Javier Arozena

Paisaia aldatu zuen margolaria

1960ko hamarkadako kultur lurrikaran sortutako Ur margolari taldeko sustatzaile, eta Gipuzkoa eta Donostiako arte munduan izen ezaguna izan da Javier Arozena. 81 urterekin hil da.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
2016ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Denborarekin, Gaur taldea bilakatu da euskal artearen berpizkundearen ikur nagusi eta ia bakar, baina borborka zegoen giroa 60ko hamarkadan, eta asko izan ziren euskal artea berritzeko taldetan bildutako artistak. Gipuzkoan klabea izan zen Ur taldea, esaterako, eta izen garrantzitsua da, horregatik, haren sustatzaile izandako Javier Arozena artista (Donostia, 1935- Donostia, 2016). Paisaiak eta Euskal Herrian sustraitutako irudi figuratiboak margotzea hautatu zuten paisaia artistikoa eraldatzeko bide, eta ildo horri eutsi dio bizitza osoan Arozenak. 81 urterekin hil da.

Helburu argia zuen Ur taldeak, Anna Maria Guasch artehistorialariak Arte e ideología en el País Vasco: 1940-1980 liburuan zehazten duenez: «Sormen artistikoa euskal izaera autoktonoarekin, euskal arimaren existentziaren errealitatearekin, sustraitzea». 1965ean egin zuten lehen erakusketa Donostiako San Telmo museoan, eta Guaschena baino sinpleagoa zen Arozenaren azalpena: «Erakusketak egitea errazten zuen talde gisa jarduteak, indar handiagoa genuen».

Bera izan zen taldeko sustatzaile nagusietariko bat, eta Carlos Bizkarrondo, Jose Grazenea eta Alejandro Tapia izan zituen kide. Hori zen talde egonkorra, baina,tarteka, Amable Ariasek, Ruiz Balerdik, Jose Antonio Sistiagak eta Jose Luis Zumetak ere hartu zuten parte taldearen erakusketetan. Erreferentzia garrantzitsua izan zen Ur taldearena Gipuzkoan, eta bizi luzea izan zuen. 21 urte egin zituzten talde gisa, harik eta 1976an bakoitzak bere bidetik jarraitzea erabaki zuten arte.

Baina izan zen bueltarako aukerarik ere. 1990ean taldearen omenezko erakusketa antolatu zuten kideek, eta 2010ean ere, Donostiako Ekain Artelanak galerian beren azken lanak elkarrekin erakusten izan ziren Arozena, Bizkarrondo, Grazenea eta Tapia. Santa Klara uharteko harriak eta Nafarroako paisaiak izan zituen inspirazio iturri ordukoan Arozenak.

Paisaia guztiak ez dira paisaia bera, ordea, eta Edorta Kortadi arte historialariak argi azaldu zuen Arozenaren joera naturala 1989an argitaratutako testu batean. «Arozena, zinez, ez da sekula izan paisaian gauza politen eta gardentasunen aldekoa. Berea gehiago izan da paisaia zakar, malkar, pixka bat latz eta pintzelez beharrean begiradaz eta ukabilez urratua». Deserturik ez, ordea. Azken urteetan giza figura apartatu xamar eduki bazuen ere, pertsonaz beteta daude Arozarenaren koadro asko eta asko, eta maiz landu ditu portu eta itsas giroak ere bere artelanetan.

Fausto Arozena historialariaren semea zen, eta etxean babesa izan zuen hasieratik margolariak. Garaiko pintore ezagunekin solasaldiak antolatzen zituzten etxean. 24 urterekin irabazi zuen bere lehen arte lehiaketa, eta berak egindako oihalekin eta berak ehotako koloreekin sortzen zituen bere koadroak. Familia aurrera ateratzeko, sorkuntza lanez gain publizitate lanetan eta beirate enpresa baterako diseinugile ere aritu zen, eta pintura material denda bat ere izan zuen Donostiako Konstituzio plazan.

Bizitzan merezi zuen ezer ba ote zegoen galdetuz amaitu zuen Urkiri Salaberriak Euskonews aldizkarirako 2010ean artistari egindako elkarrizketa, eta bizitzaren aldera lerratu zen nabarmen margolaria erantzunean. «Kalkulurik eginez gero, bizitza honetan ez dago ezertxo ere merezi duenik; baina une bakoitza gogoraraziz gero, den-dena bizitzeko arrazoi dela konturatuko zara. Urteak bete ahala, geroz eta gehiago ohartzen zara, nire ustez, mundu honetatik ezer jakin gabe zoazela».

Gaur emango diote azken agurra Donostiako Errekaldeko beilatokian, 10:45ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.