Ornette Coleman saxo jotzaile estatubatuarra XX. mendeko jazzaren mito handienetakoa izan zen, 50eko eta 60ko hamarkadetan musika estilo hori bide berrietara eraman zuen belaunaldiko inportanteenatkoa. Ez alferrik, jazzaren aldaera bati izena eman zion bere diskoetako batek (Free Jazz, 1960). Lan hori, inprobisazioaren gailurretako bat, bi laukotek grabatu zuten aldi berean, eta horietako bakoitzak jotzen zuena aparailu erreproduktoreko bozgoragailu banatik entzuten zen. Inprobisazio kolektibo eta bakar horrek hartu zituen diskoko 37 minutuak, eta kaleratu bezain pronto oihartzun handia izan zuen, baita kontrako erantzunak ere. Batzuek jeinutzat hartu zuten Coleman; beste batzuek, aldiz, iruzurtzat.
[youtube]https://youtu.be/xbZIiom9rDA[/youtube]
Free Jazz Colemanen seigarren diskoa izan zen, eta etorriko zena aurreratu zuen neurri batean. Lehenago Charlie Parkerren eraginpean hasia zen saxofoia jotzen, baina Free Jazz iritsi zenerako bestelako bideak bilatu nahi zituen. This Is our Music (1961) izan zen bere beste lan aipatuetako bat.