordorikari: “Zure gitarrista ezagutu dut, entzuten dudan aldiro zurekin gogoratzen naiz”. Eta denborarekin hala batu zen Abahams taldera. Eta behin eta berriz nabarmendu du bere izena Ordorikak diskoaren aurkezpenean. Iradoki duenez klabea izan da bere presentzia diskoan. “Arrazoi zuen Kennyk [Wollesenek]”.
Taldea osatu eta hiru egunez grabatu dute diskoa Elkar estudioan. Denak elkarrekin aritu dira, eta zuzenean eta analogikoan grabatu dute dena. “Momentua harrapatu nahi nuen”. Katarain estudioetan egin dituzte gero nahasketak eta masterra. Ordorikak dioenez, inoiz baino gitarra gehiago grabatu ditu berak, eta baita sekula baino koro gehiago ere. Musikariak libre utzi dituela ere gehitu du, eta hor aipatu du paradoxa: “Bitxia da, soka zenbat eta askeago utzi, orduan eta gehiago gerturatzen naiz entzun nahi dudan horretara”.
Oso disko argia eta anitza atera dela dio. Baina ez da soilik musikaz ari Ordorika. Hitzetan ere baikor izan dela dio, eta Dionisio Cañas poetaren testu bat izan du abiapuntu nagusia. “Gaizki egoten da zerutik gertu,/ ez, nik ez dut zerutik gertu egon nahi,/ hemen egon nahi dut, lurrean etzanda”. Testuak harrapatu egin zuela dio musikariak, eta ezinezkoa egin zitzaiola poema harekin kantarik ez sortzea. Ordorikak sortutakoak dira gainontzeko letra guztiak, baina hori da ildo nagusia. “Ezkor izatearena utzi dezagun garai hobeetarako”.
[youtube] http://youtu.be/r-dsFsGk2fQ [/youtube]
Durangoko Azokan izango da lehenengoz zuzenean Ruper Ordorika kanta berriekin, Ahotsenea gunean. Abenduaren 20an eskainiko du lehen zuzeneko propioa, halere, Bilboko Kafe Antzokian, eta 2015ean abiatuko du bira. Iruñean izango da urtarrilaren 30ean, Donostian, otsailaren 8an, eta martxoan Gasteizen.