Iruña-Veleiako aztarnategian aurkitutako ostrakak arkeometria laborategi batera bidaltzeko eskatu dio SOS Iruña-Veleia plataformak kasuaz arduratzen den epaileari. Hain zuzen ere, auziak irekita daraman tartean, hiru urtean baino gehiagoan, Guardia Zibila eta Ertzaintza ez dira gai izan grafitoen egiazkotasuna aztertzeko. Hortaz, laborategi batera jo ezean kasua bertan behera uzteko eskatu du plataformak, eta ikerketa Arabako Aldundiaren esku uzteko. «Egoera jasanezina da, bai giza ikuspuntutik baita ikuspuntu juridikotik ere», nabarmendu du Maritxu Goikoetxeak, plataformako kideak.
Auzitan dauden piezak aztertzeak zenbat balio dezakeen begiratu du plataformak. «Gehienez 15.000 euroren truke eta sei hilabeteko epean grafitoen antzinatasuna jakin dezaketela azaldu digute». Data oso zehatza emateko balioko ez duen arren, Goikoetxeak berretsi du nahikoa izan daitekeela auzia eta gaur egun inputatuta dauden pertsonen egoera argitzeko. Hau da, plataformak uste du grafitoak duela 200 eta 500 urte idatzi zituztela argituko balitz, faltsuak direla ondorioztatzeaz gain, datu horiek Eliseo Gil eta Idoia Filloy aztarnategiko zuzendari ohiak errugabe direla frogatuko luketela.
Xabi Otsoa de Alda plataformako kideak jakinarazi du arkeometriaren bidez piezaren azala aztertu beharrean marraztutako lerroen antzinatasuna argitu daitekeela. SOS Iruña-Veleiak arkeometria analisia egiten duten zenbait laborategi independenteren datuak bildu dituela jakinarazi du, eta epaileari eman dizkiotela gaineratu. Ordea, jakinarazi du epaitegiak beste laborategi baten bila ari direla une honetan.
Epaileari egindako eskaeraz gain, plataformak Arabako Foru Aldundiari aztarnategiko lanak behin-behinean gelditzeko eskatu dio, berriro ere. Duela bi urte baino gehiago indusketa lanen zuzendari plana hasi zen, Julio Nuñez EHUko Arkeologia saileko irakaslearen zuzendaritzapean. Ordutik kasua argitzeko baliagarriak izan zitezkeen aztarnategiak desegin dituztela azaldu du Otsoa de Aldak. «Ulertezina da kasua epaiketetan egon arren indusketak egiten jarraitzea».
«Gauzak zeharo aldatu dira»
Azkenik, plataformak eskatu die alderdi politikoei azterketak egitearen alde eta indusketak mantentzearen kontra ager daitezen, baita horri bide emateko ekinaldiak has ditzatela ere.
Goikoetxeak jakinarazi du kasua epaitegietara heldu zenez geroztik txosten gehiago daudela grafitoen egiazkotasunaren alde. «Adituek doan egiten dituzten ikerketak dira, gaia interesatzen zaielako egindakoak». Azkenik, gogorarazi dute Lurmenek grafitoak benetakoak direla argudiatzen duten hamazazpi txosten aurkeztu dituela.
Ostrakak «azkar» aztertu edo auzia ixteko eskatu dio SOS Iruña-Veleiak epaileari
Ezbaian dauden piezak aztertzeko gehienez 15.000 euro eta sei hilabeteko tartea behar dela jakinarazi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu