MUSIKA

Paco de Lucia omenduko du Gasteizko Jazzaldiak

Uztailaren 14tik 19ra egingo da jaialdia, eta Take 6 taldearen gospel kontzertuarekin hasiko da. 

Paco de Lucia zena. JOSE MORATA, EFE
mikel lizarralde
2014ko martxoaren 14a
14:13
Entzun

Hain zuzen ere, Chano Dominguezek eta El Niño Joselek uztailaren 15ean emango duten kontzertuan egingo dio omenaldia Gasteizko Jazzaldiak gitarristari, bere 38. ekitaldian; izan ere, batarekin eta bestearekin jo zuen De Lucia zendu berriak jazzaldiaren aurreko ekitaldietan.

Jazzaldia 14an hasiko da, Take 6 talde ezagunak emango duen gospel kontzertuarekin, eta hurrengo egunean, Dominquez eta El Niño Joselez gain, Darcy James Argue ariko da.

Uztailaren 16an, asteazkenez, Noa abeslari israeldarra eta Miguel Poveda kataluniarra ariko dira Mendizorrotzan. Kontzertu bana emango dute, baina gauaren amaieran elkarrekin ariko dira oholtza gainean.

New Orleanseko tronpeta jotzaile ugarik lagunduta, Dr. John blues pianista ospetsuak Louis Armstrong omenduko du uztailaren 17an, eta hurrengo egunean Richard Bonak, Manu Katchek, Eric Legninik eta Stefano Di Battistak osatutako laukotea izango da jazzaldiko protagonista. Egun berean, Paul Anka kantaria ere izango da Mendizorrotzan.

Azkenik, hilaren 19an, Chucho Valdes pianista kubatarrak Border Free azkeneko diskoa aurkeztuko du, eta ondoren Buena Vista Social Club orkestrak emango du kontzertua. Kubako talde hori bere azkeneko bira egiten ari da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.