Zinema

Oskar Alegriaren 'Zumiriki' filmak zabalduko du 14. Ikuspuntu jaialdia

Martxoaren 2tik 7ra izango da, Iruñean. Itsasoaren ideiak ardaztuko du jaialdia. Alemaniako eta Txileko lau zinemagile emakumeren elkarlana omenduko dute.

Gaur aurkeztu dituzte Ikuspuntu jaialdiaren lehen xehetasunak, Iruñeko Baluarte auditoriumean. BERRIA
Ane Eslava.
2019ko abenduaren 11
10:34
Entzun

Itsasoa. Hori da hurrengo Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdia zeharkatuko duen kontzeptu nagusia. «Zinema dokumentalean asko erretratatu den paisaia baita», Garbiñe Ortega zuzendari artistikoaren hitzetan. 2020ko martxoaren 2tik 7ra egingo dute jaialdia, Iruñean, eta hamalaugarren aldia izango du. Aurrekoetan bezala, zazpi ataletan banatuko dute: Sail Ofiziala, Atzera Begirakoak, Dokbizia, Ikuspuntu Labs, Foku Garaikideak, Ekitaldi Bereziak eta Hezkuntza Programa.

Oskar Alegria zinemagile nafarraren Zumiriki lanak irekiko du festibala. Naturarekin eta haurtzaroarekin elkartzeko desioari lotutako istorio bat kontatzen du, eta Veneziako Mostran estreinatu zuten. Ortega «pozik» agertu da lan hori jaialdian izateagatik, besteak beste, Alegria jaialdiaren zuzendari artistikoa izan zelako haren aurretik. «Oso berezia izango da», adierazi du.

Jaialdiaren irudia itsasoarekin lotuta dago. Dani Sanchis da sortzailea, eta hiru kartelen bitartez irudikatu ditu «urdina pultsio gisa, ozeano berreraiki eta aztoratua, eta edertasun natural zatikatua». Halaber, itsasoarekin erlazionatuta dago historiari lotutako atzera begirakoa. Erika Balsom britainiarraren An Oceanic Feelling saiakeratik abiatuta, itsasoak zinemaren historian izan duen tokia aztertuko dute atal horretan, sei filmen bitartez.

Elkarlanaren aitorpena

Atzera begirako garaikidean, berriz, lau emakume zinemagileren lanak emango dituzte: Ute Aurand, Renate Sami eta Helga Fanderl alemaniarrenak eta Jeannete Muñoz txiletarrarenak. Zinemagile horiei aitorpen ugari egin dizkiete nazioarteko jaialdi entzutetsuetan, eta haien lana 1980ko hamarkadako abangoardismoaren eta zine esperimentalean kokatzen da. Haien «erretratu» izango den liburu bat ere argitaratuko dute; Garbiñe Ortegak eta jaialdiko komisario Maria Palaciosek editatu dute, eta hainbat zinemagile, idazle eta akademikoen idatziak jaso dituzte, hala nola George Clark, Soon Mi-Yoo, Sarah Neely, Francisco Algarin, Elena Duque edo Carine Doumit. Lehen aldia da talde bati eskaintzen diotela tarte hori, baina, Ortegak azaldu duenez, nabarmendu nahi izan dute sortzaile horiek lagunak direla eta kolaborazio «politak» egin dituztela. «Horien bitartez erakutsi nahi dugu nola laguntzen diogun elkarri zineman».

Ospakizun bat ere izango du aurtengo Ikuspuntu jaialdiak: X Films proiektuaren hamargarren urteurrena. 2009tik, jaialdiak hiru sortzaile gonbidatzen ditu urtero saiakera dokumental baten proiektua aurkeztera, ondoren Nafarroan filmatzeko. Epaimahai batek proiektu bat aukeratzen du, eta jaialdiaren hurrengo edizioan aurkezten dute. Urtemuga dela eta, programa hori irabazi duten pelikula guztiak proiektatuko dituzte, eta, horrekin batera, iazko edizioa irabazi zuena ere aurkeztuko dute: Maddi Barber nafarraren Rojo izeneko lana. Barber eta Alegriarenak ez ezik, festibalean egile nafarren film «ugari» egongo direla jakinarazi du Ortegak; «horietako asko estreinaldiak».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.