Orkestra zuzendari gazteentzako laborategia antolatu du EOSek

Bost musikari gazte aukeratu ditu Andres Orozco-Estrada zuzendariak orkestra aurrean trebatzeko

Erredakzioa
Donostia
2011ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Ezinbestekoa da musikari profesionalen eta hasten ari direnen artean loturak sortzea, Andres Orozco-Estrada (Medellin, 1977) Euskadiko Orkestrako Sinfonikoaren zuzendariarentzat. Horrexegatik antolatu zuen iaz, estreinakoz, bakarlari gazteak orkestrarekin aritzeko laborategia. Aurten, zuzendari hasiberriei eskaini die EOSekin trebatzeko aukera. Atzo hasi zuten musika laborategia Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan eta bihar emango diote amaiera.

Deialdian parte hartu duten 30zuzendari gazteetatik bost aukeratu ditu Orozco-Estradak laborategirako: Georgina Sanchez, Marius McGuinnes, Carlos Garces, Antonio Lajarabere eta Asier Zabalza. Bartzelona, Alacant (Herrialde Katalanak), Soria, Valladolid (Espainia) eta Iruñekoak dira, eta 21 eta 31 urte bitartean dituzte. Musikenen, Madrilgo Errege Kontserbatorioan eta Kataluniako goi mailako Musika Eskolan ari dira zuzendaritza ikasketak egiten batzuk, eta dagoeneko eginak dituzte besteek.

«Aukera paregabea da guretzat. Inon ez da egiten horrelako laborategirik, eta aprobetxatu beharra daukagu», dio Carlos Garces zuzendari espainiarrak. Europako hainbat orkestratan egiten dira lantegi pedagogikoak, baina ez dago antzeko laborategirik. «Ikasten eta hazten joateko aukera eman nahi diegu musikari gazteei. Egiten ari direnean sinetsi behar dute. Azken finean, ego kontua da», Orozco-Estradaren ustez. Bogotako Orkestran ezagutu eta parte hartu zuen berak antzeko laborategi batean, hasiberria zenean. «Asko ikasi nuen. Ea hemen ere laborategiak ugaldu eta orkestra guztiek berdina egiten duten».

Kontzertua, bihar

Bost zuzendariek atzo eta gaur egindako lana jendaurrean erakutsi ahal izango dute bihar. Miramongo Matineeak zikloaren baitan laborategia ixteko kontzertuan egingo dute, 11:00etan.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa 50 musikarik osatuko dute bihar, eta Mozarten, Arriagaren, Mendelssohnen eta Beethovenen lanak zuzenduko dituzte bost zuzendari gazteek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.