Autoa atzean utzi, eta Otsagabiara (Nafarroa) ailegatu dira bisitariak. Ez da betiko Otsagabia, baina. Antzekoa bai, baina ez da bera. Seinaleak oihal batek estaltzen ditu; gizonek atorra zuria, espartinak, galtza beltzak eta txapela daramate; emakumeek, gona luze beltzak eta atorra zuria. Bada Zaraitzuko jantzi tradizionala daramanik ere. Ez da oraingo Otsagabia, 1914. urtekoa baizik.
Izan ere, urtean behin ehun urte atzera egiten du Nafarroako herri horrek. Orhipean deitutako besta da, eta aurten ere jende anitz erakarri du lehengo bizimodu, lanbide eta tradizioak bertatik bertara ikustera. Herria eraldatu egiten da, baina ez sobera. Harrizko karrikak eta etxeen bizitza luzeak erraztu egiten du itxuraldaketa. Anakronismoak oihalekin estali egiten dituzte, nahiz eta haurren mendiko zapatilek edota gazteen sakelako telefonoek dena antzezlan handi bat baizik ez dela salatzen duten.
Ordukoa eta oraingoa nahasten dira Otsagabian. Kanpotik heldu diren gehienak XXI. mendean bezala janzten dira, eta dagoeneko edozein besta eta ikuskizunetan ohikoak diren argazki kamera eta sakelakoak dituzte eskuan, inguruan harrapatu ditzaketen irudiak betikotzeko. Herritarrek, berriz, lehengo bizimodua antzezten dute karriketan.
Herria zeharkatzen duen errepidearen albo batera eskola dago. 11:00etan hasi da mutilen eskola; 12:30ean izanen dute neskek. Geografia ematen ari dira. Inguruan, mapa zaharrak, eskeletoa, zurezko ikasmahaiak, Ama Birjinaren irudia eta, ikasgelaren erdi-erdian, gurutzea. Atrezzoak iraganera eraman ez duenak arbelari begiratzea besterik ez du: Otsagabia, 1914ko abuztuaren 30a.
Maisua ikasleak baino garaiago dago. Haurrek hark esandakoari kasu egiten diote; guziari. Gelaren sakonean, bisitariak daude, eskolari adi-adi. Iberiar penintsulako ibaiak errepasatu dituzte, eta bukaeran eskolaren aldeko kantu bat egin dute. Etxeko lanak ere bidali dizkie irakasleak: ibaiak errepasatu beharko dituzte.
Patxi Serrano izan dute irakasle. 2014. urtean Lanbide Heziketako irakasle da Irunberrin. Orhipean bestan, berriz, haurrekin aritu da. Antzezlana nola prestatu duen azaldu du: «Nik urte nahikotxo ditut, eta beti aditu diet zaharrei eskola eta irakaslea nolakoak ziren azaltzen. Garai bateko hezkuntzaz mintzo diren liburuak ere irakurri ditut, adibidez, El florido pensil».
Han eta hemen jasotakoarekin moldatu da ordu beteko eskola emateko. Ondoren, herrian barrena ibili da bestaz gozatzen. «Herrian ilusio handiz bizi dugu; herriarentzat eta bisitarientzat egiten dugu, eta herritarrak bete- betean murgiltzen dira prestaketa lanetan», azaldu du.
Kalean gora eta behera dabiltza bisitariak. Edozein zokotan agertzen dira antzinako ogibideak. Plazatxo batean, txerria hil egin dute, eta odolkia prestatzen dabiltza. Pareko kaletik txilibitu baten hotsa aditu da, zorrotzailea lanean dagoen seinale. Etxe zahar batean sartuta, hiru emakume daude lekak soketan paratzen. Gero idortzen utziko dituzte.
Bisitariek lehengo garaiak dituzte ahoan. «Horrelakoa zen lehen gure bizitza baserrietan», esan dio amak semeari. «Nola aldatu den bizimodua, ezta?», mintzatu zaio gero lanean ari den emakumeari. «Izugarri. Horretara itzuli beharko bagenu...», erantzun dio lekak eskuan dituela.
Txantxak ere adi daitezke Otsagabiako kaleetan. Bizartegiaren atarian prezioak adierazten dituen afixa dago. Bibotea atontzea 10 zentimo, bizarra atontzea 20 zentimo, bizarra egitea bi erreal eta ilea moztea hiru erreal. «Prezioa arrazoizkoa da», esan du batek. «Hi, sartu hadi bizarra egitera, nik ordainduko diat», beste batek. Dentista ere bada bizargina, eta hortzetako betegarriak hiru pezeta balio du; anestesiarekin, bat gehiago.
Ez da ogibiderik falta
Beste kaleetan, arotzak, artilea astintzen dutenak, gazta egiten diharduten artzainak eta abar ikus daitezke. Martinezker etxean, adibidez, familia osoa dabil ogia egiteko ohorea prestatzen. Labea listo dute. Halako batean, artzainak ailegatu dira mendian behera, eta hamaiketakoa hartzeko tartea hartu dute. Menua: ardoa eta artzain-apurrak.
Bada ere antzinako taberna bat, nahiz eta pintxoak eurotan ordaintzen diren. Kalean gora, berriz, artilea lantzen duten emakumeak daude. Milagro Landa da horietako bat. Bi txanda egin dituzte, ez baitago inor gehiago ogibide hori ezagutzen duenik. Hark txikitan ikasi zuela esan du: «Behiekin edo ardiekin mendira bidaltzen gintuztenean, amak eta izebak artilea lantzen zuten, eta zuk zure kabuz ikasten zenuen». Lehen hala zen, baina orain ere bai. Landak nahiago ditu eskuz egindako galtzerdiak. «Artile birjina da, naturala, eta horrekin ez da izerdirik botatzen. Ni haiekin joaten naiz mendira. Arazoa da ezin direla garbigailuan sartu».
Haren parean daude Gloria Azkoiti eta Mari Jose Fernandez. Kakorratzean ari dira. Otsagabia erre zutenean zutik geratu ziren harrizko zortzi etxeetako baten atarian jarri dira. «Urtero etortzen naiz, herrikoa naizelako eta herriko aferetan parte hartzea maite dudalako. Gainera, kakorratzean aritzen badakit, eta gustura pasatu dugu goiza», azaldu du Azkoitik. Besta ederra dela esan du, eta bisitarientzat ere hala dela iduri du, etengabe eteten baitute haien lana haiekin batera argazkia ateratzeko.
Landak antzinako bizimodua gogoratzeko beharra nabarmendu du: «Oso interesgarria da lehengokoa gogoratzea, eta posible dugun bitartean hemen egonen gara». Iluntzean fanfarrea joan da langile guzien eske, eta plazara eraman ditu herritarrak. Landak zortzikoarekin eta jotarekin bukatu du eguna, 1914ko dantzaldietan bezala: akordeoiaren soinuari jarraiki.