Hastear da Zinegoak Bilboko gay-lesbo-trans zinema eta arte eszenikoen jaialdiaren bederatzigarren ekitaldia. Berritasun ugari dakartza jaialdiaren aurtengo saioak. Hasteko, krisi ekonomikoaren eraginez %15 murriztu da jaialdiaren aurrekontua, 70.000 euroraino jaitsiz. Horrez gain, bederatzitik zazpira murriztu behar izan dute jaialdiak iraungo duen egunen kopurua.
Hala, otsailaren 6tik 12ira egingo da Zinegoak Bilbon; 13tik 24ra Zinegoak Hedapena izango da Donostia, Durango, Errenteria, Galdakao, Getxo, Leioa, Sestao eta Sopelan. Jaialdiaren luzapena murriztearekin batera, salneurriek ere behera egingo dute aurreko urteekin alderatuta: sei saioetarako bonuak, eta hasiera zein amaiera ekitaldietarako sarreren prezioak iaz baino merkeagoak izango dira. Hasiera saioa Arriaga Antzokian izango da, orain arte legez. Amaierakoa, ostera, EHUko Bizkaia Aretoan egingo dute estreinakoz.
Emanaldiak Bilboko hainbat aretotan egingo dira: Alondegiko Golem zineman, Bilborocken eta Fas zineklubean zinemagintza lanak izango dira ikusgai; Fnac-en aurreko urteetan irabazle izandako film laburrak eta dokumentalak ikusteko aukera izango da; San Frantzisko kalean kokatuko den ExpoGelan, berriz, zinema esperimentala eta Bilgune izeneko espazio berritzailea izango dira. Azkeneko horretan, emango diren lanen zuzendari, aktore zein gidoilariekin zuzenean hitz egiteko aukera izango dute ikusleek.
Bestalde, aurtengo ohorezko saria Agusti Villaronga zinemagileak jasoko du, Pa negre filmaren zuzendariak.
Javier Regalado Hegoak elkarteko presidentea izan zen hitza hartzen lehena, atzo, jaialdiaren aurtengo ekitaldiaren aurkezpenean. «Gure asmoa izan da sendo finkatuta dagoen jaialdiari eustea, gure elkarteak antolatzen dituen ekintzen artean entzutetsuena baita», azaldu zuen. Regaladok onartu du krisi garaian «ahalegin bikoitza» eskatzen duela jaialdiari eusteak, babesleen laguntza eskertu aurretik.
Zuzendaritza berria
Zinegoak-en bederatzigarren ekitaldiak antolakuntzaren arloan izango duen berrikuntzarik aipagarriena da Pau Guillenek Roberto Castonen lekua hartzea jaialdiaren zuzendari gisa. Caston izan da jaialdiaren zuzendari aurreneko zortzi urteetan. Regaladok nabarmendu duenez, «Roberto [Caston] izan da Zinegoak Europa osoan erreferentziazko LGTB zinema jaialdi bihurtu duena, [Espainiako] estatuko jaialdi garrantzitsuena izatea lortu duena». Pau Guillen 2009tik zebilen Zinegoak-en ekoizpen arloan lan egiten. Zuzendaritza batzordeko kideek hausnarketa prozesua egin ondoren, Guillen Castonen «ordezko naturala» izan zitekeela ondorioztatu zuten.
Hegoak elkarteko prentsa eta kanpo harremanen arduradun Karmele Merinok azaldu zituen jaialdiaren ildo nagusiak. Zuzendaritza berriak baieztatu zuen aurrerantzean ere ekarriko dituztela Bilbora momentuko ekoizpen gay-lesbo-trans garrantzitsuenak. Halaber, «eduki edo jatorriagatik munduko hainbat lekutako pertsona LGTBei buruzko ikuspegi berritzailea gehitzen duten lanak ere egongo dira», aurtengo Zinegoak-en.
Mundura irekitako egitaraua
Antolatzaileek nabarmendutako lanen artean nazioartekoak nagusitzen dira. Hala, jaialdian ikusgai izango diren film luzeen artean Maryam Keshavarzek zuzendutako Cirucmstance (Egoera) azpimarratu dute, istorioa kokatzen den testuinguru berezi eta zaila dela eta. Izan ere, lanak bi neska gazte irandarren arteko harremana du kontagai. Sundance-eko jaialdiko ikusleen eta Valladolideko jaialdiko epaimahaiaren saria jaso ditu AEBen, Iranen, Libanoren eta Frantziaren artean ekoitzitako filmak.
Horrez gain, Marco Berger argentinarraren Ausente ere nabarmendu dute, Berlinalen LGTB gaiak jorratzen dituzten filmei eskainitako Teddy saria irabazi zuena. Azkenik, 23 urte baino ez dituen Xavier Dolan kanadarraren Les Amours imaginaires (Irudimenezko maitasunak) lanari aipamena egin diote Zinegoak-eko arduradunek. Cannesko zinema jaialdiko hautaketa ofizialean egondako filma da.
Film dokumentalen artean, Mi sexualidad es una creación artística (Nire sexualitatea sorkuntza artistiko bat da) lanaren soslaia da deigarriena. Bartzelonan bizi den Lucia Egaña txiletarrak zuzendutako lana da, eta 90eko hamarkadan Annie Sprinklerrek sortutako postpornografia lantzen du: pornografiari eta horrek emakumeren sexualitatearen inguruan ematen duen irudi utilitarioari erantzuna eman nahi dion joera artistikoa, alegia.
Arte eszenikoei dagokienez, antzeztuko diren bi obrak sexualitate aniztasunaren ideia gizartearen sektore guztietara zabaldu nahia partekatzen dute. Alde batetik, Eva Bedmarren La princesa Ana (Ana printzesa) ikusgai izango da, umeentzako maitasun ipuinak berrikusten dituen obra. Honako honetan, printzesak ez du printzearekin ezkondu nahi, eta,lagun duen igelari musu ematean, beste printzesa bat bilakatzen da. Bestalde, Antonio Naharrok zuzendutako Hombre a hombre (Gizonetik gizonera) lanak flamenkoaren ikuspegi tradizionala gainditzea du xede, edukiak ikuspegi homosexualetik landuz.
Oztopo guztien gainetik
Bilboko Zinegoak jaialdiak egunen kopurua eta aurrekontua murriztuta ekingo dio aurtengo ekitaldiari, krisi ekonomikoagatikRoberto Castonek kargua utzi eta gero, Pau Guillenek hartu du zuzendaritza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu