Benito Lertxundi. Musikaria

«Oso interesgarria da ez esatetik zure bidea zein den ikustea»

Bizitzaren zazpigarren hamarkadan sartuta eta «sorkuntzarekin zerikusirik ez duten sasi asko kenduta», heldutasun betean sentitzen du bere burua kantugileak.

gorka erostarbe leunda
Donostia
2012ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Miretsiak ditu Bob Dylan eta Leonard Cohen, besteak beste. Urtebete zaharragoa da aurrena, zortzi urtez zaharragoa bigarrena. Oholtzaren gainean dira biak. Benito Lertxundi ere (Orio, Gipuzkoa, 1942) sasoiko ageri da Oroimenaren oraina diskoa argitaratu berritan. Ibilbideko hamazazpigarrena du, Elkarrekin plazaratua. Zuzenekoetan aritzeko indarrez, hizketarako buru-argitasunez eta hitz bizi eta seguruz. Eskarmentuz. «Askatasuna ezinbesteko kontzientzia egoera da ulertu behar dena ulertzeko. Utopia dela diotenek tontakeriak baino ez dituzte esaten. Hori gabe ezin da ezer ulertu. Beti ibiliko zara norbaiten eskutik». Esperientziatik abiatuta, askatasuna edozertarako abiapuntu eta kantua garraio.

Esan izan duzu inoiz baino errazago etorri zaizkizula kantuok. Zer da hori, soseguaren ondorio, heldutasun artistikoarena, patuarena?

Izan liteke guztia. Urteekin zenbait obsesio galdu egiten dira. Publikora doan zerbait egiten duzunean desafio moduan hartzen duzu. Publikoari epailearen irudia ematen diozu. Iristen da une bat esaten duzuna: «Eta epaitzen banaute, zer?». Gauza horiekiko digestioa egiten duzu, eta pentsatzen duzu bakar-bakarrik bizi taupada batzuk uzten ari zarela. Azkenean, jendeak bere bizitza egiten du, eta kantuak ere bizitza horietara moldatzen dira. Guk hori ez dugu kontrolatzen ahal. Gugandik ihes egiten dute kantuek. Hori dena konprenitu ondoren, ez ditut hainbeste buruhauste izaten kantuekin. Nahiago dut irteera eman naturalki. Urteekin ikasi dut normalean zer den nahi ez dudana. Zer nahi ez dudan dakidanean, sasia garbitu egiten dut. Gelditzen den bidea nahiko argia da, eta egiten duzun urratsa nahiko koherentea da.

Hala ere, oraintsu arte esaten zenuen asko kostatzen zitzaizula kantuaren azken emaitzara iristea. Perfekzionismorako joera galdu duzu?

Perfekzionismoaren kontu hori askotan esan didate, baina nik ez dut pertzepzio hori. Oso urruti nago perfektu izatetik. Gehiago da nigan badirela gustukoak ez zaizkidan gauzak. Zergatik? Beti konparaketa egiten duzulako: «Hark egin du hori, eta nik ez...». Konparaketa egitean hutsune moduko bat azaltzen da, eta hutsune horrek lotsarazi egiten zaitu. Nahi duzu gainditu eta hobetu, eta borroka horretan sartzen zara.

Nahi ez duzuna zer den oso garbi izaten omen duzu. Hitzetan jar al liteke nahi ez duzun hori?

Estetika proposamen askotarikoak daude. Badakizu zer doan zurekin eta zer ez. Horrek ez du esan nahi gustatzen ez zaizkidanik nahi ez ditudan horiek, baina bakoitzak jakin behar du bere ibiltzeko modua, bere arnasteko modua, bere baldintzak zein diren. Oso interesgarria da ez esatetik zure bidea zein den ikustea. Egin nezakeen gauzarik zuzenena da bide horri jorratzea, hori baita bidea, eta ez besterik.

«Orainak beste ezerk ez nau ezagutzen», dio Nintzenaz oroitzean Fernando Pessoaren poeman oinarrituriko kantuak. Zer diotso orainak Benito Lertxundiri?

