Oscar sarien 81. ekitaldiak garaile eta galtzaile argiak utzi ditu. Danny Boyleren Slumdog Millionaire-k arrakastaren olatuan jarraitu du, Urrezko Globoa eta Bafta sariak irabazi ondoren, Oscar sari garrantzitsuenak jaso baititu. Bombayko bazter auzoetan garatzen den maitasun istorio horrek film onenaren eta zuzendari onenaren Oscar sariak irabazi ditu.
Faborito handiena David Fincherren The Curious Case of Benjamin Button zela zioten askok, eta iragarpen horrek arrazoizkoa ematen zuen, filmaren hamahiru izendapenak kontuan hartuta. Baina ez. Oscarren historia izendapen asko zituzten film galtzailez betea dago; zahar jaio eta hil arte gaztetuz doan Benjamin Buttonen istorio bitxia zerrendan izango da aurrerantzean. Izan ere, hamahiru izendapenetatik hiru aitortza baino ez ditu jaso, hirurak sari teknikoak (zuzendaritza artistikoa, makillajea eta efektu bisualak). Slumdog Millionaire-k, Indian filmatutako ekoizpen ingelesak, umezurtz utzi du interpretazioan Brad Pitt eta Cate Blanchet zituen filma. Sari nagusiez gain, musika eta egokitutako gidoiaren Oscarrak ere irabazi ditu Danny Boyleren lan independenteak.
Eta, horrenbestez, Oscarrak Indiara begira jarri dira aurten. Bombayko kale arriskutsuetan hazitako mutil baten maitasun istorio dramatikoa kontatzen du Boyleren filmak. Jamal gaztea Who Wants to Be a Millionaire? telebista lehiaketara joango da, eta aberastuko duen sari nagusia irabaztear dela, iruzur egitea leporatuko diote.
'Milk'-en ezustea
Interpretazioaren alorrari dagokionez, iragarpenak bete egin dira emakumezko aktoreen atal bietan eta bigarren mailako gizonezko aktorearenean. Ezustea gizonezko aktore onenaren atalean iritsi da. Inor gutxik uste zuen Sean Pennek bere bigarren Oscar saria irabazi behar zuenik (Mystic River-i esker lortu zuen lehena, 2003an), ez Milk filmean egindako interpretazioak merezi ez duelako, Mickey Rourke (The Wrestler) eta Brad Pitt (The Curious Case of Benjamin Button) aktoreen arteko kontua ematen zuelako baizik. Baina 60ko hamarkadako politikari Harvey Milkek bere homosexualtasuna ozenki jakinarazi zueneko pasarte historikoa jaso duen filma saritu nahi izan du Akademiak. Gus Van Santek zuzendutako filmak, gainera, gidoi onenaren Oscarra irabazi du (Dustin Lance Black). AEBetako hainbat estatutan debekaturik daude ezkontza homosexualak, eta haien alde aritu zen Sean Penn bere garaikurra jasotzean.
Bigarren mailako aktorearen atalari dagokionez, ez da ezusterik izan, eta Heath Ledgerrek (The Dark Knight) Oscar saria irabazi du hil eta gero. Aktore australiarraren amak eta arrebak jaso zuten saria, Ledgerren hiru urteko alabaren izenean.
Emakumezko aktoreen ataletan ere iragarpenak bete dira. Kate Winsletek lasaitu ederra hartu du aktore onenaren Oscarra irabazita (The Reader). Seigarren izendapena zen aktore ingelesarentzat, eta oraingoan ere Oscarrik gabe geratuko ote zen beldur zela esana zuen. Baina Urrezko Globoa jaso ondoren, Oscar saria jasotzeko txanda heldu zaio azkenean.
Halaber, bigarren mailako atalean faborito argia zegoen: Penelope Cruz espainiarra. Woody Allenen Vicky Cristina Barcelona-n egindako interpretazioari esker jaso du saria. 2007an Pedro Almodovarren Volver-en jokatutako beste rol batek aukera eman zion Oscar saria irabazteko. Orduan ez zuen lortu (Hellen Mirrenek irabazi zuen), baina atzo, bai.
Oscar bat Japoniara
Los Angelesko Kodak Theatre antzokian egindako galak utzi zuen beste ezuste bat. Ingelesez besteko film onenaren saria Japoniara joan da, Okuribito (Departures) filmak irabazi eta gero. Ez zuen ematen Yojiro Takitaren lanak aukera handirik zuenik, batez ere Laurent Canteten Entre les murs Cannesko Urrezko Palmaren irabazlea eta Ari Folmanen Waltz with Bashir animazio film txalotua izendatuen artean zeudelako. Baina ez batak, ez besteak ez dute irabazi.
Eta animazioaren alorrari dagokionez, gehienek espero bezala, Andrew Stantonen Wall-E goraipatuak irabazi du Oscar saria. Pixar-Disneyren lana beste hainbat kategoriatan izendatua egoteko modukoa zela diote askok; animazioari dagokion Oscarrarekin konforme egon beharko dute filmeko arduradunek.
Hugh Jackman aktore australiarrak aurkeztu zuen atzoko gala. Barack Obama presidenteari erreferentzia eginez edo, «garai berriak» iritsi zirela esan zuen ekitaldiaren hasieran. Eta ez alferrik. Oscarren galak Broadwayko musikal baten traza hartu zuen sarritan, Jackmanek abestu eta dantzatu egin baitzuen filmen aurkezpenak egitean. Anne Hathaway aktorearen laguntza izan zuen horretarako. Gainera, aktore saridunek aurreko urteetan Oscarra jasotako aktoreen eskuetatik hartu zituzten euren aitortzak. Sofia Loren, Robert de Niro eta Anthony Hopkins, esaterako, oholtza gainean izan ziren.
Oscarrak, Indiara begira
'Slumdog Millionaire' izan da Oscarretako garaile handia, zortzi sari irabazita, horien artean film eta zuzendari onenarenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu