Jaialdiak

Ostegunean abiatuko da Getxophoto jaialdia, espazio publikoa ardatz hartuta

Kalean edo sarean ikusi ahal izateko moduan jarri dituzte egitarauko erakusketa gehienak, eta, hain zuzen ere, kalea hautatu du gaitzat Jon Uriarte komisarioak

2019an Hong Kong-en izandako protesten irudiak biltzen ditu Getxophoton, 'How was your Dream?' erakusketak. THADEé COMAR
Inigo Astiz
2020ko irailaren 1a
14:43
Entzun

Bizkarrean behi erdibitu baten zama daramala sartu da harakina Algortako azokara (Bizkaia), oraindik elikagaiak deskargatzen dabiltza postu zabaldu berrietan, eta dagoeneko eskean dabil gizon bat sarreran, eraikinaren erdiguneko aretoan Sohei Nishino argazkilari japoniarraren Diorama map erakusketako irudiak ikusten diren bitartean. Munduko hamaika hiritan ateratako milaka argazki elkarren gainean metatuz osatutako mapa modukoek osatzen dute bilduma, eta, besteak beste, Johannesburgo, Habana eta Istanbul irudikatzen dituzte. Trabarik gabe doa eguneroko bizitzaren jarioa haien inguruan. Izan ere, hamalaugarren edizio du aurtengoa Getxophoto Nazioarteko Irudiaren jaialdiak, eta ohituta dago herria. Kalea da festibalaren gune nagusietako bat, eta egitaraua, ofizialki, bihar abiatzen den arren, herriko kale eta plazetan jadanik ikusgai daude programaren parte diren hogei erakusketetako gehienak. Hain zuzen, hori izango du gai nagusia: kalea. Eta hortik leloa ere: Kalera!. Irailaren 27ra arte iraungo du festibalak.

«Pandemiaren aurretik ere, hasia zen espazio publikoaren errekonkista moduko bat, digitalizazio pribatizazio eta homogeneizazio nahiko bortitz baten ostean». Espazio publiko horri erreparatu nahi izan dio horregatik Jon Uriarte jaialdiko zuzendari artistikoak. (Hondarribia, Gipuzkoa, 1979). Londresko The Photoprapher's Gallery prestigiotsuko komisario digitala da egun, eta Getxophoto jaialdiaren datozen hiru edizioen komisario ere izango da. Dioenez, hasieratik izan zuen argi aurtengo gaia, eta intuizio hori indartu besterik ez du egin koronabirusak. «Pandemiak eraman gintuen harreman guztiak modu digitalean edukitzera. Ezinbestekoa zen eraldaketa horri erreferentzia egitea».

Hiriak zapaldurik

Muturrekoa da, adibidez, Ereaga hondartzan ikus daitezkeen Michael Wolfen argazkien kasua. Tokyo compression deitu du argazki bilduma egileak, eta, hiri horretako metro erabiltzaileak dira lanaren protagonistak. Lauso ikusten dira bertan bidaiari batzuen aurpegien lehen planoak, jendetzaren ondorioz erabat lurrundutako bagoien kristalen atzean; erdi pentsakor bata, aspertu antza beste bat, ezeroso guztiak, finean, izenburuak iradoki bezala, hiriak konprimituta.

Randa Mafoufi argazkilariaren lana ikusi daiteke haren ondoan. Parisen ateratakoak dira irudiak, kasu honetan, baina ez da kokapena irudiek duten deigarriena. Generoak espazio publikoaren erabileran duen eragina aztertzen du artistaren lanak, eta, horregatik, emakumez beteta daude haren irudiak. Emakumez soilik. Gizonei eta emakumeei atxiki ohi zaizkien genero rolak iraultzea da Maroufiren asmoa, eta, hala, gizonei ikusitako keinu eta posturetan jartzen ditu emakumeak bere argazkietan, propio horretarako sortutako eszenaratzeen bidez. Les intruses deitu du bilduma egileak.

Kale protestak

Jaialdian bada kale protestei eta aldarrikapenei eskainitako erakusketa sorta bat ere. Zabala ikastetxeko hesian jarritakoa, kasu. George Georgiou argazkilariarenak dira irudiak, 2016an AEBetan egindako desfile politikoak erakusten dituzte guztiek. Desfilea ikusten ari den jendea erakusten dute argazkiek, ordea, eta urte hartan Donald Trump presidente bilakatzera eraman zuen gizartearen polarizazioaren erretratu bat eskaintzen dute irudiek, jaialdiko antolatzaileen hitzetan. Argi ikusten da, adibidez, auzo batzuetako miseria, eta irudiz irudi aldatuz doa parte hartzaileen perfila. Ikastetxeko hesian jarri dituztenez, gainera, aurretik pasatzen diren getxoztarrei begira dirudite argazkietako pertsonek.

Herriko gasolindegi abandonatuan kokatu dituzte Hong Kongeko 2019ko kale protesten irudiak. Thaddé Comar argazkilariarenak dira irudiak, kasu horretan. «Kale protestak nola eguneratu diren» erakusten dute argazkiek, jaialdiko zuzendari artistikoaren hitzetan. Aterkiak baliatuz, bola moduko bat bilakatzen dira manifestariak argazkietako batean, esaterako, poliziaren aurpegi antzemate sistemei iskin egiten saiatzeko.

Edonola ere, komisarioaren hitzetan, programaren erdia hartzen dute espazio publikoan sortutako gatazkei eskainitako erakusketek, eta badira bestelakoak ere. Konfinamendu garaian hainbat argazkilariren artean izandako hartu emanen berri ematen du postetxean ikus daitekeen bildumak, adibidez, eta getxoztarrek sasoi hartan egindako hainbat bideo-deiren lekukotza ematen du Urgull kalean dagoenak.

Kalitatezkoa eta segurua

Jaialdiaren kutsu herrikoia nabarmendu du Jokin Aspuru jaialdiko zuzendariak. «Ez da adituentzako jaialdi bat, asmoa beti izan da ahalik eta jende gehienarentzat aritzea». Onartu duenez, pandemiaren ondorioz, bereziki zail egin zaie aurtengo egitaraua ixtea, astez aste aldatzen baitzen egoera. Baina bi kriterio egonkor izan dituzte egoera aldakor horretan: proposamen artistikoen kalitatea izan da lehena, eta segurtasuna izan da bestea. Eta bi ideia horien uztarketaren ondorio da aurtengo programazioa, zuzendariaren hitzetan. Horregatik jo dute inoiz baino gehiago erakusketak kalean jartzera, eta horregatik sortu dituzte espresuki sarerako pentsatutako proiektuak ere.

Badira jaialdirako espresuki sortutako lau proiektu ere, eta bisita gidatuak eta hitzaldi zikloak ere antolatu dituzte jaialdiak iraun bitarterako. Irailaren 26an, esaterako, Jone Uria eta Jon Martin bertsolariek bertsoz bertsoko ibilbidea eskainiko dute jaialdiko hainbat erakusketa bisitatuz. Jaialdiaren webgunean ikus daiteke programa osoa: www.getxophoto.com orrialdean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.