Pessoarekin bat egiten dut ia gauza guztietan. Oso hurbila sentitzen dut. Esango nituzke berak esaten dituen gauza guztiak, baina berak lehenago esan zituen. Eta oso ongi gainera. Nik ahotsa jarri baino ezin dut egin. Iragana eta geroa, gure burutapen, ilusio, pentsamendu baino ez dira. Oraina da ezagutzen nauen bakarra, gainerako dena komeriak baino ez dira. Esateko modua du hain liberatua, hain lotsagabea Pessoak. Profil hori izugarri gustatzen zait. Ikusten dut tipo salbai bat. Eta tipo salbai bat nola beti sentibera den ezinbestean. Leonardo Da Vincik esan zuen salbaia dela salbatzen dena.

Kantu horretan bertan dio, «nire oroimena ez da ezer». Hala ere, gogoak egingo dizu iraganera, Ez Dok Amairu garaietara adibidez?

Oroimena oso ona da. Begia ere oso ona da, baina begiari ez diote eskatzen ikustea baino, ezin diot ezer gehiago eskatu. Eta zer? Gutxi da? Oroimena da erreminta bat izugarri ona, esperientzia delako. Esperientzia horretan oinarrituko zara bizitzan egin behar dituzun gauza pila baterako, adibidez kantuak egiteko. Gertatzen da oroimena eta haren inguruko makinaria guztia historikoki erabili direla haratago doazen gauzetarako. Eman dezagun, izpiritualtasuna, mundu psikologikoa... hor ia ez du balio oroimenak. Orainak ez du denborarik, oraina eternoa da. Denborarik ez duen zerbait ezin du inoiz ulertu denbora den zerbaitek. Oroimenaren orainak esaten dit niri oroimena erreskatatzen duzunean ekintza batez erreskatatzen duzula. Ekintza bera bihurtzen da oraina, eta horretarako balio dezake. Motore da oroimen hori.

Oroimen ariketa fikziozkoa egin dezagun. Joan gaitezen zure hastapenetara. Zer pentsatuko luke orduko Benito Lertxundi hasiberri hark oraingoaz?

Ez dakit. Beste gauza batzuetatik nentorren, beste gauza batzuetan nengoen eta, hain zuzen ere, hori da bizitzaren misterio mugikor hori. Ez duzu susmatzen ahal gauzak nola ulertuko dituzun aurrerantzean. Ariketa hori egitea ezinezkoa zait niri. Batzuetan galdetzen da: «Nola nahi zenuke jendeak oroit zaitzan?». Jendeak nahi duen moduan. Erantzungo banu, tronpatu egingo nintzateke; beharbada gezurra ere esango nuke, eta, gainera, bi axola zait. Orainari bakarrik erantzuten diot...

Ez zaitu kezkatzen beraz zure figura eta obra nola igaroko den memoriara, edota eternitaterik izango duen?

Ezta batere. Iruditzen zait gure egoak egiten duen jukutria eta pailazokeria dela hori. Hori dena da gure egoaren eztanda. Eta egoa guk geuk sortutako mamua da. Heldutasun gabeziaren ondorioa da egolatria.

Sortzaileak harreman gatazkatsuaduegoarekin. Nola daramazu zuk?

Oso inportantea da jakitea egoaren naturaleza egiazkoa zer den eta nola gauzatzen den. Egoa geuk sortutako mamua da. Ingurukoek zutaz zer irudi duten, eta zuk zer interpretazio egiten duzun... Hori lerdokeria ikaragarria da. Batzuetan, burutapen erdi gaiztoak etortzen zaizkit, eta jartzen naiz pentsamenduari begira, epaitu gabe. Nire pentsamendua beti harrapatu dut estimuluak sortzen. «Hau egingo banu, hara joango banintz, beste hura erosiko banu...». Egoak behar du beti hor egotea, sasi-zoriontasun horretan izatea. Entretenitua eduki nahi zaitu. Baina konturatzen zara benetako beharrak ez direla asko. Lo egin behar dut, edan behar dut, jan behar dut, hozberoetatik babestu behar dut... baina gero egoak beste milaka behar sortzen ditu, su artifizial direnak, ordea. Jakin behar dugu hori bereizten. Afrikan ez dute psikologo beharrik. Behar dute jatekoa. Guk, aldiz, oraingoz jateko beharrik ez, baina psikologoak behar ditugu. Bien artean nahiago dut nik Afrikan gertatzen dena, lehen munduan gertatzen dena baino. Psikologoak behar ditugunean esan nahi du erabat galduta gabiltzala, ez dakigula begiratzen gertatzen zaigun horri. Eta kultura letra larritan horixe da. Norbait haziko baldin bada, hori da egin behar duen ariketa, bereiztea zer den behar naturala eta zer egoak sorturikoa. Esku berarekin egin dezakezu artea, eta egin dezakezu hondamendia. Erdibitu egiten denean, patologia sortzen da: eromena. Baina nola orokortua dagoen ez du axolarik...

Uste dut erantzun didazula hau ere, baina... Kantagintzaren belaunaldi bateko azken ahotsetako bat zara. Horretan pentsatzen duzu?

Ez dit batere axolarik. Niri mundu kronologikoak bost. «Gu hasi ginen, eta gero beste hau etorri zen eta...». Ez zaizkit halakoak interesatzen. Gizarteak sortzen dituen rolak dira. Merituak eta medailak eta... Horixe da nik sasia deitzen dudana. Nahiago dut sasi horiek kentzea eta bidean libre ibili. Horrek ez dit ajea besterik sortuko. Inportantea adimen osasun ona izatea da. Hori da interesatzen zaidan bakarra, dakidalako horren ondotik datorrela guztia.

Sarri esan ohi da helmuga ez eta bidea dela garrantzitsuena. Zuk idatzitako Nor da erromesa kantuan diozu: «Zoaz etxera, zure baitan den etxe horretara. Ibilbide guztiak etxera itzultzeko baino ez dira». Kontrako mezua dirudi.

Bai. Barnean daude erantzunak, eta barnean dagoen horrek ez du denborarik. Hori hor dago. Deskubritzen duzu ala ez. Bideak denbora eta espazioa dira. Noizbait nonbait irakurri nuen oso esaldi ederra, ez naiz akordatzen non: «Soluzioa da batek ulertzea ez duela soluziorik». Bidea bera da espetxea. Traba da.

Zer esango zenieke garrantzitsuena bidea dela diotenei?

Oso esamolde hedatua da, eta, batzuetan, jakinduria zahar moduan erabiltzen da gainera. Azkenean, hitzekin ari gara jolasten, eta hitza bera denbora da. Bideak esan nahi du unez une zaudela toki batean. Gertatzen dena da bide horren norabidea agertzen denean azaltzen dela okerra. Ez daukazu hara joan beharrik; zauden tokian ondo zaude.

Protesta kantua, kantagintza epikoa, norbanakoaren esperientzian oinarriturikoa... Fase desberdinak igaro dituzu. Zer-nola dakusazu zeure burua egun?

Ez dut ikusten. Nire kontzientzia egoera egun da izenik ez ematearena. Definizioa beti gezurra da. Askotan erabili dugu pedanteria jorratzeko, esnobismo eta tontakerietarako. Ez dut ikusten. Egun, minez nagoenean, «mina daukat» esan beharrean ikasi dut esaten «mina naiz». Eta ongi nagoenean, esaten dut ze ongi nagoen. Amodioaren printza da esatea ze ondo nagoen instantean eta horren kontzientzia hartzea. Begirada hori bera da energia bat.

Pako Aristi idazle eta adiskideak esana da etengabe aldatu izan duzula azala. Nola lortzen da hori?

Ez dago formularik. Hasiko banintz esplikatzen hau eta hori egin behar dela, pauta batzuk ematen hasiko nintzateke, eta hark egingo ditu gauzak nik esan diodalako. Hori gertatzen da autoritate bat dagoenean. «Platonek hau esaten zuen, eta beste halakok, beste hura», pentsa genezake. Eta nik egingo dut galdera: «Eta hik zer diok?». Hori da inportantea. «Platonena interesgarria iruditzen bazaik, erabil ezak heure debaterako». Borgesek esan zuen gizon guztiak gizon berbera direla, eta pertzepzio hori oso sanoa da. Gizakia ez da indibiduala. Pozoiak hartu ditugu alde guztietarik. Nire hitza asko erabiltzen dugu. Arima ez da nirea, denona da, haizea den modu berean. Dena fragmentatzeko joera badugu, baita fragmenta ezin litekeena fragmentatzeko ere. Gizakia osoa da, eta osatuko baldin bada, konturatu behar dugu inongo pretentsiorik gabe jende asko ari dela batentzat lanean, oharkabean, zeharka. Pessoak lan bat egin zuen niretzat, berak jakin gabe. Eta ni ere ari naiz ziur aski beste batzuentzat. Osotasuna da balio duena. Indibidualtasunak ez du ezertarako balio. Norberak bere karreratxoak, bere distirak, exibizionismo merkeak erakustea pobrea da, miserablea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.