Oteizaren agiri ondarearen zatirik handiena katalogatu eta sarean jarri dute

Artistaren artxibo pertsonaleko 9.000 eskuizkribu kontsultatu ahalko dira Oteiza museoaren web orrian

Oteizaren agiri ondarearen katalogazioaz arduratu da Borja Gonzalez; artistaren testu batekin ageri da. JAGABOA / ARP.
Inigo Astiz
Altzuza
2011ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Jorge Oteizaren 44.000 agiri jarri ditu Altzuzako Oteiza museoak Interneten ikusgai. Museoaren web orrialdetik (www.museooteiza.com) artistaren ondasun dokumental osoaren %70 inguru kontsultatu ahalko dute erabiltzaileek hemendik aurrera. Oteizak berak eskuz edo idazmakinaz idatzitako 9.000 eskuizkribu tartean. Osorik horiek. Borja Gonzalez arduratu da ondasun horren sailkapena, inbentarioa eta katalogazio egiteaz. 2003an hasi zuen lan hori, eta atzo aurkeztu zuen emaitza. «Gaur egun hedapena ez da osoa unibertsala ez bada. Eta Internet da gaur egun unibertsala».

«Oteizari buruzko liburu erraldoi moduko bat da hau», azaldu du Gregorio Diaz Ereño museoko zuzendariak. Ondasun artistikoarekin eskutik doan ondarea. «Erakusketetan jartzen ditugu artistaren agiriak, eta haren pentsamendu prozesu osoa da orri horien atzean ikusten dena». Bitrinetatik pantailara pasatu dituzte orain. Oteizaren artxibo pertsonala, liburutegia eta hemeroteka dira digitalizatu eta Interneten jarri dituztenak.

Oteizaren taupadak orrietan

Agiri pertsonal guztien fitxak jarri dituzte Interneten, baina, egile eskubideak direla-eta, horietariko batzuk bakarrik jarri dituzte sarean osorik eskuragarri. «Funtsezkoak, bai», zehaztu du Gonzalezek. Orain arte ezezagunak ziren horietariko asko. Eskuizkribuak. «Ezagutzen dizkiogun liburuen prestaketa lanaren berri ematen digute dokumentu horiek. Izan zituen zalantzen berri. Altxor bat dira. Oteizaren bizitzaren taupadak dituzte eskuizkribu horiek. Eta oraindik biografiatu gabeko garai oso bati buruz mintzo dira horietariko asko».

Interneten jarri ez badituzte ere, katalogatu egin dituzte Oteizak eguneroko prentsan, arteari buruzko liburuetan eta bestelako testuen ertzetan eskuz idazten zituen gogoetak. Haren ideia estetiko, politiko eta linguistikoaren hamaika txatal. Apunte horien inguruko informazioa biltzen duten fitxak ere sarean jarri dituzte.

Orain arte Altzuzaraino joan behar izaten zuten ikerlariek Oteizaren orri bazterreko apunte eta agiri horiek ikertzera. Mundu osotik heltzen zitzaizkien museora agiri horiek kontsultatzeko eskariak. Eskaera horri erantzutea eta oriotarraren ondarea gizarteratzea izan dira sarean jartzearen bi xede nagusiak. «Oso garrantzitsutzat» deskribatu du Diaz Ereñok lan hori. «Museo modernoak jadanik ez dira gune bareak, gune bizi eta dinamikoak baizik». Jendearengana heldu beharra daukate, eta ikerketa bultzatzea da horretarako bideetariko bat, Oteiza museoko zuzendariaren ustez.

Lan kritikoak sarean dohainik

Liburutegi digitala izeneko gunea ere jarri dute martxan museoaren web orrialdean. Oteizari buruzko lan aipagarrienak bilduko dituzte bertan. Hiru jarri dituzte oraingoz: Poesia, Quosque Tandem... eta Estatuaria megalitiko Amerikarraren Ulerpen Estetikoa. Amerikako artistei gutuna liburuen edizio kritikoak.

Altzuzako museoko Ikasketa Zentrora bisita gidatuak ere antolatu dituzte. Apirilaren 8an izango da lehena, eta dokumentuak nola gordetzen dituzten erakutsiko diete bisitariei. Doakoak izango dira, baina 948-33 20 74 telefonora deitu beharko da izena emateko. Hilabeteko ostiral banatan egingo dituzte bisitak.

145.000 euroko kostua izan dute agiri ondarea katalogatzeko eta digitalizatzeko lanek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.