Padilha eta Eimbckerentzat Berlinaleko sari nagusiak

'Tropa de Elite'-k irabazi du film onenaren Urrezko Hartza, eta 'Lake Tahoe'-ek Fripesci eta Bauer sariak

AGENTZIAK BERLIN
2008ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Hego Amerikako zinema zorioneko dago. Hara joan dira Berlinaleko sari nagusiak. Jose Padilhazinemagile brasildarraren Tropa de Elite filmak irabazi du film onenaren Urrezko Hartza. Fernando Eimbcke mexikarraren Lake Tahoe filma izan da beste garaile nagusia. Fipresci nazioarteko kritikaren saria eta Alfred Bauer saria -Berlinaleko sortzailearen omenez ematen dena- eskuratu ditu hark. Hego Amerikako bi zinemagileren aldeko apustua egin zuen atzo epaimahaiak. Constantin Costa Gavras zinema zuzendari greziarra izan da epaimahaiko burua .

Rio de Janeiroko (Brasil) txabola auzoetan Poliziak erabili ohi duen bortizkeriaren eta ustelkeriaren erretratu gordina da Tropa de Elite. Joan Paulo II.a aita santuak 1997an Brasilera egindako bidaia bat dela eta, faveletan garbiketa operazio batean parte hartuko duen polizia talde berezi batean oinarrituriko istorioa kontatzen du. «BrasilenPolizia ustela dugu, erail eta estortsionatu egiten du, eta herritarrek gorrotatu egiten dute Polizia hori», azaldu zuen Padilhak filma Berlingo jaialdian aurkeztu zuenean.



EIMBCKERENA, INTIMISTAGOA. Gainontzeko sari guztiak jakinarazi baino egun bat lehenago jakinarazten da nazioarteko kritikaren saria zeinek irabazi duen. Fernando Eimbcke mexikarra «pozez gainezka» agertu zen Lake Tahoe bere filmak sari hori irabazi zuela jakitean. «Itxura batean, oso tempo geldia duen filma da, denbora ikuspuntu hori geratzen baitzaio oso hurbileko den norbait galtzen duenari. Uneko denbora desagertu egiten da, eta beste dinamika batean sartzen da».

Eimbckeren bigarren filma da Lake Tahoe, eta aita galdu berri duen 16 urteko mutiko baten istorioa kontatzen du. Alfred Bauer saria ere bereganatu zuen film horrek. Zinema ikusteko modu berriak laudatzen ditu sari horrek.

Gainerako bi sari nagusiakAEBetara joan dira. Errol Morrisen Standart Operating Procedurefilm dokumentalak jaso zuen film onenaren Zilarrezko Hartza saria, eta Paul Thomas Andersonek irabazi du zuzendari onenaren Zilarrezko Hartza, There Will Be Blood filmarengatik.

Berlinalen lehiatu den aurreneko dokumentala da Morrisen filma, eta preso irakiarrek Abu Graiben pairaturiko torturak ditu ardatz. Andersonen filmak, petrolio ustiakuntzatik sorturiko kapitalismoaren inguruan dihardu.

Sally Hawkinsingelesari eman diote emakumezko aktore onenaren saria, Mike Leighek zuzenduriko Happy-Go-Lucky filmean egindako lanarengatik, eta Reza Najie irandarrak eskuratu du gizonezko aktore onenaren saria, Majid Majidi herrikideak zuzendutako Song of Sparrows filmean egindako lanarengatik.

Gidoi onenaren saria Wang Xiao Shuai txinatarrak eskuratu du In Love We Trust filmarengatik eta Kumazaka Isuru japoniarrarentzat izan da Opera Prima saria Park and Love Hotel filmarengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.