Lau egun iraungo dituen Oteiza eta modernitatearen krisia izeneko kongresua hasi da gaur Iruñean. Adelina Moyak, Kongresuko Batzorde Zientifikoaren izenean, adierazi duenez, Oteizaren sorkuntza eta pentsamentua "diziplinartetik eta nazioartetasunetik" aztertukoko dute. Kongresu honekin, adierazi du Moyak, "zerbait ezberdina" egin nahi dute, "Oteizaren hitzak errepikatu gabe, baina aldi berean bere pentsamentu eta lanaren inguruan galdera berriak sortu nahi ditugu".
Altzuzako (Nafarroa) Jorge Oteiza museoaren zuzendari Gregorio Diaz Ereñoren arabera, kongresu honek "Oteiza unibertsoa besarkaezinaren leiho irekia izan nahi du". Moya eta Garcia Ereñoz gain, Camino Osle NUPeko errektoreordeak eta Juan Ramon Corpas Nafarroako Gobernuko Kultura sailburuak parte hartu dute.
Oteizaren obra baino, eskultorearen izaera aztertzen ari dira Gipuzkoan. Donostiako Kursaalean artistaren inguruko argazki erakusketa bat eta hainbat mahainguru, mintegi eta ikuskizun ari dira egiten oriotarraren mendeurrena ospatzeko.
Ekitaldi ugari antolatuta
Gaur, Orioko elizaren atarian, arratsaldeko 19:45ean hasita, Oteizaren omenez jarritako xaflak bisitatuko dituzte, ohorezko aurreskuarekin batera, musika, poesia, edota txalaparta ere izango dituen ekitaldian. Bihar, Pello Zabalak hitzaldia emango du 19:00etan, Orioko Kultur Etxean; Oteiza Arantzazun lanean aritu zen garaiko oroitzapenak izango ditu hizpide. Etzi, aldiz, Ander Lipusek Oteizaren inguruan prestatutako Hala mintzatu zen Zappatrusta bakarrizketa eskainiko du, Kultur Etxean, baita ere, 19:00etatik aurrera.
Kultura
Oteizaren unibertso konplexua aztertzen hasi dira bere jaiotzaren mendeurrenean
Artista oriotarraren obraren inguruan 'Oteiza eta modernitatearen krisia' izenburupean hasi dute kongresua Iruñean. Gipuzkoan, ere oroituko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu