"Asteak daramatzat politikaz hitz egiten, eta ez zinemaz". Pablo Malok (Donostia, 1965) bazekien Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren bahiketen, torturatzeen eta hilketen gaineko filma egiten hasi zenean begi asko jarriko zirela berarengan. Eta, orain, filma Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean —lehiaz kanpo— aurkeztu ondoren, segitzen die erantzuten politikarekin zinemarekin baino zerikusi handiagoa duten galderei. Gaur, filma Kursaaleko auditoriumean aurkeztu ondoren egindako prentsa agerraldi oso jendetsuan, Malok zalantzarik gabe adierazi du garbi izan duela beti "non kokatu" den filmak kontatzen duenaren aurrean. "Hasieratik izan dut garbi ni posizionatu egiten naizela. Ez dut indarkeria jasaten, eta, kasu honetan, izugarrikeria bat jasan zuten bi pertsonaren ondoan jarri naiz".
Ildo horretatik, Lasa eta Zabala manikeismotik ihesi egin nahi izan duela esan du zuzendariak, "zintzotasunetik", eta "bi aldeen" inguruan hitz egiteak pena ematen diola gaineratu. "Ni beti egongo naiz gaizki pasatzen duenaren ondoan". Hildako bi errefuxiatuen arrebekin, Axun Lasa eta Pili Zabalarekin izandako solasaldietan ere mezu hori bera jaso duela esan du Malok. "Inoiz ez dute hitz egin mendekuaz; elkarrizketaz eta bizikidetaz baizik".
Lasa eta Zabala auziaren sumarioan oinarrituta dago, baina Joanes Urkixo gidoilariak, Joxe Portela ekoizleak eta Malok berak ez dute dokumental bat egin nahi izan. Hori dela eta, badira elementu fikzionatuak; horietako asko Iñigo abokatuaren gainekoak. "Erakutsi nahi genuen ez dela pertsona monolitiko bat; baditu bere ertzak".
Kazetari batek galdetu dio Malori ea Guardia Zibileko kideak ez ote dauden karikaturizatuak, eta ukatu egin du zuzendariak: "Ikerketa abiatu genuenean, konturatu ginen benetan segituz gero errealitateari, orduan geldituko zirela karikaturizatuak. Egia askoz muturrekoagoa zen. Hau ez da on eta gaiztoen film bat, baina [Felipe] Bayori buruz kontatu dizkigutenak sinesgaitzak dira".