«Heterodoxoa eta eklektikoa» izango da Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen eskaintza, jaialdiaren zuzendari Jose Luis Rebordinosek adierazi duenez. «Urteko film interesgarri ia guztiak lortu ditugu, amestu duguna eskuratu dugu, eta generoaren barruko azpigenero ia guztietako filmak eskainiko ditugu». 21. ekitaldia du aurten jaialdiak, eta Rebordinos izan du zuzendari hasieratik. Baina Rebordinosek urtarrilean Donostiako Zinemaldiaren zuzendari kargua hartuko duenez, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak beste zuzendari bat izango du 2011n. Oraindik ez dute jakinarazi nor den, baina egungo zuzendariak adierazi du seguru dagoela bere oinordekoak oso ondo gidatuko duela jaialdia.
Krisi ekonomikoaren ondorioz, aurrekontu murrizketak zinema aretoetatik kanpoko ekimenak gutxitzera behartu ditu jaialdiaren antolatzaileak azken urteetan, baina aurtengo ekitaldian berriro indartu dira horiek. «Ekimen horiek gabe ere, ikusleek jakin izan dute giroa sortzen, baina horiekin jaialdiak indar handiagoa dauka», Rebordinosen iritziz. Jaialdiak irauten duen egunetan, urriaren 30tik azaroaren 5era arte, zinema aretoetatik kanpo ere girotuko du hiria jaialdiak. Orotariko munstroak izango dira, beraz, aretoetan nahiz aretoetatik kanpo.
Inaugurazioko filma
Jalmari Helanderren Rare Exports filmarekin jarriko da abian jaialdia. Sitgesko zinema jaialdian film onenaren eta zuzendari onenaren sariak eskuratu ditu, eta lotura estua du Donostiako jaialdiarekin, Helanderrek duela bost urte Donostian aurkeztu zuen film laburrak saria jaso baitzuen. Film labur hartan jorratu zuen gaia garatu eta zabaldu egin du zinemagileak orain, Rare Exports film luze laudatu eta sarituan: Bizarzuri basatien ehiza, bahiketa, bezatzea eta esportazioa. Amaierako ekitaldiko filma, berriz, Antoine Blossierren Proie izango da. Lehiaz kanpo, Blossierren filmak ongarri berezi baten eragin suntsigarriak erakutsiko dizkie ikusleei.
Film luzeen sail ofiziala
Guztira, 21 film luze lehiatuko dira film luzeen sail ofizialean, ikusleen saria eta harekin batera jasotzen diren 6.000 euroak irabazteko. 21 film horietatik lau animazioko lanak dira. Lau film horiek besteekin batera lehiatuko dira sari nagusiaren bila, baina horrez gain horietako batek animazioko film luze onenaren saria jasoko du, 3.000 eurokoa. Sari hori zein filmek irabaziko duen ere ikusleek erabakiko dute.
Iazko ekitalditik aurtengora bitarte beldurrezko eta fantasiazko zinemaren arloan ekoitzi den onena eskuratzea lortu dute jaialdiaren antolatzaileek, Rebordinosen esanetan, data arazoen ondorioz Donostiara etorri gabe geratu den film bakar bat izan ezik, Quentin Dupieux-en Rubber.
Iritsiko diren filmen artean Srdjan Spasojevic-en A Serbian film / Srpski Film dago, irudien lazgarritasun gordinagatik polemika piztu duen filma, «gehiegizko polemika», Rebordinosen ustez. «Diskurtso erradikal eta oldarkorra duen filma da, ez dago ukatzerik, baina eman beharrekoa. Donostiako ikusleek hura ikusi eta gero bere iritzia emateko aukera izango dute, zuzendaria hemen izango baita, filma aurkezten lehenik, eta emanaldiaren osteko debatean gero».
Film laburren sail ofiziala
Guztira, 14 film labur lehiatuko dira film laburren sail ofizialean, eta bi sari emango dira: publikoaren saria eta nazioarteko epaimahaiaren saria. Lehenak ikusleak izango ditu epaile; bigarrenak Jose Maria Sanz Loquillo, Esperanza Luffiego eta Tomi Malkki Malakias.
Aleister Crowleyri buruzko zikloa
Film klasiko askoren inspirazio iturritzat jotzen da Aleister Crowley (1875-1947), The Great Beast 666 ezizenaren jabe ere izan zen ingeles poeta, mago, satanista eta abenturazalea. F.W. Murnauren Nosferatu (1921), Edgar G. Ulmerren The Black Cat (1934) eta Jacques Tourneurren Night of the Demon (1957) daude Piztia pantailan. Aleister Crowley eta fantasiazko zinema zikloak eskainiko dituen filmen artean.
Hasierako kalejira eta kaleko animazioak
Carros de Foc antzerki konpainiak gidatuta egingo da jaialdiaren inaugurazioko kalejira, urriaren 30ean, 19:00etan, Okendo kaletik irten eta Bulebarrera eta Parte Zahar aldera jota, 21 metro luze dituen dragoi baten konpainiarekin, La leyenda de los pueblos olvidados izenburua izango duen ekitaldian. Horretaz gain, jaialdiak irauten duen egunetan, Judas Arrieta artistak koordinatutako Ninja Pastori manga-punk zortzikoteak Mazinger Z, Comando G, Ulises 31 eta gisakoak abestuko ditu Parte Zaharreko tabernetan. Azken egunean, azaroaren 5ean, zonbien martxaegingo da, Euskal Okela kolektiboak antolatuta. Egun horretan zonbiz bete nahi du jaialdiaren gunea Euskal Okelak. Martxan parte hartu nahi duena etxetik joan daiteke zonbiz jantzita, edo Euskal Okelak eskainitako makillaje zerbitzu ordaindu baina aski merkea erabili bestela. Zonbien inguruko filma egin nahi du Euskal Okelak, eta asmo hori promozionatuko du jaialdian zonbien martxarekin.
'Kaiju' erakusketa
Hainbat txinatar artistak Xabi Erkizia musikariaren eta Judas Arrieta artistaren kolaborazioarekin sortutako munstroak bilduko ditu Kaiju (Munstroa) erakusketak, urriaren 30etik azaroaren 14ra arte, Udal Liburutegiko ekitaldi aretoan.
Komiki jardunaldiak
Lau erakusketa eskainiko ditu jaialdiak, VII. Komiki Jardunaldien barruan: Dani Fanorena, Udal Liburutegi nagusian; Guillermo Gonzalezena eta Salvador Larrocaren Filmetako superheroiak, Okendo kultur etxeko gela banatan; eta Isabel Manceboren Miragarriak, Principe zinema aretoetan. Abenduaren hasiera arte izango dira zabalik erakusketa horiek.
Orotariko munstroak
Generoaren barruko «azpigenero ia guztietako filmak» izango dira Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Astean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu