Iraultza ekarri behar zuten aurkikuntzek. Irauli egin behar zituzten euskarari, kristautasunari eta erromatar garaiko historiari buruz ordura arte zeuden teoriak.Pompeiaren pare jarri behar zuten Euskal Herria Iruña-Veleiako aztarnategiko (Araba) piezek. III. mendeko euskarazko idatziak, gurutziltzatu baten irudia, hieroglifoak... Zalantza piztu zen, ordea, eta2008an batzorde zientifiko bat eratu zuen Arabako Aldundiak. Faltsuak zirela ondorioztatu zuten adituek, baina eztabaida ez da eten; badago piezak benetakoak direla dioenik. Arkeologia lan haren eta haren inguruan sorturiko eztabaidaren arkeologia egin du Alberto Barandiaran kazetariak (1964, Altsasu). BERRIAn gaiari buruz argitaratutako lana sakondu, eta Veleia afera liburua kaleratu du.
Liburuan ez duzu esaten aurkikuntzak faltsuak direnik, baina garrantzi handiagoa ematen diezu aukera hori babesten dutenei. Zergatik?
2008an Arabako Aldundiak antolatutako adituen lana irakurrita, horixe ikusten dut. Denbora batez egindako lan bat da, eta alorrez alor jende ospetsuak egindakoa. Eta ia diziplina guztietako jendeak esan zuen faltsuak zirela. Gerora piezen egiazkotasunaren alde egin diren txosten asko agertu dira. Baina gehienak hasierako txosten horiei emandako erantzunak dira; horretarako propio egindako lanak; zirrikituetan sartzeko, ezohikoa bilatzeko eta akatsak nabarmentzeko eginiko lanak. Batzuk eta besteak irakurrita, iruditzen zait ez dutela pisu bera. Osoagoak dira batzordeak egindakoak, neurri batean.
Baina bizirik daude aurkikuntzak benetakoak direla diotenen jarrerak.
Ikaragarrizko garrantzia zuten aurkikuntzek. Paradigma asko aldatzen zituzten, arlo askotakoak. Oso interesgarri eta oso garrantzitsuak ziren. Baina, batez ere, euskarazko idazkunek eman diote auziari pisua. Beste dimentsio bat eman diote aferari. Jendeak sekulako interesarekin bizi izan du hau. Interneten egon da eztabaida neurri handi batean. Herriko egin du eztabaida sareak. Jende guztiak izan du aukera argazkiak ikusteko, adituen txostenak irakurtzeko... Informazio joan-etorri ikaragarria izan da. Jendeak izan du bere iritzia izan eta polemikan sartzeko aukera. Batzordeak ondorioak aurkeztu eta berehala, oso erabaki drastikoak hartu ziren, eta oso muturtuta daude jarrerak. Jarraitu egiten du eztabaidak; batzuek ez dute sinesten edo ez dute sinetsi nahi piezak faltsuak direla. Jarrera gotortu samarrak daude, erresistentziazkoak.
Epaitegietarako bidean da Iruña-Veleia afera. Baina, diozunez, baliteke auzirik ere ez izatea. Gerta liteke, beraz, aurkikuntzak galdera ikur izatea betiko?
Baliteke. Nik uste dut frogatutzat eman daitekeela ez dela demostratu piezak benetakoak direnik. Egia da, bestalde, ez dela demostratu faltsuak direla. Horretarako, faltsutzailea aurkitu behar da, eta oraindik ez da aurkitu. Momentu honetan eztabaida zientifikoa amaitutzat eman daiteke, nire ustez, betiere froga gehiago agertzen ez badira, baina faltsutzailerik aurkituko ez balitz, orduan, hau guztiz itxi gabe geldituko litzateke jende askorentzat. Oraingoz ez dute aurkitu, epaiketa agian ez da egingo, eta jende batek jarraituko du pentsatzen ez dela nahiko proba egin. Apaltzen ari da egun, ez da garai batean zegoen zalaparta, baina diligentzia batzuk zabalik daude, eta indusketak berriro hasi dira.
Une batez, liburuan badirudi balizko faltsutzailea hatz puntekin ukitzen duzula. Jose Angel Apellaniz eta Miguel Angel Berjon indusketetan lanean aritutako arkeologoek hau diote liburuan: «Guretzat garbi dago zeinek egin zuen eta zergatik».
Saiatu naiz jendeari gauzak nola gertatu diren erakusten. Argia ematen. Argi handirik ez zegoenean, saiatu naiz zuzeneko protagonistengana joaten. Haien artean daude informazioa lehen eskutik ezagutu duten bi arkeologo hauek. Haiek garbi daukate, eta haiek zer esan duten bakarrik esan dut nik. Nik ezin dut inoren buruan jomugarik jarri, hori ez da nire lana, baina liburua irakurriko duenak neurri batean gauzak antolatuta ikusiko ditu, eta atera ditzake ondorioak. Arkeologo hauek badute beren ondorioa, eta hori oso adierazgarria da.
Hitz egin duzu geologoekin, batzordeko adituekin, Interneteko eztabaidan parte hartu duen jendearekin, agintari politikoekin... Bainaez duzu hitz egin Eliseo Gil indusketen arduradun ohiarekin eta Juan Martin Elexpuru filologoarekin, zeinek piezak benetakoak direla baitiote.
Ez, ezta beste jende askorekin ere. Elexpuru, Gil eta Hector Iglesias filologoa elkarrizketatu nituen bere garaian, eta baliatu egin ditut lan haiek. Haien argudioak ere badira liburuan, beraz. Txosten gehienak laburbilduta daude; aldekoen eta kontrakoen argudioak ageri dira. Saiatu naiz irudi orekatu samarra ematen.
Ez duzu hutsunerik ikusten orduan?
Egongo dira, noski, eta egin daiteke beste liburu bat justu kontrako bidean. Nire esperientziatik ateratako liburua da hau. Ezin dut esan lan hau birjina eta garbia denik, baina neure buruari egin dizkiodan galdera eta zalantza guztiak transmititu nahi izan ditut.
Iruña-Veleia «Troiako zaldi bat» izan dela dio liburuan Joakin Gorrotxategi filologoak, eta «Euskal Herriaren historiaren aurkako atentatua» izan dela, berriz, Alicia Maria Canto epigrafistak.
Asko jarri dute jokoan. Gehien busti diren profesionaletako bi dira. Haien ustez, engainu handi bat egiten saiatu dira Iruña-Veleian, eta neurri batean kutsatu egin da hemengo unibertsitatea, arkeologia... Gorrotxategi, adibidez, harro dago haiek izan zirelako guztia garaiz samar argitzeko gai; Cantok ez dauka horren garbi, baina, berandu bada ere, filtroek funtzionatu zutela esaten du. Honek aurrera egin izan balu, eta denek balekotzat eman ondorenkanpotik norbait etorri eta piezak faltsuak direla esan balu, kolpe handia izango zen.
Euskal filologoek egindako lana azpimarratu duzu liburuan.
Lan garrantzitsua izan dute, eta asko busti dira. Beste diziplinetako kideek ere egin behar zuten gehiago edo argiago hitz egin, eta ez dute egin. Hizkuntzalariek bai. Ausartak izan dira, eta hori onartu behar zaie. Argudio sendoenak eta sutsuenak haiek eman dituzte. Eta aurkikuntzak benetakoak direla diotenen argudioak ere hizkuntzalariek eman dituzte.
«Osoagoak dira Veleiako piezak faltsuak direla dioten txostenak»
Iruña-Veleiako aurkikuntzei eta haien inguruan sorturiko eztabaidari buruzko liburu bat kaleratu du, 'Veleia afera' izenburukoa. Haren iritziz, balantzan pisu handiagoa dute piezak faltsuak direla dioten argudioek, nahiz eta oraindik faltsutzailerik ez den agertu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu